“Korrikako kilometroek aspaldi utzi zioten 1.000 metrokoak izateari”

“Korrikako kilometroek aspaldi utzi zioten 1.000 metrokoak izateari”

E. Goenaga Lizaso

Azken txanpan sartuta eta buru-belarri dabiltza lanean Korrikako arduradunak. Groseko Iztueta kaleko euskaltegitik egiten ditu koordinazio lanak Xabier Artola Korrikaren Gipuzkoako arduradunak (Donostia, 1976), eta euskararen lasterketa abiatu aurreko egunak eta orduak kontatzen ari da. Gipuzkoako ibilbidea auto barruan egiten du Artolak, eta, aurten Iruñean amaitzen denez, azken kilometro horietan hartuko du korrika egitearen gozatua.

Duela bi urte, eta duela lau ere bai, Korrika hasi bezperan elkarrizketa egin genizun orri hauetan. Badago ezer berririk?

Bai, badago. Euskahaldun izan zen 19. Korrikako leloa, nolabait ere euskaldunon ahalduntze hori bultzatu nahi genuelako. Euskaldunak jarri genituen jopuntuan. Aurten, euskaldun izan gabe euskararekiko jarrera ona edo atxikimendua duten horiengana ere irisi nahi dugu. Horregatik da leloa Bat gehi Zuk; gu bagara bat, baina gehiago behar ditugu, eta zuk hori da euskararen alde dagoen eta euskararen alde egin dezakeen guztia; denon artean osatzen dugu BatZuk.

Noiz hasi eta bukatzen da Korrikako arduradunaren lana?

Nazio mailako bi arduradunak eta lurraldeetako arduradunak Korrika hau bukatzen denean hasiko gara hurrengoa prestatzen. Eta eskualdeetako arduradunek Korrikaren urtean egiten dute lan, hiruzpalau hilabetez.

Nola zehazten duzue ibilbidea?

Bi irizpide nagusi ditugu. Batetik, Korrikak pasatu behar duela AEK-k euskaltegia duen herri guztietatik; bestetik, saiatu behar dugula hiriburuetatik asteburuan pasatu dadin. Baina beti ezin da bete. Aurten Donostiatik ez da asteburuan igaroko, astearte arratsaldez baizik. Baina nik uste dut ez dela ordu txarra jendea biltzeko; jende gehienak lana amaitua du 19:30ean, eta 22:30 ere ez da berandu. Toki askotan goizaldera iristen da Korrika, eta, ordu txikiak izan arren, herri guztia egoten da zain, ume zein heldu, errepide bazterrean. Zergatik ez Donostian?

Argi dago gero eta jende gehiago batzen zaiola Korrikari. Zeri zor zaio hori?

Aurrekoaren balorazioa egiten dugunean betiko esaldia da “inoizko arrakastatsuena” izan dela, baina ez da lelo bat edo etiketa bat: hala sentitzen dugu, eta hala ikusten dugu; gero eta jende gehiago kalean, gero eta eragile gehiago lekukoa hartzeko prest, gero eta boluntario gehiago batzordeetan; alderdi politiko guztiak Korrikara lotzea ere lortu dugu, erakundeak… Eta zeri zor zaion? Agian izango da, aldarrikapena izanda ere, festa kutsu ikaragarria duelako. Jendeak bizipozez bizi du: egundoko momentua izaten da Korrika herritik igarotzen den une hori.

Lekukoa hartu nahi duten eragile gehiago aipatu dituzu. Beti egiten zaie tokia?

Noski. Beti izaten ditugu eskaera gehiago, eta nola edo hala egiten diegu tokia. Korrikako kilometroek aspaldi utzi zioten 1.000 metrokoak izateari; egongo da kilometro osoren bat, baina gutxi.

Korrika AEKren finantzaketa iturri garrantzitsuenetakoa da, baina zein dira egun AEKren erronkak? Gipuzkoan, adibidez, adin batetik beherako gazte gehienek ikasi dute D ereduan… Lanik gabe geratuko zarete?

Nahiago genuke, AEK bere burua desagerrarazteko nahiarekin sortutako erakunde bat baita, baina tamalez oraindik lan asko dago egiteko. Belaunaldi horiek euskaldunduta datoz, baina ez erabat. Iaz ikastola batean izan nintzen, Donostian, 15-16 urteko gazteak EGArako prestatzen, eta harrituta gelditu nintzen haien euskara mailarekin, batez ere ahozkoan: esaldi guztietan gaztelera sartzen dute, askok arazoak dituzte esaldi bat euskaraz amaitzeko, ohitura komunikatiboak gazteleraz dira… Eskaintza egokitu behar da, eta euskalduna den horri beste era bateko eskaintza egin. Bestetik, ez dugu ahaztu behar gurean gero eta etorkin gehiago ari garela jasotzen, eta horiengana iristen ere saiatu behar dugula.

AEK, baina, ez da euskara ikasteko toki bat bakarrik.

Ez, zorionez ez da. Euskaltegietakoa ez da, agian, 1980 eta 1990eko hamarkadetako giro bera; ikasle tipologia aldatu da, eskola ordu gutxiago nahi dute, asko datoz titulu bat ateratzera… Baina oraindik ere bada jendea euskaltegira euskaraz harremanak izateko lagun bila datorrena, giro euskaldun baten bila datorrena. Hainbat tokitan AEK da jendeak euskal giroa topatzeko duen modu bakarra, eta hori guretzat oso garrantzitsua da.

Ikasleek ordu gutxiago nahi dituztela esan duzu.

Bai, lehen, euskalduntzera zetorrenak ulertzen zuen egunean bi orduz etorri behar zuela, baina, orain, euskaltegian hogeitik gora talde ditugu, eta egunero bi orduz etortzen direnak bi bakarrik dira. Eta horrek asko zailtzen du euskalduntze prozesua. Jende batek esaten dizu “jo, hamar urte daramatzat euskara ikasten”, baina astean bi ordu ematen badituzu, eta hortik kanpo euskara usaindu ere ez baduzu egiten, ezin da miraririk eskatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.