Leire Narbaiza
Mugaldean bizi izanda, eta nire herrialdean lanik aurkitzen ez dudanez, migratzaile bihurtuta nago eta ondoko herrialdera nabil lanean. Zortez, ez dut etxea laga behar izan, migrazio hori egunerokoa delako. Horregatik, muga egunean birritan zeharkatzen dut, joan-etorrian. Hori gertatzen zaigu migratzaile ekonomikooi, nahi baino gehiagotan pasa behar ditugula fronterak, ikusezinak badira ere.
Gure muga Schengen eremuan dago; beraz, mugimendu askatasuna bermatzen digu; baina ez da estatuen artekoa, ez dut pasaporterik aurkeztu behar igarotzeko, ez nortasun agiririk. Komunitate autonomoen artekoa ere ez da. Autonomia estatutu bera dugun herrialde biren gainean nabil etengabe. Nazio foral bateko taifen erreinuen arteko muga zeharkatzen dut lan egiteko.
Lurralde antolaketa hau zoramena da; nire iritziz, probintziakeria zentzugabea hain territorio txikian. Foralitate honek kaltea baino ez baitigu eragiten, batez ere naturalki probintziaz —bai, probintzia, ez dut lurralde historikoa idatzi nahi, demontre!— sarritan aldatzen dugunoi. Ez du ez hanka, ez buru.
A-8 autobidean dugu adibide garbia. Gipuzkoarra izanda, Gipuzkoarantz egingo banitu bidaiak, 35 euro ordainduko nuke tope hilean. Bizkaitarra banintz, ordea, eta Bizkairantz egingo banu, deskontua izango nuke. Baina gipuzkoar honek Bizkaiko herri bat duenez helburu, eta autopista bera erabili arren, ez dut ez deskontu ez toperik; kontrara, kontu korronte hustuketa. Berba batean, lapurreta egiten digute; ostea baita arantzel hori ezartzea, pertsona mugimendu librea beharko lukeen eremuan. Gainera, mugaldekoak zigortzen gaitu, hartu-eman naturalak ditugunok alderdi bien artean.
Badakit nazio forala eta aldundiak aldarrikatzen dituztenak ez daudela independentziaren alde, baina egunen batean lortuko bagenu, hori horrela geratuko litzateke? Jarraitu beharko genuke garraio-txartel bi izaten, bata ala bestea erabiltzeko bidaiaren arabera? Prezio desberdinekin? Tira, independentzia iritsi barik ere, burugabekeria hutsa da. Nahiago nuke nazio forala aldarrikatu beharrean, nazio florala —barkatu hitz joko erraza— aldarrikatuko balute; berdeago eta porlan gutxiagorekin izango litzateke, sikiera!
Dena den, herritarron dirutxoak edota erosotasuna garrantzitsuak izan arren, inork pentsatu du honek zelako eragina duen Autonomia Erkidegoan, Baskonian, Euskadin, Euskal Herrian, edo dena delakoan? Trinkotzeaz dihardut, sendotzeaz. Barne kohesiorako oztopoa eta enbarazua baino ez da. Harri bat gehiago naziogintzaren bidean. Txokokeria indartzen duelako; identitate hutsalak, oinarri gabekoak hauspotzen. Zoramen absolutua.
Era berean, konspiranoiko jarrita, galdetzen diot neure buruari zein interes ezkutu dauden proiektu ero honetan. Hori bultzatzen eta babesten dutenek zer duten kaskoan. Zer dela-eta desberdintasun arrazoi gabe horiek kilometro gutxitan? Erantzunak baino, galdera besterik ez dut.
Kontua da, horrela segituz gero, laster, Euskadi foral honetan check point-ak jarriko dizkigutela probintzien artean! Edo Bidasoan zegoen antzinako muga; txapel okerrak izan beharrean, mikelete eta foru poliziak. Karta berdea ere atera beharko dugu, eta kontrabandistak berpiztu! Tira, arantzelak pagatzen ditugu dagoeneko!
Barne mugek estutzeko baino ez dute balio, eta estutasunak ito baino ez du egiten!
Leave a Reply