Iñaki Erauskin Sasieta mankomunitateko zerbitzuburua da. Ez daude ataka errazean, ez baita erraza 2015eko aurrekontuetan ageri den 1,6 milioi eurotik gorako “desfaseari” aurre egitea. Zulo hori mankomunitatearen geldikinarekin —aurrezkiekin— eta udalek egin beharko duten ekarpen gehigarriarekin konponduko dute. Beste kontu bat da herri bakoitzak ekarpenean izango duen aldaketa. “Horrek ez du zerikusirik zabortegia ixteak eragindako zuloarekin”. Orain dela hogei urte egindako ekarpen banaketa egokitu dute herri bakoitzak dituen kostuetara.
Sasietako 2016ko aurrekontuetan aldaketa handia izan da udal bakoitzak egin beharreko ekarpenean. Mankomunitatearen zorra ordaintzeko al da hori?
Ez, bi gauza ezberdin nahasten dira hor. Batetik, 2015eko aurrekontuan egon den desfasea daukagu, non Sasietako zabortegia urrian berriro irekitzea aurreikusten zen eta horrek diru sarrera bat ekarriko lukeen, 1,7 milioi euro ingurukoa. Zabortegia ez da ireki, eta, beraz, udalek 2015ean aurreikusitako ekarpena handitu egin beharko dute, zulo hori estaltzeko.
Bestetik, udalen ekarpenak egokitu ditugu 2016rako. Udal bakoitzak hondakinak jaso eta tratatzeko garaian dituen gastuak eta sarrerak kalkulatu ditugu, eta aurrerantzean horren arabera ordainduko du udal bakoitzak. Udal ekarpena herri bakoitzaren kostura egokitu besterik ez da egin; ez du zerikusirik zorrarekin.
Eta zergatik egin da aldaketa hori orain?
Mankomunitateak urteak daramatza udalei egokitzapena egin behar zela esaten. Baina, azken lau urteetan hondakinen bilketan aldaketa asko egin dira, herri bakoitzak bere sistema ezarri du, —izan atez atekoa, izan bosgarren edukiontzia…— eta esaten ziguten itxaroteko sistema berriak ezarri eta horien emaitzak ezagutu arte. Orain, printzipioz, aldaketak eginda daude, eta badakigu herri bakoitzean hondakinak bildu eta tratatzeak zein kostu duen, eta herri bakoitzak birziklatzen duen paper, ontzi eta kartoiarengatik zenbat diru jasotzen duen. Kalkulua egin dugu, eta ekarpenak finkatu. Bakoitzak gastatzen duena ordainduko du aurrerantzean. Alegia, denek denena ordaintzen zuten, eta orain bakoitzak berea.
Sistema justuagoa dirudi.
Bai, noski. Orain arteko sistema zaharkitua zegoen. Orain dela hogei urte egin ziren batez besteko batzuk, eta horren arabera ordaindu dute udalek. Biztanleen eta herri bakoitzean zeuden enpresa eta industriaren arabera egin zen banaketa, baina garai hartan bilketa bera zen herri guztietan, edukiontziekin egiten zen, eta birziklatze tasak oso txikiak ziren, %20-25ekoak. Egoera asko aldatu da, batez ere azken urteetan, eta egokitzapena behar zen. Sistema horrekin herri batzuk ordaintzen ari ziren beraiek erabiltzen ez zituzten zerbitzuak. Gabiriak, adibidez, herrian bertan egiten du organikoaren tratamendua, baina bere ekarpenarekin organikoaren tratamendua ere ordaintzen zuen. Ez zen justua.
Orain, herri batzuen ekarpena izugarri haziko da. Beasainen, esaterako, %60tik gora.
Bai, hala da. Ekarpenak egiteko kalkulu oso konplexuak egin ditugu, baina, azkenean, herri bakoitzeko hondakinen bilketak eta tratamenduak duten kostu erreala daukagu, eta bakoitzak berea ordainduko du. Batzuek lehen baino gehiago ordainduko dute, eta beste batzuek, gutxiago.
Aurrerantzean herri bakoitzaren esku dago ekarpen hori jaistea. Bi aukera daude horretarako: batetik, hondakinak jaso eta tratatzearen kostuak jaistea, bilketa sisteman egokitzapenak eginez; eta, bestetik, gehiago birziklatzeko ahalegina egitea. Izan ere, gero eta errefusa gutxiago sortu, merketu egiten dira tratamendu kostuak; eta, aldi berean, errefusara joaten ez diren paper, kartoi eta ontziak birziklatzeagatik dirua jasotzen du udalak.
Ekarpen horietan zorrak nolako pisua du?
Kontua da 2016ko aurrekontuan bi kontuak nahastu direla. Baina zabortegia ixtearen 1,6 milioi pasatxoko kopuru hori 2015a bukatzerako konponduko dugu, aurtengo aurrekontuari dagokion zuloa delako. Bi modutan ordainduko da. Batetik, udalek 665.000 euro ordaindu beharko dute, eta bakoitzak bere batez bestekoaren araberako ekarpen gehigarria egin beharko du. Bestetik, mankomunitateak milioi bat euroko geldikina baliatuko du gainerakoa ordaintzeko. Horrekin urtea hutsean bukatuko dugu, eta ez du eraginik izango aurrera begira.
Kontua da zabortegiak diru kopuru handia ematen ziola mankomunitateari, eta, ondorioz, udalek diru gutxiago ordaindu behar zutela. Noski, dirua ez jasotzeak eragina du aurrekontuan. Baina hori lehenago edo geroago iritsiko zen. Izan ere, zabortegia berriro irekita ere, ia beteta dago, eta urtebeteren edo bi urteren ostean berriro itxi beharko zen; beraz, diru sarrera hori amaitu egingo zen, ezinbestean. Orain, bi kontuak batera etorri dira, eta nahasten ari dira, batak bestearekin zerikusirik ez duen arren.
Ekarpenaren igoerak badu zerikusirik atez ateko bilketarekin?
Ez; igoera duten herri batzuetan atez atekoa dago, eta beste batzuetan bosgarren edukiontzia, eta bakoitzak bere modura egiten du bilketa, gainera. Ez dago hiruko erregela egiterik ekarpenaren igoeraren eta bilketa sistemaren artean.
Leave a Reply