Miriam Luki
Goierri garaian dago Legazpi, Aizkorri-Aratz natur parkearen azpian. Ordubete baino gutxiago behar da handik Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara iristeko. 1900. urtean, 1.266 biztanle zituen, eta, 50 urteren buruan, 4.016. 1983an jo zuen goia, 10.741 bizilagunekin. Egun, 8.453 dira. Legazpiko argazki orokorra osatzen dute datu demografiko horiek, demografia industriaren garapenarekin estu lotuta baitago.
Alabaina, XX. mendera iritsi baino lehen, badago Legazpiri eta burdinari buruz zer kontatua. Aizkorriko burdina horren gertu egonda, XI. mendean haizeolak martxan ziren jada. XIII. mendean, uraren energia gailendu zitzaion haizearenari, eta olak erreka ertzetara jaitsi zituzten. XV. mendean, Legazpin 30 bat burdinola zeuden martxan. Egun, Mirandaolakoa martxan ikusteko aukera dago, olagizon eta guzti.
Maiatzaren 3aren bueltan ospatzen dira Legazpiko jai nagusiak, Gurutzearen egunaren jiran. Eguna ez da ausazkoa. 1580ko maiatzaren 3an, igandez, Mirandaolako burdinolan jazotako ustezko mirari batek jai egutegian ere arrastoa utzi baitu. Igandez lanean ari ziren olagizonek egunari ez zioten etekin handirik atera, txinpartetatik gurutze formako burdin zati bat baino ez omen zuten atera; miraria izan edo ez, hala izendatuta geratu da historiaren lerroetan.
Mirandaolako burdinola Patrizio Etxeberria legazpiarrak zaharberritu zuen, XX. mendean. Etxeberria da egungo Legazpi azaltzeko beste mugarrietako bat; burdinarekin lotuta hura ere. 1908an ireki zuen lehenengo siderurgia tailerra. 1970eko hamarraldian, 3.600 langile ari ziren lanean Patrizio Etxeberriaren lantegian.
Pertsona eztabaidagarria da Etxeberria. Haren eskuetatik pasatu zen Legazpiren XX. mendeko garapena. Iñaki Beldarrain ingeniari bilbotarra 1970eko urteetan lanera Legazpira iritsi zenean, “lantegi batera itsatsitako herria” aurkitu zuela dio. Herria “Etxeberriarena” zen; langileak ekarri, haientzat mila bat etxebizitza eraiki, ekonomatua martxan jarri eta urtegia ere eraiki zuen, besteak beste.
Nekazaritza hauspotu nahi
Industria dibertsifikatu egin da azken hamarkadetan. Etxeberriarena zen enpresa zatitu, eta multinazional atzerritarren eskuetan daude egun. Iraganean elkarrekin bizi ziren olagizonak eta baserritarrak. Egun, baserri asko dagoen arren, gero eta gutxiago bizi dira baserrietan. Koldobike Olabide EAJko Legazpiko alkateak dio nekazaritza hauspotu beharreko sektorea dela. “Naturarekin lotura estua dugu, baso asko dago Legazpin, gehienak ez dira publikoak, baina baserritarrak urrituz doaz, eta lur sailak egoera onean mantentzea da gure erronka”. Urteetan baserritarrek egin izan dute basozaintza. “Baserritarrek zaindu dutelako dago horren bizi gure natura; eskertzekoa da”.
Alkateak azpimarra egin dio nekazaritza suspertzeko proiektuei bultzada emateko ikusten duten beharrari, eta Bertatik Bertara egitasmoa jarri du adibide gisa; tokiko produktuak sustatzen ditu.
Beste erronka bat ere aipatu du alkateak. Are, Legazpik etorkizun hurbilean daukan erronka garrantzitsuena da: “Gipuzkoan adineko jende gehien bizi den udalerria da gurea; 80 urtetik gorakoak dira 8.500 biztanletik 800, eta asko dira 65 urtetik gorakoak. Gazteak Legazpin geratu eta familia bertan osa dezaten nahi dugu”. Hara joateko eta han geratzeko arrazoien artean aipatu ditu alkateak Legazpiko bizi kalitatea ona izatea, zerbitzuz ongi hornituta egotea eta bizitzeko herri lasaia izatea.
Legazpi herri bizia dela ere nabarmendu du Olabidek. Bizitasun horren lekuko da, esate baterako, Legazpiko Musika Banda. Aurten, 150 urte beteko ditu, eta musikari gazte-gaztez osatuta dago. Bizitasunaren lekuko dira Sustraiak eta Korosti dantza taldeak; bi talde, 8.500 bizilaguneko herri batean. Era berean, bizitasunaren isla dira Doinua musika eskolan ikasten duten 350 bat ikasleak. Eta baita Izadi Zaleak mendi taldea eta kirolari lotutako hainbat talde ere; udal aurrekontuen %9,6 hartzen du kirolak. 10,5 milioi euroko udal aurrekontua du Legazpik aurten.
Ingurumenari lotuta ere badago bizitasuna. Legazpin, aitzindariak izan ziren Agenda 21eko foroa martxan jartzen. 2001ean abiatu zuten, eta 25 bat lagunek parte hartzen dute aldi oro egiten dituzten bileretan. Legazpi Klima 2030 plana lantzen ari dira orain.
Turismoak ere badu zeresana. Interesgune bat baino gehiago dago herrian, industriari eta naturari lotutakoak guztiak; Gabon partean, bisitari ugari joaten da Mirandaola ingurura Olentzero Legazpira iristeaz batera. Aipatutakoez gain, aipatu gabekoek ere egunero egiten dute Legazpi.
Leave a Reply