Antzerkira doazenen beldur handiena izaten da aktoreren bat hurbiltzea eta oholtzara ateratzeko agintzea. Horregatik egoten dira hutsik antzokietako lehen ilarak: ikusleak ikusle izan nahi du, eta ez besterik. Gasteizko Yokerendan antzerki taldeak, ordea, irauli egiten ditu oholtzaren alde bateko zein besteko rolak Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin batera antolatzen dituen antzerki foroetan; aurreko ostiralean Tolosako kultur etxean izan ziren.
Ikusleak dardarka jartzen dituen esaldi batekin hasi du emanaldia Blanka Ruiz Arrugaeta begiraleak (Gasteiz, 1980): “Orain, egunerokoan gertatzen diren hainbat egoera erakutsiko dizkizuegu, eta laguntza eskatuko dizuegu horiek aldatzeko”.
Hasteko, pertsonaiek euren burua aurkeztu dute. Ohiko pertsonak dira, ohiko arazoak dituztenak: batek arratsaldez egiten du lan; besteak Tolosan bizi nahi du; eta beste batek EGA gainditu nahi du behingoz. “Ea pertsonaia hauen desio eta zailtasunekin bat egiten dugun, gero lagundu nahi izango diegu eta”, zehaztu du Ruiz Arrugaetaren lankide Oihan Martirenak (Tenerife, Kanaria uharteak, 1983).
Pertsonaia horien artean daude Mari eta Iñaki bikotea; neska dantzaria da lanbidez, baina lan eskaintza bati uko egingo dio Iñakirekiko erru sentimenduek bultzatuta. Antzerkian zehar xantaia emozionala, sexu jazarpena, beldurra eta kontrola ikus daitezke pertsonaien arteko harremanetan. Amaieran, galdera argia egin die Ruiz Arrugaetak ikusleei: “Horrelako egoerak gertatzen dira?”. Publikoaren erantzuna baiezko borobila da.
Orain ikusleen txanda da: antzerkitik zer aldatuko luketen galdetuta, orotariko erantzunak eman dituzte publikotik. Proposamen bakoitzaren ostean, galdera berbera: “Nahi duzu zuk zeuk probatu?”. Gehienek nahi dute: emakume batek Mariren rola hartu du, eta argi eta garbi esan dio Iñakiri nahiago duela lanean segitu; gizon batek, berriz, lagunei kontra egin die, sexu jazarpen kasu bat saihesteko.
Antzerki foroak, funtsean, Zapalduen Antzerkia deritzon metodo batean du oinarria. “Antzerkia egiteko daukagun gaitasun natural hori gizarte aldaketarako berreskuratzea da helburua”, azaldu du Martirenak.
Gipuzkoan egin duten hirugarren saioa da Tolosakoa: aurretik Zarautzen eta Arrasaten egon dira. “Hemen ez badugu aldatzen, bizitza errealean ere ez dugu aldatuko”, esan zien Ruiz Arrugaetak Zarauzko saioan zeudenei. Hain zuzen, hori da Zapalduen Antzerkiaren funtsa: egunerokotasunean gertatzen diren egoera bidegabeak aldatzen ikastea. Oholtza segurtasun esparru egokia izan liteke errealitatean kosta egiten diren jarreren entseguak egiteko.
Publikoko norbait bere proposamena antzeztera ateratzen denero, bide berritik egiten du aurrera antzerkiak, istorioa noraino hel daitekeen ikusteko. Hala adierazi du Martirenak: “Beti jokatzen duzun bezala jokatu ordez, saia zaitez zerbait desberdina egiten, eta ikusi zein ondorio izan ditzakeen. Hori da ideia”. Ruiz Arrugaetarentzat, norbere botereaz jabetzea da asmoa: “Denok gara aktoreak, akzioaz jabetzen garelako, eta hortik errealitatean eragiteko gai garelako”.
Zapalketak atzematen
Berez, Hego Amerikatik datorren korronte bat da Zapalduen Antzerkia; Augusto Boal antzerkigileak sistematizatu zuen, 1960ko hamarkadan. Ruiz Arrugaetak azaldu duenez, antzerki soziala egiten zuen aurretik Boalek: “Behin, langileen matxinada bat antzeztu zuen Brasilgo MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko kideen aurrean. Nekazariei ederra iruditu zitzaien, eta aktoreei proposatu zieten benetan armak hartzeko eta matxinada gidatzeko”. Aktoreak zer erantzun jakin ezinik gelditu ziren, eta hura antzerkia baino ez zela azaldu behar izan zieten nekazariei: “Orduan, nekazari batek esan zuen: ‘Beraz, antzezlanean aipatzen duzuen isuritako odol hori geurea izatea nahi duzue, eta ez zuena’. Hor aldatu zen Boalen pentsaera, eta erabaki zuen ez zuela ezer antzeztuko bere kontura egingo ez zukeena”.
Ruiz Arrugaetak eta Martirenak Bartzelonan izan zuten korronte horren berri, eta “apurka” ari da Euskal Herrian zabaltzen. Mugarik Gabe GKEaren eskariari jarraiki prestatu dute Yokerendan taldearekin genero indarkeriari buruzko foroa, baina edozein zapalketa egoera lantzeko balio du haien dinamikak.
Zapalketa, ordea, ez da berdina leku guztietan, eta Hego Amerikako metodo guztiek ez dute balio Euskal Herrian, Ruiz Arrugaetaren hitzetan: “Europan, zapaltzaile eta zapalduen arteko bereizketa ez da horren argia, eta askotan barneratu egiten dugu zapaltzailea. Horregatik lantzen dira barruko zapaltzaileak bilatzeko teknikak”.
Martirenak azaldu duenez, oso aberasgarriak izan dira orain arteko saioak. Publikoak azkar ahazten ditu lotsak, eta ekarpen asko egiten ditu: “Gertutik ukitzen gaituzten gaiak dira; gure inguruan ikusten ditugu egoera horiek, eta, askotan, aldatu nahi izaten ditugu. Jendeari horiek aldatzeko aukera ematen diogunean, eskertzen du, eszenan bada ere”.
Bi sentsazio nagusirekin amaitzen dute ikusleek saioa: alde batetik, pertsonalak zirela uste zuten arazoak benetan arazo kolektiboak direla eta, bestetik, “gauzak alda daitezkeela”. Hori uste du Ruiz Arrugaetak. Aretoan nahikoa entsegu egindakoan bizitza errealean berdin jokatzeko gai izatea nahi lukete bi begiraleek. “Proposamena hori da: errealitate zati bat ekartzea, denon artean manipulatzeko, eztabaidatzeko eta bueltak emateko. Baina, noski, errealitaterako balio behar du. Gure ekintza pertsonal eta sozialetarako baliagarri izan behar du; horrek ematen dio zentzua”.