Unai Zubeldia
“Egun garrantzitsua da gaurkoa. Oso egun polita”. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak pozarren hitz egin zuen herenegun, Gipuzkoako Ingurumen Gunea deiturikoa eraikitzeko lanen hasierako ekitaldian, Zubietan. “Konpromiso honekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta hitza beteko dugu”. Ekondakin taldeak 30 hilabeteko epean amaitu nahi ditu errauste planta eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta egiteko lanak —biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa ere egingo dituzte—, eta beste 32 urtean kudeatuko ditu. Urbaser, Altuna y Uria, Moyua, LKS, Murias eta Meridiam enpresek osatzen dute Ekondakin, aldi baterako enpresen elkartea, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak apirilean eman zion erraustegia eraikitzeko ardura. 217 milioi eurokoa da lanen kontratua, eta aldundiak 25-30 milioi euro inguru ordaindu beharko ditu urtero. 5,5 hektarea hartuko ditu guneak, eta 120.000 metro kubo lur atera beharko dituzte handik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2002ko abenduaren 17an onartu zuen Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016 Plan Nagusia (HHKGPI), 2016rako hiri hondakinen %41 gaika bildu eta gainerakoa bi edo hiru errauste plantatan errausteko helburuarekin. Azken hamabost urteotan, ordea, hautsak harrotu ditu Gipuzkoako hondakinen kudeaketak. Asteazkena izan zen horren ispilu, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta herritar mordoa bildu zelako errauste planta egingo duten gunetik kilometro eskasera, “Errausketarik ez; ez gure izenean” irakur zitekeen pankarta horietan.
GuraSOS plataformak, berriz, aste honetan bertan jakinarazi du nazioartera joko duela errauste plantaren lanak gelditzeko helburuarekin. Meridiam nazioarteko inbertsio enpresa da Ekondakin taldearen bazkide nagusia, eta, Joxe Mari Izeta eta Joseba Belaustegi bozeramaileek azaldu dutenez, haiekin harremanetan jartzeko asmoa dauka plataformak. “Eskandinaviako pentsio funtsek finantzatuko dute Zubietako errauste planta. Meridiamen gutun etikoaren eta inbertsio arduratsuaren oinarrietarako konpromisoaren jakitun gara, eta gure gizarte ekimenen eta proiektuak epaitegietan egin duen bidearen berri emango diegu”.
Ustelkeria saihesteko kode etiko bat dauka Meridiamek, eta Urbaser Lezo operazioan nahastu zuten hilabete atzera. “Delitua frogatuz gero, enpresak hondoa jo lezake, eta hori arrisku faktorea da inbertitzaileen ikuspegitik”. Denen artean eraikiko den akordioa nahi du GuraSOSek, eta, bide horretan, bi egitasmo jarriko dituzte martxan datozen hilabeteotan: “Batetik, herritarrek hitza hartzea; prozesu parte-hartzaile bat lortzea”. Eta, bestetik, hondakinen kudeaketarako eredu berritzailea oinarri izango duen aktibazio ekonomikoa. “Gipuzkoa hondakinen kudeaketan erreferentzia teknologiko eta soziala izateko”. Erakunde, enpresa, institutu eta beste hainbat eragile bildu nahi dituzte Gipuzkoa+Technology egitasmoaren inguruan. “Jakintza eta energia politiko, instituzional, teknologiko eta soziala baliatuta, mundu mailan erreferente izango den industria oso bat sortu nahi dugu”.
Protesta horiekin bat egin zuten EH Bilduk eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko kideek ere. “Inposizioak ahaztu eta ados jartzen saiatzeko garaia da. Arduragabekeria da gaiarekin tematzea”. Monica Mora eta Maria Valiente Ahal Duguko kideek, berriz, gizartearen zati handi bati “entzungor” egin diotela salatu zuten. “Gehiengo hain baxua baliatuta ez dezatela hartu Gipuzkoarentzat atzera bueltarik izango ez lukeen erabakirik”.
Protestak protesta eta ekimenak ekimen, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek normaltasun irudia eman nahi izan zuten asteazkenean, errauste planta eraikiko duten gunean bertan. “Amesgaizto batean murgilduta geunden, eta behin betiko irtenbidea eman diogu esku artean geneukan arazo bati. Normaltasun osoz hasi dira lanak, eta bi urte barru amaituta egongo dira. Teknologia moderno, garbi eta seguruena erabiliko dugu lanak egiteko”. Hala aitortu zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak.
Lehen harria, 2011n
Olanok gaineratu zuen Gipuzkoa “eztabaida etengabean” murgilduta egon dela azkenaldian. “Baina proiektu honekin geure buruari eta mundu guztiari erakutsi diogu aurrera egiteko gai garela. Gipuzkoak oso urrats garrantzitsua eman du etorkizunari begira”. Inaugurazio ekitaldian kalera begira jarri zen ahaldun nagusia. “Batetik, arazoa konpontzeko eskatzen digute herritarrek, eta honekin konpondu egingo dugu arazoa; eta, bestetik, ingurumen ikuspegitik ahalik eta baldintza onenetan egitea eskatzen digute, eta horrela egingo dugu. Mundu mailako erreferentzia izango gara”.
2011ko martxoaren 17an jarri zuten Zubietako errauste plantaren lehen harria, legealdi haren amaieran. Baina EH Bilduk irabazi zituen 2011ko hauteskundeak, eta errauste plantaren egitasmoa geratzearen alde agertu zen hasiera-hasieratik. 2012ko uztailean, oposizioak kargutik kendu zuen Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzin, zentsura mozio bidez, baina hartutako bidean jarraitu zuen EH Bilduk, eta 2013ko uztailaren 12an erraustegia egiteko agindua bertan behera utzi zuen aldundiak. Azaroan, baztertu egin zuen proiektua. Orain bi urteko hauteskundeetan lehengoratu zen egoera, Olano ahaldun nagusi izendatu zutenean, PSE-EEren babesarekin. GHKn gehiengo osoa lortuta, legealdia amaitzerako errauste planta eraikiko zutela hitzeman zuten.
Leave a Reply