Unai Zubeldia
Beste hasiera bat izango da. Seigarren urtea izanda ere, biziberritzeko premia nabaritu du Revolution JamRock Donostiako festibalak, eta egun bakarreko ekimenetik hiru eguneko reggae eta hip hop musikaren gozamenera igaroko da. Ostegunean hasiko dira girotzen Donostian, Tabakaleran, JamRock Kulturalarekin; jarduera egunarekin, alegia. Hitzaldiak, dokumentalak eta kontzertu akustikoak izango dira apirilaren 20an Kutxa Kultur Plazan —ez da sarrerarik ordaindu beharko—.
Hurrengo bi egunetan, berriz, Donostiako Egia auzoan bertan, Gazteszenara jauzia egin, eta hamazazpi ordu luze hartuko ditu reggae eta hip hop musikak. “Konpromiso handiagoa nahi genuen, antolakuntza hobea”. Hala adierazi zuen Unai Martinezek, Revolutionary Brothers taldeko kideak, aurkezpenean —eurak dira antolatzaileak—. Hamar euroan salgai daude ostiralerako sarrerak, hogei euroko prezioa dauka larunbateko sarrerak, eta 25 euroan eros daiteke bi egunetarako sarrera. Hiru aukeretako edozeinekin, Revolutionary Bro-thers Donostiako taldearen abesti onenen CD bilduma bat jasoko dute erosleek.
Orain arte zegoen hutsuneari aurre egin nahian egin dute hain apustu serioa. Hamabost urteko ibilbidea dauka Revolutionary Brothers taldeak. “Garai berri baten hasiera izango da, gure garapenaren ondorioa”. Konpromisoari helduta, hurrengo urteetan pausoak ematen jarraitzeko eta erreferente bihurtzeko erronka daukate. Revolutionary Brothers taldeak ostegunean bertan hartuko du hitza, Tabakaleran, azken hamabost urteetako ibilia azalduz. Ganjazz Art Club kanabis elkarteak emango du bigarren hitzaldia. “Harreman estua daukate musikarekin, eta hamabost urte daramatzate lanean, erakundeekin elkarlanean, tailer terapeutikoak antolatuz, erabilpen arduratsua sustatuz… Lan handia egiten dute kanabisaren normalizazioaren alde”, zehaztu dute antolatzaileek.
Gazteenentzat aukera
Beroketa lana besterik ez da izango ostegunekoa, asteburua gerturatu ahala hasiko delako berotzen giroa. 22:00etan hasiko dira kontzertuak ostiralean eta larunbatean, eta gazteenei ere eskainiko diete aukera bertan. “Iaz Donostiako Aste Nagusian antolatu genuen All Stars Showcase ekimenari jarraipena emango diogu, eta bertako gazteek euren gaitasuna erakutsi ahal izango dute mikrofonoaren aurrean, euskaraz eta gaztelaniaz”. Martinezen hitzetan, “oso aukera ona” da gazteentzat. Sei taldek parte hartuko dute gazteenen artean: Ras Lujah, Gustab, Bojaman, Beñaranks, Sista Eider, Peca eta Samuk; azken bi horiek Kulto Kultibo taldeko kideak dira.
Nahikoa ez dutenentzat, larunbatean iritsiko da leherketa. Egun batetik hirurako jauzia bere horretan nahikoa apustu serioa izan da, baina antolatzaileek kontzertu handi batekin biribildu nahi izan dute jaialdia. Erronka horri helduta, Protoje artista jamaikarra izango da izar nagusia. “Reggae revival korronte berri honetan, Jamaikan Marley familia dago arrakastaren gailurrean, eta ondoren ageri da Protoje”. Talde guztia ondoan duela etorriko da, gainera, Donostiara; hamabost lagun guztira.
Dub Files Italiako proiektu “ikusgarria”; Sista Awa Italia eta Senegal uztartzen dituen abeslaria; Lion Ant eta Navoo Dread Herrialde Katalanetako DJak; Sustrajah Ban Lekeitioko taldea; King Konsul Eibarkoa… Hiru egunez, hamazazpi orduko kontzertu erraldoia izango dute reggae eta hip hop musika maite dutenek.
Leave a Reply