Donostia, Azpeitia
San Sebastian eguna da gaur. Urtarrilaren 20a. Egun handia Donostian eta Azpeitian. Danbor hotsak gauerdian hasi ziren, eta ordutik ez dute etenik izan. Helduei lekukoa hartuta, ordea, haurren eguna da bereziki gaurkoa.
Danborrak hartuta, 4.906 haur izango dira gaur Donostiako kaleetan. Eguerdian Alderdi Ederretik Gipuzkoa plazarako bideari ekingo diote 45 ikastetxetako 52 konpainiek —zazpi ikastetxek bina konpainia osatzen dituzte—. Aurten haurren danborradako ohorezko karguak San Alberto Magno eta Deutsche Schuleko haurrei egokitu zaizkie. Errekalde Gastronomia elkarteko ikaslea izango da, berriz, Danbor Nagusia.
Aurten berritasun bat izango da, gainera: desfilean joan ohi den karrozan, 1813. urteko emakumeek zituzten langintzak irudikatzen dituzten lau bikote joango dira, Bella Easo eta haren bi damekin batera.
Azpeitian ere egun osoko egitarauaren barruan ospatuko da haurren danborrada. Ikasberri ikastolako eta Karmelo Etxegarai eta Iraurgi ikastetxeetako 600 haur inguruk hartuko dute parte. Itsasi dantza taldeak eta Juan Antxieta Musika Eskolako kideek ere hartuko dute parte. Hamar talde izango dira, orotara. 12:30ean Aranetik eta Artzubitik irtengo dira talde horiek. Aurtengo karroza, Rebeka Larrañaga azpeitiarrak diseinaturikoa da.