Azkar gertatu zen dena: palan jokatzen hasi eta oso gutxira heldu zen punta-puntara Joxe Mari Iturzaeta (Andoain, 1964-1994), eta are denbora gutxiagoan eten zen haren ibilbide profesionala, gaitz batek jota. Haren heriotzak pala mundua hunkitu zuen, baina handik denbora gutxira gelditu zen hura ere ahanzturan; hala uste dute Joxe Mari Iturzaeta Batzordeko kideek. Iaz “palaren erregea” izandakoa omendu zuten, profesionaletan debutatu zueneko 25. urteurrena baliatuz; orain, haren bizitzaren nondik norakoak, lorpenak eta Iturzaeta ezagutzen zutenek esandakoak biltzen dituen liburu mardula argitaratu dute. Joxe Mari Iturzaeta. Pala belaunaldi bat Andoaingo liburu dendetan dago salgai.
Sorabilla auzoan jaio zen Iturzaeta, 1964an; aste honetan bertan beteko zituzkeen 48 urte. Etxe ondoko frontoia izan zen haren lehen pala eskola; hamabost urterekin jokatu zuen lehen partida. Ez zuen denbora asko behar izan afizionatuetan puntara iristeko, eta 23 urterekin egin zuen goi mailako debuta. Hiru aldiz irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta behin, bakarkakoa —urte haietan jokatutako bakarra—.
Xabier Lasa (Andoain, 1966) eta Mateo Ponce (Andoain, 1968) aritu dira liburuaren erredakzio lanetan; guztira, 611 orrialdeko lana osatu dute. Liburuaren atal handi bat palari gisa egindako ibilbideari buruzkoa da, eta beste batean, Iturzaeta ezagutzen zuten 67 pertsona elkarrizketatu dituzte. Ponceren ustetan, “beharrezkoa” zen Iturzaetaren bizitza papereratzea: “Orain, hogei urte eta gero, antolatzen baduzu pala txapelketa bat Joxe Mariren oroimenez, belaunaldi berriek ez dakite Joxe Mari Iturzaeta palista, harakina edo gozogilea zen. Tristea da, baina jendeak ez daki; liburuak oinarri hori ematen du”.
Laudorio asko jaso arren, bere garaian behar bezainbesteko aitortzarik ere ez zitzaion egin, egileen arabera. Izan ere, “palaren hamarkada dekadentea” egokitu zitzaion Iturzaetari. Lasaren hitzetan, “pala gainbehera zetorren” Iturzaetak debuta egin zuenerako: “Garai hartako onentsuenak ere zahartuz zihoazen, eta Joxe Mari bezalako pilotari gehiago ez zeuden; horrek ez zituen frontoiak betetzen. Hura bezalako beste dozena erdi bat egon izan balira, desberdina izango zen”.
Baldintzak, pilotalekuak, soldatak… Denak ziren palaren aurkakoak. Lasak azaldu duenez, pilotaleku gehienak eskupilotarako diseinatuta zeuden, eta Bilboko Deportivo pilotalekua zen palarako erabiltzen zen bakarra. Goi mailan aritu arren, soldata nekez ateratzen zuten, gainera, palariek: “Partida bakoitzeko lau mila pezeta irabazten zituzten, eta horiek gasolinan eta bidesarietan gastatzen zituzten”.
Gazteek, oro har, ez zioten etorkizunik ikusten palari. Iturzaeta salbuespena zen: Poncek adierazi du Reala ere aritu zela haren atzetik, futbolerako ere gaitasun handia zeukalako, baina hark nahiago izan zuela pala. “Ikusgarriak” izaten ziren haren partidak, Ponceren hitzetan. Ezkerreko eskua baino ez zuen erabiltzen pilotari ematerakoan: “Lehen, ezkerrak gaizki ikusita zeuden. Frontoiak eskuin jokalarientzat daude diseinatuta; horregatik daukate ezker pareta hori. Ezker bat pala luzean ikustea eromena zen; ezinezkotzat zeukaten. Baina Joxe Marik molde guztiak hautsi zituen”.
Ponceren hitzetan, “onena” zen, eta bigarrenari alde handia ateratzen zion, gainera. Horregatik, joko zailagoak jartzen zizkioten batzutan: “Pilota arinxeagoa, sakea atzetik, lesio batetik atera berri zen atzelaria jarri Joxe Mariri zuku gehiago ateratzeko…”. Behin txapelketa batetik kanpo ere utzi zuten, lehiakideen artean parekotasun handiagoa egon zedin.
Prentsan ere sarri nabarmentzen zuten Iturzaetaren berezko gaitasuna. “Pala luzeak kilo bat pisatzen du, eta pilota harrizkoa bezala da”, azaldu du Lasak. “Joxe Mariren kasuan, esaten zuten ping-pongeko pala hartuko balu bezala erabiltzen zuela pala; naturak oso gutxitan ematen duen indarra zeukan besoetan”.
Horren gazte hil izan ez balitz, “lasai asko” egingo zituzkeen beste hamar edo hamabost urte pilotalekuan, Ponce eta Lasaren iritziz. Hartara, Iturzaetaren itzala ere luzeagoa zatekeela uste dute. Pertsonalki gehiegi ezagutu ez arren, Poncek ongi oroitzen du Iturzaeta lehenengoz jokatzen ikusi zuen aldia, artean afizionatu mailan jokatzen zuela: “Joxe Mari hasiberria zen pala luzearekin; gu hura ikustera joan ginen, eta harrituta gelditu ginen zeukan erraztasunarekin. Partida ofizialetako presiorik gabe jokatzen zuen; haiek errebesak, zartakoak eta boteprontoak! Txundituta gelditu ginen; ostiral gauero joaten ginen haren entrenamenduak ikustera, eta pentsatzen genuen: ‘Hau horrela bada, nolakoa izango ote da profesional baten entrenamendua ikustea?'”.
Bultzada behar duen kirola
Onena izan arren, Iturzaetak ere ez zion loraldirik ekarri palari. Aitzitik, gaurdaino maldan behera joan den kirola da pilota; horretan bat datoz Lasa eta Ponce. Eskola mailan, kosta egiten zaio futbolarekin edo beste kirol batzuekin lehiatzea, eta pilota aukeratzen duten gehienek eskupilotara jotzen dute. “Hamar urterekin uste dute [Juan Martinez de] Irujo izango direla, baina hogei urtetik aurrera oso gutxik jarraitzen dute”. Goi mailan jarduteko aukerak are eskasagoak dira palan, eta horrek askori atzera eragiten die. Desinformazioari ere bota dio errua Lasak: “Umeei erakutsi behar zaie mundua ez dela bukatzen eskupilotarekin”.
Enpresek eta komunikabideek ere palari arreta gehiago eman behar lioketela uste du Poncek: “Inon ateratzen ez bada, nork ezagutuko du?”. Nahi izanez gero, eskupilotaren maila berean egon zitekeen pala, Lasaren ustez: “Irujo eta Olaizola idoloak diren bezala, Joxe Mari ere izan zitekeen. Eskupilota dagoen lekuan dago, EITBk haren aldeko apustua egin duelako”.