“Biotopoaren berezitasun nagusia, bat aukeratu behar balitz, haren balio geologikoa da”. Hala uste du Gipuzkoako Foru Aldundiko Biotopoaren zuzendari zientifiko Asier Hilario geologoak. Deba eta Zumaia arteko zortzi kilometro luzeko itsas eremua eta lehorreko lur eremu bat daude biotopo izendatuta 2009tik. Ordutik babestuta dago, eta, beraz, Motxo arrantzontziaren istripuak kezka eragin zuen orain urtebete, ezbeharra izan zenean. Hala ere, Hilariok “geologo gisara” azaldu duenez, istripuak “apenas” egin zion kalterik itsasertzeko flyschari: “Motxo herrestan 70 metro inguru eraman zuten flysch gainean, eta zati horretan arroka gastatu egin zen. Baina hori gerta daiteke ia edozein ekaitz gogorrekin”.
Aldundiaren egitekoa da hango balio geologikoa babestea eta egiten diren ikerketak koordinatzea, biltzea eta gizarteari zabaltzea, Hilariok esatera. Informazioa jakinarazteari “garrantzi handia” ematen dio zuzendariak: “Azken urteetan gure ahalegin handienak horretan izan dira; hor daude dokumentala eta liburua”.
Aurrera begira ere bide beretik jarraituko dute. Hain zuzen, orain ibilbide sare bat bukatzen ari dira, mendi gida batekin. 2012ko lan ildoak ere bide horretatik doaz: “Batetik gidarena dago, eta, bestetik, bertan egiten den lan zientifiko hori koordinatzen jarraituko dugu; urtean 50 geologo inguru joaten da ikertzera. Lana errazten diegu, eta gero lanak guri helarazteko eskatzen, hemen zabaltzeko”.