Unai Zubeldia
Gaur egun garena garai batean izan ginenaren ondorio dela jabetzea da gure nahia”. Herriaren historiari lekua egitea, alegia. Zumaia, betidanik, “itsasoari begira” egon izan dela azaldu du Antton Garikano Zumaiako institutuko zuzendariak. “Sekulako ondarea eduki dugu. Baina azken 30-40 urteotan itsasoari bizkarra eman izan diogu askotan”. Zumaiarraren hitzetan, “zabarkeria” horrek desegin du historiaren puska handi bat; baina herriaren iraganetik zati txiki bat berreskuratzea erabaki zuen institutuko irakasle eta ikasle talde batek. DBHko 3. mailako zazpi ikasle aritu dira angulatarako erabiltzen zen txanela ontzi tradizionala berritzen, eta martxoaren 31n uretaratu zuten.
Palakadaz palakada, herriko arranplan behera hasi besterik ez da egin txanela eraberrituaren bidea. “Bedua Txiki baserriaren ondoan dago orain ontzia; aurkitu genuen inguru berean”. Baina Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriaren ekimenez, baliteke Bretainiara arteko bidea egitea udan. “Urtero ontzi tradizionalen erakusketa egiten dute han, eta gure txanela ere hara eramateko eskatu digute ontziolako kideek”. Pausoa emanez gero, mundu osoko ontzi tradizionalen ondoan bere txokoa izango luke Zumaiako institutuan erabat berritu duten ontziak. “Urrutira iritsi da huskeria ematen zuen proiektua, erdi txantxetan sortutakoa”.
Institutuko ikasle eta irakasleak bost metroko ontziari helduta ibili dira azken hiruzpalau hilabeteotan, baina lehenagoko proiektu txikiago bat dago horren oinarrian. Institutuan hasita zeuden hainbat ontzi tradizionalen neurri txikiko maketak egiten. “Eta ikasturte hasieran Bilboko Unesco etxeak Urola Kostako ikastetxe guztiei dei egin zigun mundu mailako ikastetxe elkarteen sarean sartzeko”. Geoparkearen barruan dago Zumaia. “Eta hemengo ondare kulturala hain aberatsa denez, proiekturen bat aurkeztuko ote genuen galdetu ziguten”.
Parez pare sortu zitzaien aukera. “Maketen kontuarekin, ordurako horretan ari ginela aipatu nien Unescoko kideei, eta institutuko gainerako irakasleei azaldu nien aukeraren bat eduki genezakeela sare horretan sartzeko eta abian geneukan proiektu xume horri indarra emateko”. Garikanoren hitzetan, “enbido txikira” egin zuten maketak lantzen hasi zirenean. “Eta hordago handira jo genuen proiektu honekin”.
Inguruan galdezka hasi ziren herrian ontzi tradizionalen bat ba ote zegoen jakiteko. “Eta konturatu ginen azken urteotan, zoritxarrez, utzikeria handia egon dela. Ikusi dugu ontzi asko ibai eta itsasbazterretan usteltzen ari direla”. Baina Bedua Txiki baserrian sortu zitzaien aukera. “Oikian, sastraken azpian, bazegoen ontzi bat, eta baimena eskatu genion jabeari. Pozik jarri zen hura, 40 urtean ukitu gabe baitzeukan”. Ingurua garbitu, iristeko moduan jarri, ontzia hartu, eskolara eraman, eta orduan hasi ziren txukunketa lanetan.
Ontziari buelta ematearekin batera jabetu ziren berritzeko premia handia zeukala —Beduola itsas ondarearen laguntza ere izan dute hilabeteotan—. “Ontziaren saihetsak nahiko ondo zeuden”, baina “erabat” berritu behar izan dituzte beste hainbat egur zati eta egitura. “Egur zaharrak berrien ondoan kokatzeak eman digu lanik handiena, orduko ontziaren formak hartuta zeuzkatelako egur zati askok”.
Udala, etorkizunera begira
Historiari keinuka, Garikanok ez dio aterik itxi ontzi berrituan angula bila joateko aukerari. “Nahi duenak hor dauka prest”. Aurkitu zuten lekura eraman zuten ontzia, arraunean. “Eta han dago orain, baserritarraren zaintzapean”. Zumaiako Udalak etorkizuneko proiektuen artean dauka herrian ontzi tradizionalen txoko bat sortzea. “Asteburuetan motor kontuak alde batera utzi, arraunen eta belen laguntzarekin garai batean itsasoan eta ibaietan ibiltzeko zeukaten modua berreskuratzeko”.
Hamar egunez herritarren begien bistan egon da txanela, Alondegian. “Eta ikustekoa izan da adinekoen emana”. Zumaiarrak azaldu duenez, askok ezagutzen zuten ontzia. “Eta milaka istorio kontatu dizkigute: garai batean anguletarako erabiltzen zutela, gerora angulak gutxitu eta kanpotik etorritako emakumezkoak eta aberats jendea herrian barrena paseatzeko erabili izan zutela… Polita izan da jendeak denboran atzera nola egin duen ikustea”. Esperientzia “aberasgarria” izan da ikasleentzat ere. “Egur zati ustelak soilik ikusten zituzten hasieran, baina atzean sekulako historia zeukatela konturatu ziren gero”.
Leave a Reply