Inbidia Viagra balitz, ETBko umore programek egotzi izan diguten gatazka sexuala aspaldi gainditua genuke. Money makes the world go round dio abesti ezagunak, dirua omen da mundua jiran darabilena. Baina, xoxak baino gehiago, bekaizkeria daukat nik egunero ohetik goizeko ordu txikietan jaikitzera bultzatzen gaituen erregaitzat. Inbidiarik gabe, oreinak lantzaz ehizatzen geundeke oraindik basoetan. Eta dirua bakarrik ez, depresioa ere asmatzeke legoke oraindik.
Lehengo batean okulistara bidean Amarako estaziora trenez iristen ari ginela, alboan eserita neukan bikotea marmar batean altxa zen aulkitik, Lasarte aldera abiatzera zihoazen bagoi berri-berriak ikusita. Urola Kostatik datozenak zaharkin onartezinak omen, eta lotsagarritzat jo zuten Euskotrenen utzikeria. Bi minutu geroago, atarian laga nuen bikotea, Donostiako Metroari buruz paratutako erakusketari begira. Zanpateko galanta jasoko zuten, seguru, aldundiko aurrekontuetan hura gauzatzeko tarterik batere ez dagoela entzundakoan. Bilbokoak adina izateko dirurik ez, beraz.
Eta Gipuzkoa plazan bakarrik ez, inguruko udaletxeetan ere estu antzera omen dabiltza, sortutako zulotzarrak ezin estaliz. Excelen 1.500 bat milioi gorriz margotuta omen dituen aldundiari berandu baino lehen txanpon mordoxka bueltatu behar, eta alkateak zeharo larritu dira. Zorrak kitatzeko modu xelebrea bururatu zaie: zorrik ez kitatzea. Aurten galdutakoak hiruzpalau urtean ordaintzeko plan bat gura omen dute, gainean dugun ekaitza baretuko delakoan (inuzenteak!). Formula balekoa den argitzeko boluntario aurkeztu naiz: asteburu honetan bertan Fernandori —Itxaskiko zerbitzari den errugbi jokalari itxurako argentinar erraldoiari— Gin-Tonica eskatu eta 2015ean ordainduko diodala esango diot, ea zer iruditzen zaion.
Herriko kiroldegian —eskualdeko inbidia izan dadin— hammam bat edo luxuzko hidroterapia gune bat izateko udaletxe bat zorpetzea eskandaluzkoa ote den, ez dakit. Horretarako udal langileen soldatak izoztu behar badira, baiezkoan nago. Hala eta guztiz ere, anabasa honek daukaguna bakarrik erabiltzeko ikasgaia barneratzen lagunduko baligu, gaitz erdi. Gaurko apetak asetzeko etorkizunetik sekula existituko ez den dirua ekartzea ez baitzaigu hain borobil ere suertatu.
Norbaitek autotzarra eta etxe ezin garestiagoa ordaintzeko kreditu bat lortu duela esaten digunean, zoriondu egiten dugu. Zorretan dabilela badio, ordea, tragoxka ordaindu eta kontsolamendua ematen saiatzen gara. Eta ekonomia zientzia zinez bitxia da, baina egin kasu niri. Kreditu bat eskatu eta zoriontzen bazaituzte, ez dena sinetsi, zorretan eta zeharo izorratuta egongo zara eta.