“‘Dieta’-k baditu haurtzaroan komeni ez diren konnotazio negatibo batzuk”

Gizentasuna ez da helduen arazoa soilik; haurrei ere eragiten die, eta arrisku berberak dauzka, epe laburrean ikusten ez diren arren. Donostiako Poliklinikak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoan 8 eta 15 urte arteko bost haurretik batek dauka gizentasuna. Elikadura eta bizi ohitura txarrek ez daukate ondorio nabaririk haurtzaroan, baina bai heltzen hasten direnean: haur gizen batek hiru aldiz aukera gehiago ditu helduaroan ere gizentasuna edukitzeko, eta horrek dakartzan gaixotasunak ere lehenago agertzen zaizkie; besteak beste, bihotzekoak eta hipertentsioa.

Daniel Jimenez (Monterrey, Mexiko, 1960) Debagoieneko ospitaleko Pediatria burua da; hango haurren gizentasunerako klinika eramaten du. Sei eta hamalau urte arteko 80 pertsona artatzen dituzte han.

Arazo berria da haurren gizentasuna?

Apurka iritsi gara honaino; noski, AEBekin alderatuz gero, han aspaldiko arazoa da. Gertatzen dena da globalizazioarekin hango eragin handia jaso dugula, eta gero eta gehiago hartu ditugula hango jateko eta bizitzeko ohiturak.

Berdin eragiten dute elikadurak eta ariketa fisikoak gizentasunean?

Biak elkarrekin doaz. Alde batetik, elikadurari dagokionez, iparra galdu dugu; janari lasterraren aldeko apustua egin dugu, kaloria eta koipe asko hartzen ditugu, eta ez justu koiperik onenak. Bestalde, haurrek denbora asko pasatzen dute telebistaren edo ordenagailuaren aurrean, eta ondorioz, denbora gutxiago ematen dute ariketa fisikoa egiten.Ikerketa askok erakutsi dute telebistaren aurrean pasatutako orduen eta gizentasunaren arteko lotura.

Nola artatzen da haurren gizentasuna?

Lehenengo, elkarrizketa bat egiten diegu, haien ohituren berri izateko, eta gorputz masaren indizea neurtzen dugu. Analisiak ere egiten dizkiegu, gizentasuna beste gaixotasunen baten ondorio ez dela ziurtatzeko. Dena den, kasu horiek gizentasuna duten haurren %2 baino ez dira izaten; gehienetan elikadura txarragatik eta ariketa fisiko gutxiegi egiteagatik izaten da.

Gero dieta pertsonalizatua ematen diezue.

Beraiei ez diegu inoiz dieta hitza aipatzen, baizik eta elikadura osasuntsu eta orekatua. Dieta-k baditu komeni ez zaizkigun konnotazio negatibo batzuk, haurtzaroan eta nerabezaroan kaltegarriak izan daitezkeenak.

Nola bizi dute haurrek gizentasuna?

Gehienetan, eragin psikologikoa izaten da larriena. Ume horiek ia beti baztertu egiten dituzte, ezin dutelako kirola besteek bezala egin; gelako potolotxoak izaten dira. Horrek helduengan baino eragin handiagoa dauka haurrengan. Guk, klinikan, bete ditzakeen helburuak jartzen dizkiogu umeari: “Ea hurrengorako hau lor dezakegun”. Bestela frustratu egiten da.

Kosta egiten zaie tratamendua jarraitzea?

Patologia hauekin, gaixo askok uzten dute tratamendua. Emaitzak ez direnez berehala ikusten, asko frustratu egiten dira eta alde batera uzten dituzte medikuaren gomendioak, eta tratamenduak porrot egiten du. Guk hilero egiten diegu kontrola, gaixoaren konfiantza irabazteko; gainera, gurasoen laguntza ere bilatzen dugu.

Haurren gizentasunaz hitz egiterakoan, sarritan aipatzen dira eskoletako jangelak. Ikastetxeei ardura gehiegi egoztea dela uste duzu?

Eskoletako menuak aztertu ditugu. Umeak ez badu etxean elikadura egokia jasotzen, topatuko du desorekatzeko modua, ikastetxea hura orekatzen saiatu arren: albokoaren platera edo ogi zatia jango du. Eskolan ematen dietena halako bi jatera ohituta badaude, gose izango dira eskolan, eta gose hori asetzen saiatuko dira.

Nola zaindu daitezke haurren jateko ohiturak?

Guk gurasoei gomendatzen diegu ikus dezatela zer jaten duen haurrak eskolan, eta oreka dezatela gainontzeko elikadura horren arabera. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu egunero bost jatordu egitea: gosari eder bat, hamaiketakoa —jogurt bat, ogitarteko txiki bat edo fruta ale bat—, hiru platereko bazkaria, askaria eta afaria. Hori da ikusten dudan akats handietako bat: presaka dabiltzalako edo berandu esnatu dituztelako, umeek ez dute gosaltzen, edo edozer gauza gosaltzen dute. Horrela heltzen dira gero bazkarira: janaria irentsiz.