“Lezoarrok gure herria ezagutu behar dugu, zein egoeratan gauden jakiteko”

U. Etxebeste

Bake epaile izandakoa, Lezoko ikastolaren sortzaileetarikoa, irakaslea… Agustina Pontesta Garmendiak (Lezo, 1950) ongi daki Lezo gaur egun zer den, eta nolakoa izan zen. Erretiroa hartuta dago jada, baina herriari ekarpena egiten ari da, besteak beste, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldearen bidez, uste baitu herriaren iragana ulertu, zaindu eta zabaldu beharrekoa dela. Garai bateko Lezoren eta egungoaren artean dagoen aldean sakondu nahi izan du, herri mugimenduak bultzada behar duela uste baitu, eta bai baitaki belaunaldi gazteen partaidetza ezinbestekoa dela herriak bizi egon nahi badu.

Nola dago gaur egungo Lezo?

Herria oso desberdina da gure gazte garaitik hona. Baina normala da belaunaldien arteko aldea egotea. Komunitate zentzuan bizi ginen lehen, elkarbizitza zegoen, harreman handia zegoen herritarren artean: oso ohikoa da orduko jendeak “familia baten gisakoak ginen” esatea. Egun, norberekoitasunera jo dugu, eta elkarbizitza hura desagertu egin da, zoritxarrez.

Hainbestekoa al da lezoarren arteko alde hori?

Egin kontu. 1936ko gerra bizi izan zutenen seme-alabak gara gu. Izugarrizko lana zegoen egiteko beldurragatik zegoen isiltasuna hautsi eta herri gisa bizi nahi bagenuen. Arlo guztiak jorratu behar ziren: hezkuntza, justizia, lan mundua, kultura, folklorea… Gaur hain modan dagoen ahalduntzea bizi izan genuen gaztaroan, nolabait esateko. Norberak geure buruaren jabe egin behar genuen lehenik; hau da, euskal herritar kontzientziaz jabetu behar genuen, guztion artean osatzen dugun herri honek burujabetza errazago lor zezan. Horretarako, euren jakinduria transmititzen saiatzen ziren herritarrak. Hortaz, lezoarrok gure herria ezagutu behar dugu, nolako egoeran gauden jakiteko, eta gero aldatu ahal izateko. Elkarlanaren bidetik iritsi beharra dauka aldaketa horrek.

Baina Lezo ez da geldirik dagoen herri bat, inola ere.

Ekitaldi eta ekintza asko egiten da gaur egun; hainbat arlotan, gainera, nahiz eta herritik kanpora hedabideetan oihartzunik izan ez. Aipagarria da Lezon egin ditugun azken bizpahiru ekitaldi garrantzitsuetan jendeak eta bereziki gazteek izan duten partaidetza; bai batailoien errekuperazio lanetan antolatutako auzolanean, eta baita Demoarsok antolatutako giza kate eta galdeketa egunean bertan ere. Dena ez dago galduta.

Baikor al zaude herriaren etorkizunarekin?

Bai, bai. Iruditzen zait gazteak prestatuago heldu direla aldaketarako; beraz, ohartuko ahal dira egoeraz! Hortik aurrera izango den aldaketan eta herritarren kontzientziazioan dauka oinarria nire baikortasunak. Bestela, gureak egin du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.