[Museoa] Zerain Paisaia Kulturala. Burdina, egurra eta ziega bat

[Museoa] Zerain Paisaia Kulturala. Burdina, egurra eta ziega bat

Eider Goenaga Lizaso

Zerain Paisaia Kulturala ez da museo bat, baina bada museo bat bertan; ez da interpretazio zentro bat, baina adieraztegia dute Zeraingo burdin ekoizpenaren inguruan; ez da mendi ibilbide bat, baina bertan dago Burdinaren Mendia… “Herri osoak osatzen du Zerain Paisaia Kulturala, eta bisitatzea merezi duten tokiak daude bertan bilduta: zerrategia, adieraztegia, museoa, artzaintza, baserriak…”, azaldu du Miren Makatzaga Zerain Paisaia Kulturaleko arduradunak (Zerain, 1977). Azaldu du Zerainek ikusteko eta gozatzeko gauza eta toki asko dituela baina bereziki lau gune nabarmentzen direla.

Gune horietako bakoitzak bere kabuz badu garrantzia eta balioa, baina 1999an sortu zuen Zeraingo Udalak hori guztia kudeatuko zuen Aldabe enpresa, eta, ordutik, gune guztiak multzo gisa hartu eta kudeatzen dira, nahiz eta toki bakoitza bakarka bisitatzen den.

Lau guneetan lehena Herri Museoa da. “Museo etnografikoa da, eta garai bateko apaizetxeko ganbaran dago. Baserrietan erabili izan diren tresnak daude, eta gauza guztiak herriko jendeak lagatakoak dira”. Diaporama baten bidez, museoaren sorrera azaltzen zaio bisitariari, eta ondoren igotzen da ganbarara han bildutako piezak ikustera. “Herriko bizimodua azaltzea da helburua, eta denetik dago. Herriko kartzelako zepoa, jatorrizkoa, museoan dago; nekazaritzako tresna pila bat daude; etxeko tresnak ere bai… Eta, nekazaritzaz gain, Zerainen egon diren beste lanbideei lotutako tresnak ere baditugu: ikazkintza, meatzaritza, zerrategia, harrobia… Beraz, erakusketan gauza asko dago ikusteko”.

Bigarren gunea Burdinaren Mendia da, eta hiru atalek osatzen dute: Aizpitta Adieraztegia, labeak eta galeriak. “Adieraztegian, ikus-entzunezkoen eta panelen bidez, meategietan lan egiteko modua agertzen da, nola ateratzen zuten minerala menditik, nola ekartzen zuten labeetara, kiskalitakoa nola garraiatzen zuten Ormaiztegira eta handik Pasaiara… Prozesu osoa azaltzen da bertan, baita kiskalita gelditutako basoa nola leheneratu zen ere”. Handik labeetara eramaten dituzte bisitariak, labeetan nola lan egiten zuten ikustera, eta, hortik, meategiko galeria bisitatzera. “Galeria mordo bat zeuden hemen inguruan, baina labeen inguruan galeria bat egokituta dago bisitak egiteko”.

Kartzela

1711. urteko kartzela bat nolakoa zen ere ikus dezake Zerainera joaten denak. Ziega hori iragaitzazko kartzela modura erabiltzen zen, Zerainen garrantzi handiko bi galtzada elkartzen zirelako XVIII. mendean. Horrez gain, Zeraingo burdin meategietara lan egitera zigortzen zituzten presoek gaua han egiten zuten. “Garai hartako udalen betebeharra zen kartzela bat edukitzea, eta Zeraingoan ikusten da nola zeukaten pareta egurrez estalita eta nola edukitzen zituzten presoak zepoari lotuta eta eskuburdinekin”.

Larrondoko zerrategi hidraulikoak osatzen du laukoa. “Uraren indarrarekin funtzionatzen duen zerrategi bat da; bisitetan martxan jartzen dugu, eta argindarra nola sortzen den ikusten da”.

Zerrategia, gainerako guneak bezala, bakarka bisita daiteke, baina baita Burdinaren Mendiarekin batera bisita gidatua egin ere. Horrez gain, taldeek duten “interes eta denboraren arabera”, era bateko edo besteko bisitak antolatzen dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.