E. Goenaga Lizaso
Abiadura handiko trenari “Europarako atea irekitzeko” obrak egiten ari da Adif Astigarraga eta Irun artean, 2015etik. Europako trenbide zabalerara egokituko den hirugarren erraila eraikitzen ari dira. Errail horrek AHTak erabiltzen duen trenbide zabalera izango du, 1.435 milimetrokoa, eta Euskal Y-a amaitzen dutenean Espainiako eta Frantziako trenbide sareak lotzeko balioko duela dio Adifek —Espainiako Sustapen Ministerioaren menpeko enpresa da—.
Ibilbideko puntu korapilatsuenari apirilaren 18an ekin zioten, Gaintxurizketako tunelean egingo baitituzte obrak 2018ko uztailera bitartean. Orain arte, gauez obrak egin eta trenen joan-etorriari apenas eragin zioten lanek, baina hirugarren erraila tunelean eraiki beharrak zailtasunak sortzen ditu: egunez, bi errail egon beharrean errail bakarra dago irekita, eta, gauez, biak daude itxita.
Renferen trenbide sareak zabalera iberikoa deitzen diotena du. Trenbideak eraiki zirenean, trenei egonkortasuna emango zielakoan eraiki zituzten 1.668 milimetroko zabalerarekin; baina horrek oztopo gaindiezina eragiten du Baionatik iristen diren trenentzat, eta hori konpondu nahi dute, Europako zabalera duten trenei eta, batez ere, abiadura handiko trenari bidea irekiz. Espainian, abiadura handiko trenek Europako zabalerako errailetatik zirkulatzen dute.
Irun eta Astigarraga arteko trenbide zatia 2019rako amaitzea espero du Adifek. Euskal Y-aren amaiera data, berriz, etengabe atzeratuz joan dira, nahiz eta Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak azkenaldian emandako amaiera data 2023a den. Tarte horretan, ordea, Irundik Donostiara doan hirugarren errailari erabilera ematea espero du Adifek. Izan ere, trenbide zabalerak eragindako muga efektua desagertuta, posible litzateke TGVa Paristik Donostiara iristea, edota Baiona eta Donostia lotuko dituen distantzia ertaineko tren zerbitzua jartzea.
Leave a Reply