Ikerne Zarate
Milaka kilometrok bereizten dituzte, baina, Bekoz Beko elkarteari esker, Pasaiatik hurbilago dago India, mila koloreen herrialdea. Ikuska film laburren lehiaketa antolatzen dute urtero Pasaian, eta Emea eta Anitza atalean emakumeei buruzko film labur bat aukeratu eta saritzen du beti Bekoz Beko elkarteak. 2006an sortu zuten Pasaiako Bekoz Beko elkartea, genero indarkeriaren kontra aritzeko helburuarekin. Tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzeaz gain, Ikuska lehiaketako epaimahaikide lanetan aritzen dira bertako kideak.
Joan den urteko azaroan banatu zuten saria. Duela egun gutxi, baina, opari hori film laburraren protagonista diren emakumeen eskuetara heldu dela jakin dute, eta egiten duten lanak balioa daukala sentitu dutela argitu du Izaskun Barbier Bekoz Beko elkarteko kideak.
Carlos Caro zuzendariaren Sheroes filma da saritu dutena. Emakume heroiak esan nahi du Sheroes hitzak, eta halakoak dira film laburrean azaltzen diren protagonistak: emakumeak eta heroiak. Indiako Agra herrian bizi dira. Horrez gain, badute elkartzen dituen beste arrazoi bat: azidoarekin eraso diete noizbait guztiei, eta bizirik atera dira. “Gure saria ez da gauza handia; 200 euro dira. Eta gure taldeko kide batek margotutako koadroa ere jaso dute. Sheroes film laburraren zuzendariari izugarri gustatu zitzaion Emi Pazos kideak margotutako koadroa. Indiara itzuli behar zutela esan zigun, eta koadroa eta dirua filmaren protagonistei emango zietela”.
Elkarlana eta ausardia
Eta hala egin du. Indiara itzuli da Caro, eta Pazosek egindako koadroa eman die Sonia Chowdary, Ritu Saini, Rupa Saa eta Netu Mahor filmaren protagonistei. Eskura eman die azaroan sariarekin batera jasotako dirua ere. “Euren etxeko lau pareten barruan itxita mantendu nahi dituen tradizioari aurre egin diote protagonistek; matxinatu egin dira. Borroka horretan murgilduta dabiltza egunero”.
Barbierrek nabarmendu du erasoak izanak ez dituela aldendu “independente” izateko bidetik: “Elkartu, eta kafetegi bat zabaldu zuten Agra hirian. Sheroes Hangout du izena, eta dagoeneko beste bi zabaldu dituzte Indiako beste bi herritan”. Agrako kafetegian dago Pazosek egin zuen koadroa, paretan zintzilikatuta. Pasaia eta India elkartzen dituen zubia bihurtu da. Diruarekin, berriz, kafetegirako behar zuten hozkailua erosi dute emakumeek.
Kafetegia da Sheroes Hangout, azidoarekin eraso dieten emakumeen elkargunea, baina elkarlana eta ausardia nabarmentzen diren eremu berezia ere bada, Barbierren esanetan. Independente izan nahi zutelako eraso zieten emakume horiei: “Batek estetizista nahi zuen izan; besteak, moda diseinatzailea… Kafetegian, izan nahi zuten hura izateko baliabideak jarri eta ametsa betetzen ari dira. Izugarria da duten adorea”.
Barbierrek jakinarazi du haietako bati bigarrenez eraso ziotela joan den astean: “Ezagunak zituen hainbat gizonek azidoa irentsarazi zioten, trenean zihoala. Izugarria da. Eraso eginda, ahotsa isilarazi nahi zioten; etxera itzularazi, eta hasitako bidea uztea nahi zuten. Ez dute lortu”.
Emakume horientzat Bekoz Beko elkartearena “ekarpen txikia” dela esan du Barbierrek. “Hondar alea. Baina haientzat lagungarria da, eta guretzat pozgarria da hori”. Bekoz Beko elkarteko kidearen esanetan, hori baino garrantzitsuagoa da babes morala. “Erasoetatik berriz osatu eta aurrera egitea lortu dute emakume horiek, bizi diren gizartearen gaitzespena gaindituta. Izugarria da zein indar duten eta zein aktiboak diren. Une honetan, bete-betean ari dira Stop Acid Attack kanpainarekin [gelditu azidoarekin egindako erasoak]”.
Harremanetan
Etorkizunari itxaropentsu begiratzen dion Indiako emakume bat erakusten du Bekoz Beko elkartearen koadroak. Bertan azaltzen den emakumeak bezala, Chowdar, Saini, Saa eta Mahorrek itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari. “Indian emakumeek duten egoera gertuagotik ezagutzeko aukera izan dugu Caroren film laburraren bidez. Tamalez, ohikoak dira azidoarekin egindako emakumeen kontrako erasoak, eta, filmaren bidez, hori jakiteko aukera izan dugu guk”.
Indiako emakumeek gaur egun duten egoera ezagutzeko balio izan du filmak, baina, Barbierren hitzetan, saria aitzakia izan da Bekoz Beko elkarteko emakumeak eta Agrakoak harremanetan jarri eta elkarren berri izateko. “Harremana mantentzen dugu posta elektronikoaren eta Facebook-aren bidez. Bi herrien arteko nolabaiteko lotura sortu du honek guztiak”.
Leave a Reply