“Haurrak ordubetez aho zabalik begira izatea da arrakasta”

Musikaren eta aitak sortutako abestien bueltan hazitakoa da Joxean Urbieta (Zarautz, 1961), Imanol Urbieta musikagilearen semea. Oraindik ere, musikak betetzen dizkio eguneko ordu asko, Donostiako Xirula Mirula musika eskolako irakaslea baita. Bi hamarkada baino gehiagoan izan zuen afizioaren hasiera ere musikak markatu zion: pailazoaren lana, hain zuzen. Euskal Herriko hamaika txokotan ibili baziren ere, Kakax, Kokox eta Kirriki Zarauzko hirukoak inoiz ez zuen lanbide izan pailazoena: “Ez dut esango inprobisatu egiten genuenik, baina esperientziarik ez genuen, inork ez zuen antzerkia ikasi, eta hasieran ez genuen kobratu ere egiten”, dio hastapenak gogoratuz. 1976 urte ingurua zen, eta hiru gaztetxo ziren: “Ez genuen gidabaimenik ere”. Traste guztiak hartu, eta trenez eta autobusez joanda egin zuten herritik kanpoko lehen saioa, Errenterian.

Kirrikiren rola hartu zuen berak, taldeko azkarrenarena; gitarra joz eta kantatuz gozatzen zituen umeak. Pailazokeria handienak, berriz, beste bientzat izaten ziren beti: Kakaxentzat (Joxemi Lukas) eta Kokoxentzat (Koldo Carbonell). “Nahikoa klasikoak” zirela gogoratu du Urbietak: “Batek haria eramaten zuen beti, eta beste biek nahastu egiten zuten dena. Umeak azken horiekin identifikatzen dira, eta, beraz, ni ez nintzen gaiztoa, baina ezta sinpatikoena ere”. Aldrebesena Kokox zen, eta hark bazuen mania bat, gainera: “Beti katiuska bat eraman behar izaten zuen: hanka batean oinetakoa eta bestean katiuska beti”.

Zarautzen hasi, herriz herri ibili eta San Mames futbol zelairaino iritsi ziren 1998. urtean. Beren ibilbideko gauzarik “bitxiena” horixe izan zen, Urbietaren hitzetan: “Bai Euskarari ekitaldian parte hartu genuen. Hainbat futbol estadiotan egin ziren ekitaldiak, eta toki onena egokitu zitzaigun guri: San Mames. Izugarria izan zen”. 38.000 lagun sartzen dira futbol zelai horretan. “Horrenbeste jende ez zegoen han, oholtzak ere tokia hartzen zuelako, baina sekulakoa izan zen”.

Ez zioten beste batzuen bideari jarraitu, profesionaltasunerantz, baina telebistan ere atera ziren haien ibilerak noiz edo noiz, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen eskutik: “Piter Ansorena [Mirri] irakasle izan nuen musika eskolan, eta hark jakin zuenean gu ere pailazoen munduan genbiltzala, beraiekin elkarlanean aritzera animatu ninduen, eta, hala, telebistako saio batzuetan parte hartu genuen; haiengandik ikasi genuen zerbait”.

Telebistako saioez eta Bai Euskarari ekitaldiaz gain, 1987ko Kilometroen jaia ere aipagarria da haien curriculumean. Izan ere, orain 25 urte Zarautzen ospatu zen Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, eta beraiek Kilometroen abestian eta grabatu zuten diskoan hartu zuten parte. Saltsaren erdi-erdian zeuden, izan ere: “Koldo [Carbonell], irakasletza ikasketak amaituta, Zarauzko ikastolan lanean ari zen, eta gure aita ere ikastolan ibilia zen. Parte hartzeko eskatu ziguten, eta guk baiezkoa eman genuen”. Urbietaren aitak abestia egin zuen. Zerbait gehiago egiteko asmoari helduta, disko bat plazaratzea pentsatu zuten, eta herriko eta eskualdeko hainbat abesbatza eta musikari bildu zituzten. Kakax, Kokox eta Kirrikik, berriz, gidoi bat landu zuten abestitik abestirako haria eramateko elkarrizketen bitartez. Kilometroen egunean bertan, berriz, bizpahiru saio egin zituzten: “Zarauztarrak izanik eta hirurok ikastolan ibiliak izanda, animatu egin ginen; gainera, ikastolako aurreneko promoziokoa nintzen ni, Andoni Egañaren kurtso berekoa”. Aurrez beste hainbat saio ere eginak zituzten beste herri batzuetako Kilometro, Ibilaldi, Herri Urrats eta halakoetan: “Halakoetatik beti deitzen ziguten”.

Musika eskolan ernetako egitasmoa

Zarauzko Musika Eskolan irakasleen laguntzaile moduan zebilen hirukotea pailazo lanari ekin aurretik. “Santa Zezilia egunean, urtero zerbait ospatzearren, film bat eman eta gero, merienda egoten zen umeentzat”, gogoratu du. Haurrentzako film egokienak, ordea, Walt Disneyrenak izaten ziren, Urbietak gogoratzen duenez; gaztelaniazko filmak guztiak ere. Eta horri buelta ematea bururatu zitzaien urte batean: “Filmak alde batera utzi eta beste zerbait egiteko, umeentzako antzerki bat prestatzea pentsatu genuen. Umeei pailazoak gustatzen zitzaizkienez, pailazoen saio bat prestatu genuen”. Lau lagun elkartu ziren: Urbieta bera, Carbonell, Lukas eta Joxean Elola. 15-20 minutuko gidoi txiki bat zuen saio bat eskaini zuten. Handik hilabete batzuetara, herriko Santa Marina auzotik deitu zieten, saioa berriz egiteko, eta egin egin zuten. Zarautzen hiruzpalau aldiz errepikatu zuten, eta Errenteriako dei harekin hasi ziren herritik kanpora ere ikuskizunak ematen. Elolak, saio batzuen ondoren, utzi egin zuen taldea. Umorez gogoratzen ditu hasierak Urbietak: “Penagarri ibiltzen ginen, gauza guztiekin alde batetik bestera. Baina 16-17 urte genituen, eta adin horretan, dena aurrera!”. Asteburuetan eta udan aritzen ziren haurrei irribarreak ateratzen. Ez, ordea, uda osoan: “Abuztua jai hartzen genuen, kar-kar”.

Euskal Herrian euskaraz jarduten zuten pailazo gutxienetakoak ziren, gainera: “Garai hartan Kixki, Mixki eta Kaxkamelon, orain Txirri, Mirri eta Txiribiton direnak, eta gu, beste talderik ez zegoen euskaraz”. Gaur egungo loraldirik ez zegoen artean, baina beraiek utzi aurretik ezagutu zuten gaurko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hasierako bertsioa; Takolo, Pirritx eta Porrotx, alegia: “Takolo eta Koldo [Carbonell] oso lagunak ziren. Haiek Lasarten zerbait egin nahi zuten, euskara indartzeko premia ikusten zutelako, eta gogoan dut gu ikustera etortzen zirela; animatu ziren eta begira noraino iritsi diren”. Hala ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen arrakastak inbidiarik ez diola sortzen dio: “Ikusten ditut, gustatzen zaizkit, lagunak ditut eta elkarrekin lan egin dugu, baina inbidiarik ez dut sentitzen. Momentu hartan sentituko nukeen, baina orain urrutitik ikusten ditut gauza horiek, oso urrutitik”.

Uste du gaur ibili izan balira beste zerbait egingo zutela: “Haurrekin diskoa kaleratzea edo halakoren bat otuko zitzaigun, baina garai hartan ez genuen halakorik pentsatu ere egiten. Orain, Pirritxek eta hauek urtero bat ateratzen dute. Guk ikuskizuna egiteko baliatzen genuen musika; haiek ikuskizunaz baliatzen dira diskoak eta bestelakoak saltzeko. Beste mundu bat da”. Ondo pasatzea zen hirukotearen helburua, “eta haurrak ordubetez aho zabalik edukitzea begira; hori da pailazo batentzat benetako arrakasta”.