M. A.
Giza Eskubideen Zinemaldiko egitarauaren barruan, erakusketak ere badaude. Cuban Muslims, Tropical Faith da horietako bat. Joan Alvadoren argazkiek Kubako komunitate musulmana dute ardatz; bereziki, sistema sozialista batek gobernatutako herrialde batean komunitate hori nola sortu den eta nola bizi den jaso du. Argazkilariaren helburua ez da erantzun itxi bat ematea, baizik eta gogoetarako giltzarriak eskaintzea: besteak beste, identitatea, fedea eta tradizioak jorratu ditu. Apirilaren 25era arte dago irekita, Fnac-en. Nazioarteko gaiekin lotuta, udal liburutegi nagusian Kolonbia, bake iheskorra erakusketa ikus daiteke, apirilaren 12ra arte. Amnesty Internationalek prestatu du, eta herrialde horretan izandako gatazka lantzen du: gatazkako eragileak, gizarte zibila, giza eskubideen urraketak eta abusuak, zigorgabetasuna…
Aieteko kultur etxean, Giza eskubideen aldeko tira erakusketa zabalik dago, apirilaren 23ra arte. Fernando Buesa fundazioak antolatu du, eta, bineten bitartez, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluak irudikatu ditu. Bineta fisikoak Aieteko kultur etxean daude, baina, horiez gaien, aukera dago gailu elektroniko batekin museo birtualean murgiltzeko, Aiete jauregiko aretoetan eta lorategietan barrena. Aieteko kultur etxean bertan, beste erakusketa bat bisita daiteke atzotik: Emeek emana. Argazkiak eta kontakizunak bildu dituzte Mauro Saraviak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak: 36ko gerrako eta frankismoko testigantzak dira, emakumeen ikuspegitik. Zehazki, Euskal Herrian emakumeek izan zuten rol aktiboa jaso dute. Maiatzaren 7ra arte dago irekita. Gero Gipuzkoan hedatzeko asmoa dute.
Zinemaldiaren informazio bulegoan, Viktoria Eugenia antzokian, 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek egindako margolanak daude ikusgai; San Telmo museoan, hamahiru emakume artistaren lanak, Waste Lands erakusketan, maiatzaren 21era arte.
Leave a Reply