Beasaingo alkate da Aitor Aldasoro jeltzalea (Beasain, 1967) joan den ekainaz geroztik. Sasieta mankomunitatean Beasain ordezkatu zuen aurreko agintaldian, eta lehendakaria da orain. “Kezkatuta” dago mankomunitateak duen 1,65 milioi euroko zorrarekin, eta EH Bilduren kudeaketa txarrari egotzi dio horren erantzukizuna. Sasietako zabortegia irekitzeko lan batzuk egin behar zirela eta lan horiek egin gabe EH Bilduk utzi dituela dio.
Sasieta mankomunitateak 1,6 milioi euroko zuloa du. EH Bilduk dio EAJk eta PSE-EEk hautsi duzuela Sasieta eta GHKren arteko hitzarmena, eta horren ondorio dela zorra. Zuk EH Bilduri egozten diozu ardura…
Orain agertu den zuloa 90 minutuko partida baten azkeneko segundoa baino ez da. Partidaren hasiera 2011ko maiatzaren 5ean kokatuko nuke, Eusko Jaurlaritzak Sasietako zabortegiari buruzko Ingurumen Baimen Bateratua bidali zuenean. Baldintza batzuk jarri zizkion zabortegiari, irekita jarraitzeko.
Hala, 2014ko abendura iritsi ginen, eta orduan Azeari Andonegi (EH Bildu) mankomunitateko lehendakariak esan zigun zabortegia behin-behinean itxi behar zela, auditoria bat zetorrelako. Baina zer egin zuten denbora horretan guztian? Guk dakigula, ezer ez; 2011ko egoera berean gaude.
Zeintzuk ziren baldintzak?
Kontua da Sasietako zabortegia edalontzi forma duen zulo bat dela, eta %90ean beteta dagoela. Irekita jarraitzeko, inpermeabilizatu egin behar da, baina aurretik zaborretatik sortutako lohiak estabilizatu behar dira. Guri teknikoek esaten digute 8-10 hilabete eta 1,7 milioi euro behar direla lohien tratamendurako, eta kalkulatzen dute inpermeabilizazioa beste hiru milioi izango direla.
Proiektu bat egin eta adjudikatzeko, azkar joanda ere, hiruzpalau hilabete behar dira. Horri lohien tratamenduaren 8-10 hilabeteak gehituta, 12-14 hilabetetan jartzen gara, eta gero inpermeabilizazio lanak egin behar dira.
Zuk diozu, beraz, zabortegia otsailean itxita ezinezkoa zela urrian irekitzea.
Egin kontuak. Zabortegia otsailean itxita, aurreikuspen baikorrenek ere ez zuten ematen urrian irekitzeko. Eta horren ondorioz dugu orain 1,6 milioi euroko zorra, 2015eko aurrekontuetan aurreikusi zutelako urrian irekiko zela. Argi dago ezinezkoa zela.
Data hori GHK-ko teknikariek eman zietela dio Andonegik.
Teknikariek nahi dutena esango dute, baina horren erantzulea zu zara, eta ez EAJ eta PSE-EE… Zabortegia ireki nahi zutela? Ados, baina lanak aurretik egin behar zituzten, ez inori bota errua.
Zer gertatu da Sasietak GHKrekin egindako hitzarmenarekin?
Nik esango dizut Sasietako lehendakaritzara iritsi naizenean ez dudala aurkitu ez proiektu bat, ez adjudikazio bat… ez dago ezer. Gainera, behin zabortegia itxita, bi urteko gehienezko epea duzu berriro irekitzeko. 2017ko otsailerako ireki nahiko bagenu ere, Sasietako teknikariek esan digutenez eta lehen aipatu dizkizudan hilabete kontuekin, ez gara iristen.
Zure ustez, beraz, aurrekontuan jaso zuten urrian irekiko zela, nahiz eta jakin ezinezkoa zela?
Kontua da hor tartean hauteskundeak zeudela, eta zabortegia ireki ezean udalen ekarpena %53 igo behar zela. Noski, joan zu hauteskunde urte batean eta esan herritarrei halako igoera bat egin behar duzula! Beraz, fardela hurrengoari pasatu zioten.
Eta orain ateratzen dira hitzarmenaren kontuarekin. 2014ko abenduko batzarrean aurkeztu ziguten guri hitzarmen hori, eta Sasietako ordezkari ginen EAJko bi kidek agerraldia egin genuen gaiari buruz. Esan genuen burugabekeria bat zela; batetik, bagenekielako ez zirela epeak beteko, eta, bestetik, hitzarmena batzarreko kideei eman eta unean bertan egin zutelako aurrekontuen bozketa, hura aztertzeko denborarik eman gabe. Atzerapena eskatu eta onartu ez zigutenez, guk alde egin genuen batzarretik.
EH Bilduk dio klausula bat ere bazuela hitzarmenak; zabortegia irekiko ez balitz, GHK-k dirua aurreratuko lukeela.
Bai, klausula maiatzaren 14koa da; justu hauteskundeak baino lehen aurkeztu zuten batzarrean. Nik uste dut, lanak betetzen ari ez zirenez, klausula hori gehitu ziotela, baina arazoa da sinatu gabe utzi zutela. Erabakia batzar batek hartu zuenez, sinatu beharra zeukaten, eta ez zuten egin.
Ni Sasietako lehendakari izendatu eta lehenengo gauza GHKra joatea izan zen, diru eske. Eta han esan zidaten klausulak ez zuela baliorik, sinatu gabe zegoela. Guk hautsi dugula hitzarmena? Baina ze hitzarmen?
Eta beste hitzarmena, zabortegia irekiko zela zioena?
Hori aurreko batzarrean bertan behera utzi genuen. Baina aho batez hartu zen erabakia, EH Bilduko ordezkariek ere bai.
Ardurak ardura, 1,6 milioiko zuloari aurre egin behar diozue.
Likidezia arazoa dute udalek. Urtarrilean balitz, inbertsioetatik ken dezakezu diru hori, baina urrian beranduegi da. Kontua da udal batzuek ezin dutela ordaindu, eta hori azaldu zuten asteleheneko batzarrean. Orduan, beste herri batzuek esan zuten “edo denek jartzen dugu, edo guk ere ez dugu jarriko”… Eta horrela gaude. Hamabost egunera batzarra egingo dugu berriz, eta tartean herriz herri aztertuko dugu zein den egoera. Bestetik, mankomunitateak 20 urtean aurreztutako guztia, milioi bat euro, kolpe batean jango dugu. Eta hori izugarria da.
Horrek guztiak ekarriko duena da zerbitzu okerrago bat, eta gastua erabat gutxitzea.
Horrekin esan nahi duzu atez atekoa kendu behar dela?
Ez, hori udalen eskumena da, eta udal bakoitzaren erabakia errespetatuko da. Orain, herri bakoitzak ikusi beharko du bilketa sisteman egokitzapen edo murrizketarik egin behar duen.
Zabortegia ez irekitzea erabakia duzue jada?
Hurrengo erabaki potoloa hori izango da. Baina gu aurka gaude. Batetik, epeek ez dutelako ematen. Bestetik, ez zaigulako iruditzen urtebeterako bost milioi euro xahutzea logikoa denik. Zerbait iraunkorragoa behar da; Gipuzkoan zaborrekin dugun arazoaren konponbidea ez da urtebetean iritsiko, ibilbide luzeagoko zabortegi bat behar dugu.
GHK-ko lehendakariorde izendatu zaituzte; zein da errauste plantarekin duzuen asmoa?
Markel Olanok argi esan du, eta aurrez ere esan zen, baina gainera nik pertsonalki uste dut horrelako planta bat ezinbestekoa dela. Egin beharko da modernoa, neurriratua, baina soluzio bat behar da. Horrek ez du kentzen ahal den gehiena bereiztea; baina gelditzen den errefusarekin zer egin behar da? Nik uste dut erabaki bat hartu beharra dagoela, eta gure erabakia garbi dago zein den; hortik jo beharra dago.
Zubietan joango litzateke?
Bai eraginkortasun aldetik eta bai ingurumen aldetik, zabor gehien sortzen den tokian egin behar dela uste dut. Zaborrez betetako kamioiak batetik bestera ibili beharrean, sortzen den tokitik gertu egitea litzateke logikoena. Eta, Gipuzkoan, Donostian eta haren inguruan sortzen da zabor gehien.
Leave a Reply