Klasikoaren ukitu guztiekin

Klasikoaren ukitu guztiekin

Unai Zubeldia

Klasikorik klasikoena, euskal folklorea, tangoa, balsa… Gaurtik maiatzaren 7ra, musika klasikoaren koska guztiei keinuka ariko dira Arrasaten, Udaberriko XIII. Musikaldian. Udaleko Kultura sailak antolatuta, sei kontzertu izango dira entzungai, ostiral, larunbat eta igandez; egun bakoitzean, bat. San Joan Bataiatzailea parrokian, Amaia udal antzokian eta Kulturate kultur zentroan izango dira emanaldiak, 20:00etan.

Anido gitarra laukotearen emanaldia izango da lehenengoa, gaur arratsaldean, San Joan Bataiatzailea parrokian; Toti Martinez de Lezea eta Alberto Urretxoren Soinu magikoak ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da bihar, Amaia udal antzokian; Alos Quartet taldearen txanda izango da etzi, Kulturaten; eta Iberian Quartet, Arrasate Musikaleko Orkestra eta Goikobalu abesbatza, eta Musica Boscarecciaren emanaldiekin bukatuko dute zikloa, hurrengo asteburuan. Amaia antzokiko bi ikuskizunetarako soilik ordaindu beharko da sarrera: bost euro.

ANIDO GITARRA LAUKOTEA
Gaur, San Joan parrokian

Gitarraren funtsezko ezaugarriak galdu gabe, instrumentu horren baliabide adierazkorrak garatzen saiatzen da Tarragona (Carmen Becerra), Bilbo (Sylvia Gutierrez eta Jesus Melchor) eta Iruñeko (Asier Pelaez) lau gitarra jotzailek osatutako taldea. Gitarrako goi mailako irakasleak dira laurak, eta, kontzertuak eskaintzeaz gain, Bilboko eta Iruñeko kontserbatorioetan aritzen dira eskolak ematen. Musikagile ezagunen lanak baliatzen dituzte emanaldietan; Joaquin Rodrigoren Concierto de Aranjuez lana, Georges Bizeten Suite Carmen lana eta gaur egungo hainbat euskal abestiren moldaketak, tartean. Horrez gain, eurek sortutako piezak ere jotzen dituzte.

‘SOINU MAGIKOAK’
Bihar, Amaia antzokian

Musika eta euskal mitologiaren ahozko transmisioa. Bi mutur horiei tiraka osatutako lana da Soinu magikoak izenekoa. Alberto Urretxo herriko semea buru dela, Soinuaren Bidaiak taldeak eskainiko dio melodia Toti Martinez de Lezea gasteiztarraren hitzezko narrazioari. Urretxok tronboia jotzen du Bilboko Orkestra Sinfonikoan, eta hainbat eta hainbat lanen egile eta idazle ezaguna da Martinez de Lezea. Adriana Grigoras (viola), Irini Gaitani (pianoa)eta Maite Itoiz (harpa) izango ditu lagun musikariak. Idazleak, berriz, euskal mitologiako kondaira eta pertsonaien ikuspegi jakin bat eskainiko du.

Eguzkilore, Por el país de las brujas, Por las sendas de los gigantes, Por las rutas de los dragones, Por las montañas de la diosa madre, Tras las huellas de los duendes vascos eta Por los manantiales de las lamías lanak eskainiko dituzte ordu eta erdiko emanaldian.

ALOS QUARTET
Etzi, Kulturate zentroan

Garden hirugarren diskoarekin iritsiko da Alos Quartet Arrasatera. 1999an sortu zenetik ohikoa duen ukitu intimoari originaltasuna gehituta grabatu dituzte hamahiru kantu berriak. Azken urteotan bidelagun izan dituzten hainbat artista eta lagun ondoan izan dituzte proiektua gauzatzeko, hala nola Eñaut Elorrieta eta Silvia Iriondo abeslariak, Oreka TX taldearen txalaparta, Harkaitz Cano idazlea, Bill Cooley salterio jotzailea… Artista bakoitzak beretik pixka bat eskaini dio Alos Quartet taldearen lan berriari.

Doinuetan bila hasita, hainbat dantzaren atmosfera eta erritmoak sotiltasunez irudikatuta ageri dira doinuetan. Arin-arina, tangoa, fandangoa, balsa… Erritmo lasaien eta biziagoen artean saltoka ibiltzen da laukotea. Besteak beste, Suediako Erdi Aroko biola tekladuna baliatuta —nyckelharpa—, entzulea mundu magiko batera eramatea da taldearen erronketako bat. Musika klasikoan nahiz modernoan esperientzia handiko musikariak dira laurak: Xabier Zeberio (Nyckelharpa eta biolina), Francisco Herrero (biolina), Lorena Nuñez (biola) eta Pello Ramirez (txeloa).

IBERIAN QUARTET
Maiatzak 5, Kulturaten

Saxofoiak lotzen ditu Antonio Flores, Luis Coelho, Patricia Aller eta Pedro Melo. Instrumentu hori dauka oinarri Iberian Quartet taldeak. Ganbera musika gisa azaltzen dute euren eskaintza. Oso berria da proiektua, iaz Portugalen, Portoko Academia Internacional de Saxofone jardunaldian ezagutu baitzuten elkar egun taldea osatzen duten lau partaideetatik hiruk. Orduan hasi ziren gorpuzten saxofoi laukotea. Partaideetako bik, Coelhok eta Melok, Portugalen jarraitu dute ikasketekin, Universidade do Minhon, Luis Ribeirorekin; beste biek, berriz, Flores eta Allerrek, Euskal Herrian egin dute ibilbidea, Musikenen, Tomas Jerez, Antonio Felipe Belijar eta Eric Devallonen gidaritzapean.

ORKESTRA ETA ABESBATZA
Maiatzak 6, antzokian

Herritarren gozamenerako, bat egin eta etxeko emanaldi ikusgarria osatzea erabaki dute Arrasate Musikal musika eskolako orkestra sinfonikoak eta Goikobalu abesbatzak. Juan Arzamendik sortu zuen herriko orkestra sinfonikoa, 1975ean, eta 12-20 urte arteko 30 bat gazterekin ekin zion bideari. Gaur egun, musika eskolako ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek osatzen dute orkestra, eta Iker Olazabal da zuzendaria.

Goikobalu abesbatzak, berriz, 1989an eman zituen lehen pausoak, Luis Ignacio Ruiz de Alegria zuzendari zuela. Musika koralaren arlo guztiak jorratu izan ditu sorreratik. 1996tik, Iñaki Maidagan da zuzendaria.

MUSICA BOSCARECCIA
Maiatzak 7, parrokian

Johann Hermann Scheinek 1621ean Leipzigen (Alemania) argitaratu zuen bilduma bat dauka oinarrian Musica Boscareccia taldeak. Musikagileak izen hori bera jarri zion bilduma hartako lehen lanari: basoko musika. XVII. eta XVIII. mendeetako ganberako ahotsak interpretatzen ditu Alicia Amok, Andoni Mercerok, Alexis Aguadok, Mercedes Ruizek, Carlos Garcia-Bernaltek eta Juan Carlos de Mulderrek osatzen duten taldeak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.