Zaldibiako hamasei bizilagun joan ziren 1399ko apirilaren 8an Ordiziara, beren herria hiribilduaren menpe eta babespean utziko zuen agiria sinatzeko ekitaldira. Ordiziako Andre Mari elizan izan zen batzarra, eta, Zaldibia bezala, inguruko beste zazpi herri geratu ziren 131 urte lehenago sortutako errege hiri gotortuaren auzo edo kolazio moduan.
Bi premiak eragin zuten administrazio haren menpe sartzea. Ahaide nagusien borrokek kalte handiak eragiten zituzten herrixketan, eta babesik gabe sentitzen ziren. Lazkaoko jauna zen Zaldibiaren jabe, errealitatean; agintea hark kontrolatzen zuen, errenta eskubideak zituen, eta elizan lehentasunezko lekua. Gainera, zaldibiarrak armetara eraman zitzakeen, ahaideen arteko borroketan edo Gaztelako erregearen mendeko gisa, bere interesen alde erabiltzeko. 1480ra arte, jauntxoen esku zegoen hiri ez zen dena.
Bestetik, Nafarroako erresumatik erauzi ondoren, Gaztelaren eta Nafarroaren mugan geratu zen Zaldibia. Ausa gaztelua zen lekuko, orain Gaztelu deitzen den mendian (901 m).
Alde batekoen eta bestekoen oldarraldien lehen lerroan zegoen. 1321ean eten ziren erabat gipuzkoarren harremanak Nafarroarekin, erresumaren defentsa beharraren deiari uko egin —Gaztelako tropak Gasteiz aldean ziren— eta arerioarekin lerrokatu zirenean. Beotibarko gudu odoltsuan amaitu zen senideen arteko gatazka.
Zaldibia herri izena 1399ko atxikitze agirian agertu zen lehenengo aldiz, baina 400 bat urte lehenago gorpuztuta zegoen bizileku gisa. 1027an, Iruñeko Erresumari zegokion. 1134 eta 1150 arteko agiri batean, Santa Fe de Champayn eliza aipatzen da. Bi gune zeuden XII. mendean Zaldibian, baseliza banaren inguruan antolatuak: Kanpaingo Santa Fe —egungo herrigunean—, eta Nafarroarekin nabarmen lotutako San Saturnino —Saturdi deitua—.
Baturako urte erdiak teman
Ordiziaren agintepean egon zen 216 urteetan (1399-1615), Zaldibiak ordezkaritza bakarra zinpeko bat zuen, auzo alkate modukoa. Herritarrek eliz atarian batzar irekian aukeratzen zuten, baina ez zuen ez aginte makilarik, ez aginpide zibilik eta kriminalik.
Zigor eskumena eta agintea Ordiziako alkatearenak ziren Zaldibiarako ere. Menpeko herrietako ordezkariak urtean behin joaten ziren Ordiziara, irailaren 29an. Hiriko —eta, horrenbestez, barruti guztiko— alkatea eta agintariak aukeratzen zituzten. Zaldibiak bi boto-emaile zituen —Ataunek eta Beasainek bina; Legorreta, Gaintza, Itsasondo eta Arama-Altzagak bana—.
Babesaren ordainetan, zaldibiarrek hiribilduko zergak ordaindu behar izaten zituzten. Luze gabe sortu zen eztabaida. 1500ean —ordurako jauntxoen mehatxua ahuldua zen—, zaldibiarrek su kopuruaren arabera segitu nahi zuten zergak ordaintzen, baina Ordiziak bizilagun bakoitzaren aberastasunen arabera eskatu zien dirua. Paradoxikoki, badirudi hiribilduaren menpeko herrietakoak aberatsagoak zirela, oro har, Ordiziakoak bertakoak baino. Auziak hogei urte iraun zuen, eta Ordiziaren eskakizunen aldeko epaia atera zen, 1527an. Baina zauria irekita zegoen.
Ika-miketan jarraitu zuten auzitegietan, eta garai bateko batasun hura gero eta garratzago bihurtu zen. Epai batzuk herrixken aldeko ere eman zituzten. 1540an, adibidez, otsoek eta hartzek akabatutako ganaduari prezioa jartzea kolazioen eskubidea zela ebatzi zen, ez hiribilduarena.
Azkenean, Gaztelako errege Filipe III.ak 1615eko otsailaren hasieran onartu zuen Ordiziaren, Seguraren eta Tolosaren menpeko herriei jare egitea, eta hilaren 13an saldu zion Zaldibiari hiri gutuna. Herriko 143 etxek edo auzotarrek 39.325 erreal (oraingo 59 euro) ordaindu zioten errege ogasunari, herriari “hiri noble eta leial” tituluak emateagatik.
Armarrian esapide okerra
Udalerria berriz mugarritu —inoiz ez zuen galdu lurren gaineko eskumena—, udala eratu eta alkatea izendatu zuten orduan. “Askatasunaren eguzkiak, oraindik negu usainean, 1615eko otsailean ekarri zuen lehen udaberria. Herri bereizia sortutakoan, orduko ohituran, armarria ere asmatu zuten: bi zaldi, bata bestearen gainean, Zaldiz ta oñez esapidearekin eta errege koroarekin burutua”, idatzi zuen Joxe Mari Sukiak 1975eko Monografía histórica de Zaldibia liburuan.
Antza denez, garai hartako biztanleek Zaldibiaren sorburuko izaera ahaztuxea zeukaten ordurako. Zaldibia izenaren etimologia ez baitator zaldi eta bi zenbatzailearen baturatik, zaldi bide edo ibi-tik baizik.
Izan ere, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko berezko komunikazio bideetako bat zen Zaldibia eta bailara. Garraiolarien pasabidea zen, baita Donejakue bideko erromesena ere.
“Zaldibia-k ferratutako abereen bidea, zaldien bidea esan nahi du. Aralar aldera, bide horren jarraipena den mandubio-k kargarako piztien bidea —mandabidea— esan nahi duen bezala”, zuzendu zuen 1927an Jose Adriano Lizarralde fraide zaldibiarrak.
Udalerri gisa, hamabost forurekin parte hartu zuen Zaldibiak 1615ean Elgoibarko Batzarretan. Juan Urtesabel eta Juan Garcia Estensoro ziren ordezkariak. Batzarretarako eta administrazioa kokatzeko, udaletxea eraiki zuten. Kanpandegi etxe ondoan zubia 1692an eraiki zuten, gero ere Nafarroarako joerak eta Aralarko artzainen ibilerek iraun baitzuten.
Leave a Reply