Olatz Mitxelena
Paretei bizia ematea da asmoa, bizikidetzaren mesedetan jarri, kale artearen gaineko eztabaidarako euskarri bihurtu. Xede horrekin, Donostia 2016k artisten esku utzi ditu bost horma. Judas Arrieta da hautatutako bost horma horietako batean esku hartzeko ardura izan duten artistetako bat. Pasaian izan da bera, Trintxerpeko Ziriza etxean. Larunbatean bertan eman zuen egun osoa, Pasaiako eraikinik enblematikoenean bere lana jartzen.
85 skate ohol bata bestearen ondoan zintzilikatuta paisaia bat irudikatu du artista hondarribiarrak, gogoetarako hamaika gonbidapen bilduta. “Paisaia hori zatitan dago, eta gertutik ikusten baldin bada, abstrakzio moduko bat da. Gero eta urrutiago, gero eta argiago osatzen da irudia”. Izan ere, ikuslearen lana da irudia osatzea. “Ikusleak deskodifikatu eta osatu behar du paisaia. Niri hala interesatzen zait: gertutasunean abstrakzioa eta urruntasunean figurazioa”.
Eta ez soilik artistikoki. “Kontzeptualki ere”, erabilgarria izan zaio bi estiloen uztarketa: “Gertutik dena ikusten dugu oso gurea, eta urruntzen garenean, berriz, irudiak batu egiten dira”. Gardentasuna lortzeko distantzia beharrezkoa dela iritzi dio.
Larrun mendia eta Aiako Harria irudikatu ditu Arrietak. “Paisaia utopiko bat da, pantaila moduko bat, ispilua. Berez, Trintxerpe inguru gogor bat da, etxebizitza asko, portua… baina garabi horien atzean Larrun mendia ikusten da, Aiako Harria”. Horregatik, hain zuzen, pantailaren irudia erabili nahi izan du Arrietak, atzean dagoen paisaiaren isla balitz bezala: “Askotan irudikatzen dut jendea murala ikusten, liluratuta, beste mundu batera bidaiatzen bezala”.
Nondik begiratzen den
Paisaiek norbere identitatearen eraikuntzan duten garrantziaz mintzo da Arrieta, eta baita paisaien errepresentazioek artearen hedapenean izan duten eraginaz ere. Baina bestelako gogoeta bat ere plazaratu du: “Aiako Harria ezberdin ikusten da Hondarribitik edo Pasaiatik. Gauza bera ikusten ari gara, baina gure kokapenaren arabera, ezberdina dela ematen du”.
Nondik begiratzen den. Eta ideia hori Trintxerpeko bizilagunekin egindako bileretan entzundakoei buruz gogoeta egiteko baliatu du marrazkilariak. Izan ere, proiektuari ekin aurretik Ziriza etxearen bueltan lanean ari diren herritarrekin batzartu da Arrieta: “Hitz egiten zidaten Ziriza espazioari buruz, kultur etxearen egitasmoaz, nola San Pedrokoek nahi zuten gauza bat, Trintxerpekoek beste gauza bat…”.
“Askotan, gure zilborrari begira bizi gara”; hala uste du Arrietak, soilik gertueneko arazoei erreparatuta. Muralaren bidez mezua plazaratu nahi izan du: “Ohol bakoitzak pertsona bat ordezkatzen du. Mural horretan ohol bat desagertuko balitz, irudiak ez luke osotasun bat izango. Denon beharra dago osotasuna lortzeko. Askotan, proiektuak, ideiak… osotasunean pentsatu behar dira, ez banaka-banaka”.
Skate oholak euskarri
Orain dela urte eta erdi ekin zion Arrietak skate oholekin lan egiteari, baina Hormek Diote proiektuak “bestelako planteamendu bat egiteko aukera” eskaini dio. Pozik dago emaitzarekin, ingurura oso ondo egokitzen den proposamena dela uste duelako.
Skate oholak erabilita jende askok arteari dion beldurra uxatu nahi du: “Skate oholak kirol dendetan eskegita egoten dira koadroak balira bezala, eta jendeak ez du inolako arazorik dendan sartzeko eta gustatzen zaiona aukeratzeko. Koadroekin ez da hori gertatzen. Nik artea poltronatik jaitsi nahiko nuke, edo ikuslea poltronara igo”.
Eta bide hori osatu nahian, inguruari tentuz erreparatu dio. Arrietak erabilitako horma berean beste irudi bat bada, lamia baten irudia, biziberritzearen gaia lantzeko antolatutako Badia Egunaren harira aspaldi sortutakoa. Arrietak gainean esku hartu du, baina aurreko irudia estali gabe: “Pareta horrek historia bat du, eta nik hura errespetatu nahi nuen. Pareta bizi bat da, metamorfosi gaitasuna duen pareta”.
Hasi besterik ez
Hormek Diote proiektuak bide luzea du egiteko. Aurrerantzean gauza asko egingo dira Gipuzkoako bost hormaren inguruan, eta horixe da Arrietarentzat interesgarriena: “Obra inportantea da, baina baita obraren inguruan sortzen diren mugimenduak ere”.
Horma irudietan teknologia berriak txertatuko dituzte, “ikusleek artelanak berrinterpretatzeko aukera izan dezaten”. Horrez gain, margotutako pareten inguruan proiekzioak eta koreografiak egingo dituzte kultur hiriburutzaren urtean. Koreografiez Haatik dantza taldea arduratuko da.
Leave a Reply