Eider Goenaga Lizaso
Aizkorri-Aratz natur parkean bi parketxe daude, Zegamakoa bat (Anduetza) eta Arantzazukoa bestea. Bertako arduraduna da Amaia Vicente (Lazkao, 1984), eta jo eta su ari da lanean, bai baitaki Aste Santua lan handiko garaia izaten dela, Arantzazura joaten den bisitari kopuruagatik. “Parketxeak bi funtzio ditu. Batetik, informazio gune bat da, eta hona etortzen denari dituen aukeren berri ematen diogu; mendi ibilbideak, kultur eskaintza… Bestetik, Aizkorri-Aratz parke naturalaren beraren interpretazio zentroa ere bagara, eta 500 metro koadroko erakusketa bat daukagu”.
Parketxea 2011n inauguratu zuten, eta Gipuzkoako parketxeetan berriena da. Gandiaga Topagunean dago interpretazio zentroa, eta erakusketa hiru ataletan banatzen dute. “Batetik, natur parke batean gaudenez, babestutako eremuez, paisaia karstikoaz, bertako faunaz… ematen ditugu azalpenak”. Horretarako, besteak beste, Aizkorri-Aratz osatzen duten mendiguneen maketa erraldoi bat dute ikusgai, 28 metro koadrokoa. “Maketa berezia da, ukitzeko egina dago. Testura ezberdinak ditu, eta bakoitzak paisaia ezberdin bat irudikatzen du. Testura lauak larreak irudikatzen ditu, zimurragoak diren zatiak basoak dira, eta zimurrenak, berriz, haitzak”. Maketa ikusgarria dela azaldu du Vicentek, bisitariei asko gustatzen zaiela.
Bigarren atala kulturari buruzkoa da. “Gizakiak, historiaurretik, hainbat jarduera egin ditu lur hauetan. Bi jarduera nagusiak basogintza eta artzaintza izan dira, eta horien eraginez ingurunea bera moldatu da. Hala, horien aztarnak zeintzuk diren interpretatzen laguntzen diegu etortzen diren bisitariei”.
“Azkenik, Arantzazun falta ezin dena espiritualtasuna da”, gaineratu du parketxeko arduradunak. Gizakien Basoa izeneko atalean, gogoetarako eta hausnarketarako gonbidapena egiten zaio bisitariari, eta, horretarako, hainbat esaldi daude idatzita. Bakea, justizia, natura, fedea… “Esaldi batzuk fedearekin lotuta daude; adibidez, ‘Jainkoaren bila dabil. Nire oinarri eta zentzua da, beragan konfiantza, itxaropena eta maitasuna aurki ditzaket, baina hain baldarra naiz’. Eta beste batzuk, ez; adibidez, ‘Lagun bila dabil. Bakardadea ederra da, norbaiti kontatzeko aukera duzunean'”. Bisitak bakarka egin daitezke, eta, horretarako, sarreran ematen den azalpenaz gain, modulu interaktiboak eta bideoak daude. Bisita gidatuak, berriz, erakusketan dauden gaietan gehiago sakontzeko aukera ematen du, eta ordubeteko iraupena du.
Jarduera ugari
Arantzazuko Parketxean ikasle taldeentzako bisitak antolatzen dituzte astean zehar. “Lantzen ari diren gaien arabera moldatzen ditugu bisitaren edukiak: biodibertsitatea, paisaia karstikoa, lanbide zaharrak, ura…”. Horrez gain, eta publiko orokorrarentzat, hilabetean behin mendi ibilaldiak antolatzen dituzte, Arantzazuko Adiskideak taldearekin elkarlanean, eta baita txorien kantuak entzun, narrasti eta anfibioak ezagutu eta saguzarrak ikusteko ibilaldiak ere.
Aurten, Aste Santuari begira egitarau berezia antolatu dute. “Plangintza berezi bat egin dugu. Apirilaren 10ean Arantzazuko aterpetxea inauguratuko dute, eta, hori aitzakia hartuta, hiru jarduera antolatu ditugu, baita doako kontzertu bat ere jarduera horietan parte hartu edo aterpetxean lo egin dutenentzat”.
Leave a Reply