Tolosako inauteriak fama handikoak dira, bertako eta inguruko biztanleek gogotik bizitzen dituztelako. Bisitariak behin baino gehiagotan harritu dira kaleetan ikusitako karroza erraldoiekin, plataforma jendetsuekin eta mozorrotutako milaka pertsonekin. Giro hori sortzea, ordea, ez da egun bateko kontua. Aurretik ordu asko sartu behar dira, gero kalean ikusten eta zenbaitetan miresten diren muntaiak sortzeko.
Aurreko lan horren lekuko izaten da ferialekua. Tolosako Udalak leku hori uzten die inauterizaleei karrozak eta plataformak egiteko. Bertara sartuz gero, mailu hotsak entzun ahal dira, pintura usaindu eta, soldagailuen txinpartak ikusi.
Lanean ari diren guztiak ez dira Tolosakoak. Juan Ramon Carrero Andoaindik etorri da bere taldeko karroza egitera. Zortzigarren aldiz parte hartuko dute Tolosan, eta Carrero azken hiru urteetan gehitu da taldera. 30 inguru dira, eta ahal dutenean, batez ere asteburuetan, etortzen dira karroza prestatzera. “Orain hilabete pentsatu genuen gaia”, dio. Urte batetik bestera karrozan egindako lanak aprobetxatzen dituzte: “Iaz karrozan egur pila bat jarri genuen, eta hori kentzea izugarrizko lana izango litzateke. Horregatik, orain margotzen ari gara”. Aurretik sartutako ordu guztiak gero festan bizitakoarekin konpentsatzen direla dio: “Oso ondo pasatzen dugu”.
Beste txoko batean plataforma batekin lehenengo aldiz koadrila giroan aterako diren neska talde bat dago. 18 urte inguru dituzte eta tolosarrak dira. Aterako duten plataformaren eta mozorroaren ideiari azken ukituak ematen ari dira. Aurretik, taldeko asko gurasoekin mozorrotu izan dira eta aurten beste pauso bat eman dute: lagunartean ateratzea. Halere, gurasoen laguntza ezinbestekoa dela dio Lara Aranzabal taldeko kideak: “Plataforma egiteko materialak gurasoek eman dizkigute. Guk musikarentzako tresna, margoak, jantziak… jarriko ditugu”.
Tramankuluz beteta dago ferialekua. Hain justu, aspaldidanik dagoen arazoetako bat da espazio faltarena. Tolosako osasun etxe aldera ematen duen sarrerako teilatupean ere jarri dira plataforma batzuk. Hori ikusita, aurten lehenengo aldiz Usabal industrigunean pabiloi bat alokatu du udalak, eta bertan ari dira karroza handienak egiten.
Jokin Monfort Tolosako Udaleko jai teknikariak beste urteetatik ikasi dutela azaldu du: “Ferialekuan dagoen tokiarekin ez da nahikoa, eta aurten taldeekin bilera batzuk eginez, bertatik atera zen ideia. Hau da, dietetan gastatzen zen dirua murriztea hobea zela, baldin eta diru horrekin pabiloi bat alokatzeko aukera bazegoen”. Diru laguntza jasoko duten guztiek izango dute murrizketa; 40 euro ingurukoa.
Pabiloi bat alokatzeak, baina, ez du eskaera guztia asebete. “Gure ustez nahiko parte handia hustu genuen ferialekuan”, dio Monfortek. “Karroza txikiak sartu dira bertan, eta dagoeneko dena beteta dago”. Orain arte 120 talde inguruk eman dute izena udaletxean diru laguntza eskatzeko. Horietatik 70 inguru ari dira ferialekuan eta Usabalen egiturak muntatzen.
Lapurretekin, adi
Beste arazoetako bat lapurretak dira. “Udalak arauak jartzen ditu, baina gero jendeak erantzun behar du”, dio jai teknikariak. “Inauterietan bezalaxe, jendearen borondatearen baitan gertatzen dira gauza asko. Alferrik da udalak lekua jartzea, gero elkarri lapurtzen ibiltzen badira. Kanpotik ere sartu daitezke, baina ezin dugu 24 orduko zaintza jarri”.
Ferialekua izatea eskertzen du Carrerok: “Bestela horrelako lanak ezingo genituzke egin”. Halere, segurtasunaren aldetik kexu da: “Ez da atea ixten, jendea barrura sartzen da eta gauzak lapurtzen dituzte”.
Ferialekuaren beste ertz batean lagun talde bat dago plataforma bere lokalera eramateko prestatzen. “Lehengo urtean udaltzainek autoa eta plataforma atera egin zizkiguten ferialekutik, eta autoaren barruan genituen erremintak lapurtu zizkiguten”, dio Igor Quinquilla taldeko kideak. Hilabete baten faltan hasten dira pentsatzen zertaz mozorrotu eta, beraien lokalean egiten dute lan nagusiena. “Taldean gremio guztietakoak gaude, eta gure artean konpontzen gara muntaia egiteko”. 100 euro jartzen ditu bakoitzak, “materiala eta edarietarako”. Inauteriak iritsi ahala, lana handitu egingo zaie, ordea. “Batzuetan goizeko bostak arte aritu izan gara lanean”, azaldu du.
Usabalgo industrigunean Anoetako gazte talde bat ari da bere karroza prestatzen. Aimar Alonso da taldekideetako bat: “Horrelako karroza batekin ateratzeak ondo pasatzeko aukera ematen dizu, baina ardurak ere eskatzen dizkizu: ikuskizun bat egitea eskatzen dizu, diru dezente jartzea…”. 22 lagun aterako dira, 17 eta 20 urte artekoak. “Karroza handienetan gazteenak gu izango gara”, dio Alonsok. Guztiek ez dute lanik egiten, eta beraz, muntaian ez ezik, gastuetan ere gurasoen laguntza behar izaten dute. Eguberri egunean hasi ziren karroza muntatzen, baina ikasturtearen hasierarekin batera ekin zioten mozorroa pentsatzeari.
Inauterietan mozorroa hiru egunetan janzten bada ere, argi baitago hainbat asteetako lana eskatzen duela aurretik.