Iñigo Terradillos
Musika “lasaia, herrikoia, klasikoa eta indartsua” dakar Alos Quartet taldearen Garden lan berriak. Hari laukote horren hirugarren diskoa da, labetik atera berria, eta Xabier Zeberio taldekideak (Tolosa, 1978) azaldu duenez, “poza” sentitzen dute hainbeste hilabetetako lanaren ostean diskoa esku artean izanik. “Irrikaz” daude ikusteko zer sentsazio sortzen duen lan berriak jendearengan. Tolosan aurkeztuko dute, gaur, 20:30ean, Topic zentroan.
Nolako diskoa da Garden?
Gure ibilbide luzean aurrerapausoa da; ohiko sonoritatean pauso bat harago eman dugu. Gure atmosfera edo giroan kokatzen da, baina, era berean, gauza oso sotilak eta indar handiagoko erritmoak topatu ahal ditugu. Iturri ezberdinetatik edaten duen musika da; batetik, musika herrikoia; bestetik, musika klasikoa, bai eta beste hainbat estilo ere. Disko instrumentala da, ahotsa duten bi abesti kenduta. Doinu batzuek ere badute dantzarako giroa. Izan ere, duela urte eta erdi sortu ziren, Aukeran dantza taldearen Geltokia izeneko ikuskizunerako. Gure ohiko bidean, beraz, oso disko indartsu eta ederra atera zaigula esango nuke.
Diskoaren izenarekin jolas egin nahi izan duzue.
Bi adiera ditu. Batetik, euskarazko gardentasuna, sentsibilitatez betetako musika baita. Beste adiera ingelesezko lorategiarena litzateke. Kantu bakoitza lore bat balitz bezala sentitu dugulako. Bi adiera horiekin jolastu nahi izan dugu.
Jende askok parte hartu du zuekin diskoan.
Oinarria hari laukotea da, hau da, Pello Ramirez txeloarekin, Lorena Nuñez biolarekin, Francisco Herrero biolinarekin, eta ni biolinarekin eta nyckelharparekin. Azken hori oso instrumentu berezia da, Suediatik etorria. Erdi Aroko biola moduko bat da, tekla bidez jotzen dena, eta soinu berezia sortzen du, magikoa. Batzuetan, badirudi gaita dela, eta, besteetan, antzinako biolin bat. Laukotearekin primeran uztartzen da.
Abesti bakoitzari kolore berezi bat eman nahi izan diogu, eta, horretarako, jende ugari aritu da gurekin batera. Zorte handia izan dugu azken urteetan hainbat estilotako artista ugariren proiektuetan parte hartu dugulako, eta artista horietako batzuk gurera ekarri ditugu, gure diskoan parte hartzera. Hor dugu, esaterako, Eñaut Elorrieta; Ken Zazpiren lehendabiziko diskotik lan egin dugu haiekin, eta aspaldiko lagunak gara. Aspalditik genuen zerbait berezi egiteko ideia. Hala, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin kantu bat egin nuen, eta, hark abestua, emaitza oso kantu samurra eta ederra izan da. Bestalde, oso ahots berezia eta sakona duen Silvia Iriondo abeslari argentinarrak ere parte hartu du, eta, horrez gain, Oreka Tx taldeak, Bill Colley bateria jotzaile estatubatuarrak, Josu Salbidek, Iñigo Egiak, Iban Alzatek… Bakoitzak bere ukitu berezia eman dio.
Abesti gehienak zuk konposatutakoak dira.
Bai; kasu honetan, horrela izan da. Egia da laurok lan handia egiten dugula lokalean, prestaketan. Gure funtzionatzeko modua eta filosofia oso lasaia da. Ez gara urtero disko bat egiten duen talde bat. Gure esparru naturala beste artistekin eta proiektuetan aritzea da, eta, horretan, zorte handia izan dugu, jende askorekin egin baitugu lan. Urte askoan aritu ginen, esaterako, Dulce Pontesekin, Kepa Junkerarekin, Carlos Nuñezekin… Horretan energia handia jartzen dugu. Gure proiektua sortu zenetik hamasei urte igaro dira, eta hau hirugarren diskoa da. Lau-bost urtean behin egin dugu lan berri bat. Prozesu lasaia da, geldoa, mimo handiz egindakoa, eta prozesu horretan taldekide guztiek sekulako lana egiten dute, bakoitzak berea eskainiz.
Beraz, presiorik gabe egiten duzue lan.
Guretzat, Alos Quartet plazera da. Musikari gisa lana izateaz gain, gure kapritxoa ere bada. Bide hau, uneko produktu moduan baino gehiago, luzera begirako prozesu moduan ulertzen dugu. Inork ez zigun esango hainbeste urteren ostean hemen egongo ginenik disko bat aurkezten; hor goaz, pixkanaka handituz, gauza berriak eta bidea eginez.
Nola definitzen duzu zuen musika?
Gustatzen zaigun laudorio bat da jendeak esaten digunean musika lasaigarria dela, eta askotan jartzen dutela etxean. Korrika batean bizi gara; beraz, poztekoa da horrelako kontraste bat eskaintzea.
Nola antolatzen zarete musika berria sortu eta abestiak jotzeko?
Gauden unearen arabera izaten da. Proiektuen edota grabaketen arabera antolatzen gara. Ez gara astero elkartzen, baina, behar denean, astean hiru aldiz elkartu gaitezke, eta gero egon gaitezke hilabete batean elkartu gabe. Gure lanbidea ere horrelakoa da; bat-batean lan asko eduki dezakezu, eta gero izan ditzakezu une lasaiak. Eta une horiek ere beharrezkoak dira energia pilatzeko.
Lan handiko garaian zaudete orain, ezta?
Hala da, diskoaren aurkezpena, sustapena eta kontzertuak direla eta. Lan handia, baina plazer handiko lana; era berean, gustukoa.
Lan hori zure herrian aurkezteko plazera duzu gaur.
Herrian jotzea beti da hunkigarria, eta aurkezpen berezia izango da. Diskoan parte hartu duten lagunak ere izango dira. Bertan izango dira, esaterako, Oreka Tx taldeko kideak eta Aukeran dantza taldeko kide batzuk, hainbat doinu dantzatzeko.
Alos Quarteteko kideek beste hainbat proiektutan ere parte hartzen duzue.
Pellok urte asko daramatza Benito Lertxundirekin; Lorenak, antzinako musika jorratzen duten hainbat taldetan jotzen du; Franciscok ere, beste hainbeste, eta ni Oskorrin aritu naiz urte askoan. Zorte handia dugu, talde edo musikari bakoitzarengandik ikasten baita zerbait; musika ulertzeko modu desberdinak ezagutzen dituzu. Hori guztia motxilan sartzen dugu, eta, nolabait, gure proiektuan du isla.
Oskorrirekin, agur esateko biran murgilduta ere bazaude. Nola sentitzen zara?
Egia esan, pena handiz ari gara hartzen agurreko emanaldi hauek. Niretzat, bizitza erdia izan da, eta, musikari dagokionez, bizitza osoa: 18 urte orotara. Esperientzia eta bizipen kontaezinak bildu ditut urte hauetan. Oso handia izan da maila horretako musikariekin eta pertsonekin lan egin ahal izatea.
Gure jarraitzaile guztiak ahalik eta egokien agurtzea dagokigu orain. Lehendabizikoak eman ditugu, eta izugarria ari da izaten jendearen berotasuna eta maitasuna. Taldeak 45 urte egin ditu agertoki gainean. Hemendik urte batzuetara, distantziaz, orduan konturatuko naiz urte horietan bizi izan dudan handitasun horretaz.
Leave a Reply