Nekazaritza kooperatiba batean egiten du lan, eta lanorduetatik kanpo ikus daiteke sona eman zion sega eskuan hartuta. Lagunarteko erakustaldiren batzuk egin ohi ditu oraindik ere Juan Manuel Erasunek (Aia, 1963), baina horiek gutxi dute garai bateko apustu handi haietatik.
1986. urtean jokatu zuen lehendabiziko sega apustua, 22 urte zituela. “Baserrian jaiotakoa naiz, eta bederatzi urte nituenerako segarekin aritzen nintzen lanean, beraz, makina bat saio egin nituen apustuekin hasterako”. Auzoarteko lehiaren ondorioz eman zuen apustuetarako pausoa. “Ados jartzen ez ginela eta, hori atzeratu egin zen, eta lehen apustua Bizkaiko garai hartako txapeldunaren aurka jokatu nuen”. Ondoren, bizilagunaren aurkakoa jokatu zuen, eta, gutxika-gutxika, apustutik apustura, bere lekua egiten hasi zen segaren munduan.
Garai hartako kirol izarra zen sega, eta asko hitz egiten zuen jendeak apustuen inguruan; Erasunen hitzetan, “eromena” zen. 1988. urtean jokatu zen “XX. mendeko” apustu entzutetsuena: Juan Jose Irazusta Asteasuko segalaria eta Erasun bera izan ziren aurrez aurre. “Hamar txapel irabaziak zituen Irazustak, eta segalari onenaren izena zuen; sega munduan jainkoa zen, eta niretzat ikaragarria izan zen berarekin lehiatzea, eta zer esanik ez, irabaztea”.
Segalari hasi, eta aizkorara pasatu zen; 1989. urtean. “Aita zenak eta osabak aizkoran egiten zuten, eta niri txikia nintzenetik gustatu izan zait, sega bera baino gehiago”. Horregatik, buruan aspaldidanik zebilkion ideiari eutsi, eta apustuetarako erreminta aldatu zuen. Aizkoran hasi eta berehala, aizkolari handienarekin neurtu zituen indarrak. “1990ean apustu handi bat jokatu genuen Olasagastik eta biok. 20 kanaerdikoa moztea, eta bi ordutan segan aritzea. Horixe zen lana, eta, alde txikiarekin izan bazen ere, galdu egin nuen”.
Horrela jarraitu zuen denbora askoan; apustuetan. Horietan, lanik handiena Tolosako zezen plazan egin zuen. “20 kanaerdiko ebaki nituen 40 minututan, eta hori izan da nire markarik handiena”, dio.
Segari berriro ere garrantzia eman, eta belarra ebakitzen hasi zen, ostera. Eta bere kirol ibilbideari amaiera eman zion urtean, 2005ean, Olasagastiren aurkako apustua errepikatu zuen. Bigarrengoan, Erasun izan zen garaile. Urte horretan, jokatu zituen estreinakoz Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak. “Lehiaketei baino garrantzi handiagoa eman izan diet apustuei, zuzenagoak direlako. Gainera, nik jokatu ditudan apustuak lan handiagokoak dira, eta bestelako prestakuntza eskatzen dute”. Dena den, bazuen lehiaketaren batean aritzeko gogoa, eta bere kirol ibilbideari amaiera eman zion urtea aukeratu zuen horretarako. Eta, ezin modu aproposagoan bukatu, apustu handi hura eta bi lehiaketak irabazi baitzituen.
Urte horietan guztietan “lagun talde ona” izan du inguruan. “Asko lagundu naute, eta asko zor diet; segan, esaterako, belar kilo asko ebaki daiteke, baina horiek bildu eta pisatzeko talde on bat ez baduzu lanak gutxirako balio du”.
Politikari lanetan
1998. urtean, “halabeharrez”, aldaketa “handia” eman zuen. Politikari bidea ireki zion Erasunek, eta hauteskundeak irabazi ostean, Zizurkilgo alkate izan zen Euskal Herritarrok alderdiarekin. “Bizitza berri bat eta kargu berri bat. Erronkak beti gustatu izan zaizkit, eta, apustuak bezala, alkatetza ere erronkatzat hartu nuen”. Politikan eman zituen urteak “ilusioz beteak” izan zirela dio, eta “oso gustura” egindako lan moduan gogoratzen du.
Politikan igarotako urteak “baikorrak” izan baziren ere eta alor hori atsegin badu ere, Erasunek ez du zalantzarik; “kirolaria” da bera, eta berarentzat lehentasuna kirolak du. “Oso kirolzalea naiz, kirolaria izan naiz, eta banaiz orain ere”.
Noizbehinka erakustaldiak egiteaz gain, Zizurkilen sortu zuten pilota eskolan ematen ditu orduak. “Hango arduraduna naiz; begiraleekin eskolak antolatzen ditut, txapelketak, egutegiak, beste taldeekin harremanak, gaztetxoei lagundu… taldearen koordinazio lanak egiten ditut”.