Getaria
Urtero legez, aurten ere txakolina izango da Getariako San Anton jaietako protagonista nagusietako bat. San Anton egunerako —astearterako, alegia—, egun osorako egitarau bat osatu dute Getarian. Goizean, diana izango da Gazte Alaiak txistulari taldearekin. 10:30etik aurrera, berriz, azoka, Harriarten. Meza nagusiaren ondoren, 12:15ean, txakolin uzta berria aurkeztuko dute, eta, gero, txakolina dastatzeko aukera izango da, Zabale eta Larrañaga trikitilariek girotuta. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak ere udaletxeko balkoitik bertsotan arituko dira, eguerdi partean. 18:00etan, herri kirol jaialdia izango da frontoian, eta, gero, bertsolariek eta trikitilariek beste saio bat egingo dute, udaletxeko balkoitik.
Dena den, San Anton egunetik harago, festa egun gehiago ere antolatu dituzte Getarian. Hain justu ere, gaur bertso jaialdia izango da frontoiko karpan, 22:00etan. Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan.
Igandean, IX. San Anton Zaldi Lasterketa egingo dute Malkorbe hondartzan, 13:00etan. 18:00etan, Orioko giza proba taldearen eta Getariako arraunlarien arteko lehia izango da, Harritarten. Hogei minutuko saio bat egingo dute, 800 kiloko harriarekin.
Astelehenean, erraldoi eta buruhandien kalejirak alaituko ditu Getariako kaleak, 19:00etan hasita; gauean, 23:30ean, erromeria izango da Joxe Mendizabalekin, herriko plazan.
Hilaren 22an amaituko da aurtengo San Anton jaietako egitaraua, igandez. Getariako Musika Bandak kontzertu bat eskainiko du Salbatore Donearen elizan.