Leire Narbaiza
Gu ez gara folklore eta erromeria horretan egongo” adierazi zuen Idoia Mendiak Bakearen Artisauek Baionako ekitaldia iragarri zutenean. Adierazpenok entzun nituenean amorruak hartu ninduen; izan ere, folklorea era gaitzesgarrian erabili zuen, folklorea gauza hutsal eta gaitzesgarria balitz bezala.
Nire haserre hura ez zen lehenengoan izan folkloreari dagokionez, oso arrunta delako berba hori erabiltzea zerbait barregarri lagatzeko, edota gutxiesteko. Folkloriko da era despektiboan horretarako erabiltzen den adjektiboa.
Baina zer da folklorea? Zelan definitzen du hiztegiak? Euskaltzaindiarenak hala dio: Folklore: iz. Herri kulturaren jakintza; herri baten kultura adierazpenen multzoa. Eta Wikipediak hala zehazten du: Folklore (ingelesezko folk, “herri” eta lore, “jakintza” hitzen lotunea) herri edo eskualde bateko ohitura, herri-literatura, sinesmen, kondaira, musika, eta abarrek osatutako multzoa da.
Herri edo nazio baten kontuak, musika, dantza, ahozko historia, atsotitzak, txisteak, usadioak eta ohiturak biltzen ditu.
Oinarrizko kultura da, orduan, herri baten adierazpen kulturalen multzoa. Horregatik, modu mespretxagarrian erabiltzea herri-kultura iraintzea da.
Gure herriko politikari batek kultura popularra erdeinatzea, ostera, ez zaigu berria egiten, Iaz ere Washingtonen Smithsonian Folklife jaialdian Euskal Herria izan zen gonbidatua. Folklore festibal bat izan arren, hemendik bidalitako taldeak dantza garaikidea egiten du. Folklore tradizionala AEBetako taldeen eskuan geratu zen. Oso adierazgarria!
Baina argi erakutsi zigun Eduardo Galeano handiak zer kontzeptu zuten modernoek folkloreaz Los nadies poeman: “Arkakusoen ametsa txakur bat erostea da, eta ezdeusen ametsa txirotasunetik irtetea, zorioneko egun batean zori ona eurika jaustea, suerte onaren euria uholdeka jaustea; baina suerte onaren euririk ez da ez atzo, ez gaur, ez bihar, ez inoiz, ezta zirimirian ere, ezdeusek erreguka eskatzen duten arren, eta ezkerreko eskuan azkura sentitu arren, edo eskumako hankarekin altxatu arren, edo urtea erratzez aldatuz hasi arren.
Ezdeusak: deusen semeak, deusen jabeak.
Ezdeusak: ezerezak, ezereztuak, suertearen atzetik beti, bizitza hilez, izorratuak, mila aldiz izorratuak:
Ez dira, izan arren.
Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik.
Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik.
Ez dute arterik, artisautza baizik.
Ez dute kulturarik, folklorea baizik.
Ez dira gizakiak, giza baliabideak baizik.
Ez dute aurpegirik, besoak baizik.
Ez dute izenik, zenbakia baizik.
Ez dira historia unibertsalean agertzen, baizik eta herriko prentsako kronika gorrian. Ezdeusak, akabatzen dituen balak baino gutxiago balio dutenak”. (Julen Gabiriarena da itzulpen bikaina).
Folklorea ezdeusa da, pobreen kultura. Letra xehez idatzi beharreko jakintza, Jakinduriak (larriz) ukitu bako ezagutza. Mespretxatzeko modukoa, ez delako garrantzitsua, ez duelako kultura estandarrak eta ikasiak duen estatusa. Destaina honek klasismo kultural moduko bat du barruan. Kultura letragabea ere badelako, barbaroek egina, hizkuntza baldarrean, normalean, hizkuntza ezdeusean; euskaraz, gure kasuan. Ikuspegi kosmopolita delakoan, kosmopaleto bihurtzen dena. Nonahikoak direnen munduko hiritartasun chic eta glamour-dun faltsua. Ai, ama!
Leave a Reply