Iaz ibiltokietan erakutsitako lana etxean, bere herrian erakusteko parada izan du Roberto Lopez Etxeberria moda diseinatzaileak (Eibar, 1976), urtarrilaren 13tik otsailaren 5era haren lanak ikusgai baitaude Eibarko Portalean. Pozik dago erakusketa jartzeko izan duen aukerarekin, eta pozik, bere marka, Etxeberria, egiten ari den ibilbidearekin ere.
Erakusketara joaten denak zer aurkituko du?
Erakusketara joaten denak iaz egin nuen lana aurkituko du. Alegia, iaz Cibelesen aurkeztu nituen bi bilduma: 2011ko otsailean aurkeztu zen neguko bildumarekin eta, irailean aurkeztu zen udakoarekin. Biek L’Oreal saria irabazi zuten. Erakusketak bildumen garapenaren momentu diferenteak erakusten ditu. Jantzi guztiak sabaitik zintzilik daude, eta badago ikus-entzunezko bat ere. Bada ibiltoki bat simulatzen duen korridore bat ere.
Hainbat urte daramazu Eibartik kanpo bizitzen. Zer esan nahi izan du zuretzat herrian erakusketa jartzeak?
Zazpi-zortzi urte daramatzat kanpoan eta, zure etxean, egiten duzun hori behatzen dutela eta egiten duzunarekiko interesa agertzen dutela ikustea garrantzitsua da. Bestetik, egiten duzun lana erakusteko aukera ere eskaintzen dizu.
Egun Bartzelonan bizi zara. Zerk eraman zintuen hara?
Nire kasuan Bartzelonara joateko erabakia moda ikasteko hartu nuen erabakiarekin lotuta zegoen. Jendea ezagutzen nuen, eta etxetik irteteko errazagoa zen. Bestalde, modara dedikatu nahi baduzu Madril edo Bartzelona dauzkazu, estatuan. Bestela, ez dago irteera askorik. Euskal Herrian ere orain hasi diren diseinu eskolak eta antzerakoak sortzen, baina egiaz, profesio hau nukleo zentraletan dago. Erabakia horri loturik ere bazegoen.
Diozunez, hemen Euskal Herrian geroz eta aukera gehiago daude.
Aukerak ez dakit, baina badira ikasketak egin ditzakezun zentroak. Oinarritik abiatzen zara, eta hori ez badaukazu, ez daukazu ezer. Baina moda hiriburuetan dago. Ez da bakarrik hiriburuetan dagoela, baizik eta gauzak esateko nik uste beharrezkoa dela kanpora ateratzea. Azkenean Euskal Herrian hiri txikiak dira, eta, alde horretatik, Espainia ere bigarren maila batean dago. Ez gara Paris, New York, Londresedo Milanez hitz egiten ari.
2008tik zeure marka propioa duzu, Etxeberria. Diseinatzaile batentzat zer esan nahi du marka propioa, izen propioa edukitzeak?
Lan asko esan nahi du, kar-kar-kar. Baina, bestalde, poz handia da zure menpe dagoen zerbait egitea ere. Ez da berdina zuretzat lan egitea, edo etxe batentzat, langile bezala, lan egitea. Gauzak, onerako edo txarrerako, zuretzako dira. Zuk irabazten dituzu. Edo zuk galtzen dituzu. Begiratzen duzun moduaren arabera.
Markari izena emateko, zergatik aukeratu duzu bigarren abizena?
Nire buruan zegoen zerbait zen, eta inoiz ez nuen zalantzarik izan, egunen batean marka bat banuen marka hori Etxeberria izango zela. Zergatik? Nire amaren abizenagatik eta, bestetik, indar handia duela uste dudalako. Soinu aldetik irmoa da, eta atzerrian oso doinu interesgarria du.
Oraingoz, gizonezkoentzat bakarrik diseinatu izan duzu. Baduzu emakumeentzat diseinatzeko asmorik?
Orain, zentratzea da nire asmoa. Eta behin nire izena finkatzera heltzen bada, ez dut baztertzen emakumeentzat ere diseinatzea. Egia esan, emakumeek egiten ditudan gauzak ikusten dituztenean, normalean interes handia sortzen zaie. Eta horrek pentsarazten dit, egunen batean emakumeentzat diseinatzea pentsatzen badut ere, badakidala gutxi gorabehera nondik norako parametroak eta ildoak izango diren.
Arrakasta handia ari zara izaten pasarelan. Horrek bermatzen al du salmentetan arrakasta izatea ere?
Saldu ahal izateko jendeak jakin behar du munduan zaudela; bestela nork erosiko dizu! Eta are gehiago, nire kasuan bezala, produktu oso esklusiboak direnean. Beraz, pausoz pauso joan beharra dago. Lehenik, bilduma aurkeztu behar da; gero, jendearen artean interesik sortzen duen edo ez ikusi. Eta, hortik abiatuta ikusi produktu hori nola bideratu dezakezun merkatuan. Nire produktuek gainera, ziurrenik interes gehiago piztu dezakete Espainiatik kanpoko salmentetan. Baina beno, nik esan ohi dudan bezala, nahi nauten tokian, han izango naiz. Ez da aterik itxi behar. Orain horretan ari gara, nola bideratu daitekeen ikusten, eta interesa nola piztu daitekeen ikusten. Oraingoz, ezin naiz kexatu.
Pentsa liteke bide horretan sariek ere lagunduko dutela.
Bai, jakina. Gauza horiek batu egiten dute. Batetik, pertsonalki sariek esan nahi dutena dago, eta bestetik, erakusleiho bat da. Eta beraz, laguntzen dute, noski laguntzen dutela. Eta laguntzen jarrai dezatela!
Zenbateraino eragiten diote arrakastari kritikarien iritziek? Erakusleiho hori bera ere arriskutsu izan liteke uneren batean, ezta?
Argi dago moda argiaren abiaduran doala. Moda azkarra da, efimeroa. Gaur hor goian zaude eta bihar hor behean. Horregatik konstantziarekin eta lanarekin erakutsi behar da. Kritikak ez diot txarrak edo onak direnik, garrantzia duena da zutaz hitz egitea. Gerta dakizukeen okerrena da inork zutaz ez hitz egitea, ezaxola uztea. Bestalde, kritikak ongi argudiatuta badaude, kritika sendoak badira, serioak eta irizpidez eginak, onak edo txarrak izanda ere, aztertu egin behar dira. Kritikei modu positibo batean egin behar zaie aurre. Aztertzeko balio dute, eta beste egun batean, berriz ere akats berberak ez egiteko. Eta onak badira, ba, oso ongi!