Eider Goenaga Lizaso
Txirrindulariak errepidean mendian txanpiñoiak bezala ikusten diren garaiotan, bizikleta irteera berezia antolatu dute biharko, Andoainen. WNT multinazionalak, Andoaingo Mendi Metal Innovation Group enpresak eta Andoaingo Txirrindulari Eskolak elkarlanean antolatutako jarduera da, eta enpresa mundua, mekanizazioa eta txirrindularitza batzea du xede. 50-60 partaide izango dira, eta bi taldetan banatuta aterako dira Andoaingo Goiko Plazatik: 10:30ean lehena, eta ordu laurdenera bigarrena. WNTko kideek, WNTren bezero diren lantegietako langileek, Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideek eta WNT txirrindulari taldeko emakumeek osatuko dituzte taldeak.
Mekanizazioan aritzen diren enpresen hornitzaile eta aholkulari teknikoa da WNT, eta Austrian egoitza duen Ceraitizit enpresa taldeko kidea; Alemanian du kokagune nagusia, eta Sheffielden (Ingalaterra) eta Madrilen ere baditu egoitzak. 2014an WNT Pro Cycling txirrindulari taldea sortu zuten, Sheffielden, eta iaz emakumezko txirrindularitzaren elite mailara igo ziren. “WNT bada bizikleta fabriken hornitzaile, eta pauso horrekin txirrindularitzari lotu zitzaion gure izena”, azaldu dio Hitza-ri WNT Iberica (WNTren adar bat) enpresako zuzendari nagusi Ramiro Bengotxeak.
Ingalaterran eta Alemanian hainbat jarduera antolatu ditu WNTk enpresa mundua eta txirrindularitza batzeko. “Eta nik ideia Gipuzkoara ekartzea pentsatu nuen. Gure bezeroen %15 Gipuzkoako enpresak dira —350 inguru, gehienak enpresa txiki eta ertainak—, eta bizikletarako zaletasuna ere handia da hemen. Beraz, WNT taldea Emakumeen Biran parte hartzera zetorrela aprobetxatuz, antzeko kirol jarduera bat antolatzeko pausoak ematen hasi nintzen”.
Mendi enpresa da WNTren bezeroetako bat, eta bertako zuzendari Ibon Lete lotu zuen proiektura Bengotxeak. “Harreman komertziala dugu Mendi taldearekin, baina Ibonek eta biok harreman estua dugu, eta hari egin nion txirrindulariekin jarduera bat antolatzeko proposamena”. Gogo onez hartu zuen Letek. “Mendik 2010etik bilakaera handia izan du, zortzi laguneko taldea izatetik bi egoitza [Andoainen eta Oionen] eta 40 langile izatera igaro gara, eta enpresaren irudia ere aldatu dugu tarte horretan. Jauzi horretan lagun eta laguntzaile izan dut Ramiro, eta hark proposamena egin zidanean baietz esan nion berehala”. Aisia eta lana batzeko modu egokia iruditu zitzaion Leteri. “Lan eremua irekitzeko aukera bat da. Familiarekin baino denbora gehiago egiten dugu, maiz, lankideekin, bezeroekin, hornitzaileekin… eta ona da harreman hori lan esparru hutsetik ateratzea”.
Antolaketa eta ibilbidea
Antolaketan Mendi enpresaren babesa eskaintzeaz gain, Letek Andoaingo Txirrindulari Eskola sartu zuen egitasmoan. “Haiek antolatu dute proba”. Trukean, Letek Bengotxeari proposatu zion Andoaingo eskola nolabait saritzea. “Oinarrizko mailako kirolean aritzen direnak boluntarioak dira, lan handia egiten dute, ez dute sosik ikusten eta, normalki, diru beharrean izaten dira. Beraz, egun honen aitzakian, WNTk diru ekarpen txiki bat egingo du”. Bihar ateratzen den txirrindulari bakoitzak egiten dituen hamar kilometroko euro bat emango diote Andoaingo eskolari. “Modu horretan, hastapeneko txirrindularitzari laguntzen diogu. Beraz, zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto”, gaineratu du Bengotxeak.
Andoaingo plazatik irtengo diren txirrindulariekin “artzain lana” egingo dute Andoaingo Txirrindulari Eskolakoek. “Gure txirrindulariak joango dira aurrean eta atzean, ezagutzen ez dutenei ibilbidea erakusteko, baina baita taldea bilduta eramateko eta erritmoa zehazteko ere”, azaldu du Aitor Amutxastegi Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideak.
Andoaindik Zarautzera, Lasarte-Oriatik barrena; Getariatik, Garate igo eta Zumaiara; atzera Zarautzera, eta Andoainera berriro, Aiatik. “Ez da ehun kilometrora iristen, baina hortxe dabil. Hiru orduan egin daiteke, baina, geldialdiak ere izango direnez, 14:00ak aldera iritsiko da lehenengo taldea”.
Ibilbide osoan, eta haiek ere bi taldetan banatuta, WNT taldeko txirrindulariak (Rebecca Rimmington, Elise Maes, Katie Archibald, Hayley Simmonds, Natalie Grinczer eta Anna Badegruber) lagun izango dituzte. “Antzeko distantziak egiten dituzte beraiek ere, baina erritmo askoz ere azkarragoan. Hankak luzatzeko ariketa bat izango da beraientzat”, dio Amutxastegik.
Giro ona espero dute biharko, eta parte hartzearekin gustura agertu da Bengotxea. “Hemengo bezeroez gain, Alemania eta Ingalaterrako kide batzuk datoz, baina baita hemengoak ez diren bezeroak ere: Kataluniatik, Zaragozatik… WNT taldeak Emakumeen Bira urtero egitea gustatuko litzaidake, eta aitzakia horrekin proba hau ere errepikatu ahal izatea. Polita izango da”.
Leave a Reply