Urko Etxebeste
Oiartzualdea eskualdeko herririk txikiena da Lezo, 6.000 biztanle ingururekin. Gipuzkoako beste eskualde batzuetan dezenteko herria izango litzateke, baina, Oiartzualdeak 1960tik 1980ra izan zuen industria garapenaren ondorioz, biztanle kopuruan Lezok izan zuen hazkunde txikiena, nahiz eta bi hamarkada horietan ere nabarmen hazi. 8,6 kilometro koadro ditu, herrigunea, auzoak eta landa eremua kontuan hartuta. Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia herriak ditu mugan, eta Gipuzkoako hiriburutik zazpi kilometro eskasera dago. Ondo-ondoan du itsasoa, baina Pasaiako portuak bertako badiarako bidea ixten dio; itsasoari bizkarrez dago.
Industrializazioaren eta Pasaiako portuaren hedapenaren aurretik, nekazaritza eta arrantza ziren lezoarren jarduera ekonomiko nagusiak. Arrantza desagertuta, nekazaritza ere pisua galduz joan da azken hamarkadetan, eta industriari eman dio bide; nekazaritzak indarra galdu arren, azken urteotan hainbat herri proiektu abian jarri dituzte sektore hori indartzeko. Lezoar gehienek industria sektorean lan egiten dute egun, eta hainbat industrialde daude herrian.
Azpiegitura aldetik herri osoa da Lezo: kultura, hezkuntza, aisia eta kirol instalazio egokiak ditu. Bi jai ditu herriak, gainera: Mendekoste jaiak batetik —urtearen arabera maiatzean edo ekainean izaten dira—, eta Santa Krutz jaiak bestetik, irailean.
Historia liburuek diote 1203tik Hondarribiari atxikitako herria zela Lezo. 1615ean, Irunekin eta Pasai Donibanerekin batera bi banatze saiakera egin zituzten, baina ez zuten lortu. XIX. mendeko lehen herenean lortu zuen herri independente izatea, Unibertsitate izaerarekin: “Guztion probetxurako ziren ondasunei loturiko leinu edota auzoen multzoa”. Hala adierazten du Unibertsitate izendapenak.
Aurrera begira
Jesus Mari Martiarena da Lezoko alkatea. Haren ustez, Oiartzualdeko herri txikiena izatea ez da arazoa. Alderantziz: alkatearen esanetan, eskualdeari eta herrialdeari asko eskain diezaioke Lezok, natur eta kultur ondareari dagokionez, batez ere. Martiarenak beharrezko ikusten du inguruko herriekin harremanak sakontzea. “Egungo joerek erakusten digute elkarren beharra dugula. Indarrak batuta aukera gehiago izango dugu aurrera egiteko, tokikotasuna, izaera eta nortasuna galdu gabe”.
Alkatearen hitzetan, “hobetutako gauzak eta hobetu beharrekoak” dauzka herriak, eta, horri erantzuteko, argi du Lezoren etorkizunaren oinarriak landu egin behar direla. “Lan horretan ari gara”. Aurrera begirako horretan, “pertsonak, herritarrak” jarri ditu erdigunean udalaren ordezkariak. “Edozein erabakik edo egitasmok herritarren beharrei eta nahiei erantzun behar dielako”.
Lezoren hurbileneko beharren zerrenda egin du Martiarenak: herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea; haurren ongizatea bermatzea; aisiarako aukera berriak eskaintzea… “Eta, bereziki, herritarren beharrei eta ohiturei egokitutako hondakinen bilketa sistema bat ezartzea, ekonomikoki jasangarriagoa izango dena”.
Izan ere, urte hasieran Altamira auzoan bost edukiontzien sistema ezarri zuen EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernu taldeak, eta sistema berri hori herri osora zabaltzeko asmoa dute ekain aldean. Hainbat herritar horren aurka daude; tartean, Lezon Ondo Ai Gea taldea. Sistema horren kontra egon arren, herrian hondakinen bilketa hobetze aldera hainbat proposamen egin dizkio talde horrek alkatetzari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Azken urteotan herrian gatazka iturri izan da hondakinak kudeatzeko eredua.
Alkatearen ustez, “izateko era berezia” du Lezok; “izaera propioa, nortasuna”. Hori “balio erantsia” da haren arabera. “Txikitasunetik handi bihurtzen du gure herria”. Kaleko giro bizia nabarmendu du Martiarenak, eta aitortu du herriko taldeek eta eragileek egiten duten lanari esker dagoela aldarte hori herriko kaleetan. “Lezoko kaleak eta jaiak ez lirateke berdinak izango haiek gabe, eta guk, udaletik, hori guztia babestu eta sustatu beharra daukagu, ezinbestean”.
Herriak dauzkan abantailak hizketagai hartuta, “gertutasuna, zerbitzuen eskaintza, lotura onak eta kultur eta natura ondarea” azpimarratu ditu Martiarenak.
Leave a Reply