Zerbitzu publikoa eman nahi du Rikardo Arregi aldizkaritegiak

Larramendi Bazkunak 1994an sortu zuen Rikardo Arregi Aldizkaritegia. Helburu bera izan du beti: euskara hutsez publikatu diren aldizkako argitalpen guztiak bildu, eta ikertzaile eta kazetarien eskura jartzea. Arantzibiak bultzada eman dio proiektuari.

Egunotako kaxen joan-etorriarekin, aldizkaritegiak ez du ohiko lasaitasunik: “Lekurik gabe geratu, eta Topagunea federaziokoek fondoak hona ekartzea erabaki dute”. Unanuek azaltzen du beste fondoak direla dituzten aldizkari iturrietako batzuk. “Gainerakoak postaz jasotzen ditugu. Tarteka, etortzen da aldizkari zaharrak ekartzen digun jendea ere”. Aleak aurrez aldizkaritegian ez daudela konprobatu, sailkatu, katalogatu eta koadernatu egiten dituzte. Hezetasuna eta tenperatura kontrolatuz gordetzen dira.

Helburua egoitzako harrera ondoko ordenagailuetan jendeari gaikako bilaketak egiteko aukera ematea da. Orain katalogoa soilik kontsultatu daiteke. “Baliabide ekonomiko gehiago izaten ditugunean, gai bat sartu eta hori jorratzen duten aleak zeintzuk diren azalduko da”. Euskal kazetaritzaren historiari buruzko ikustaldiak ere egin nahi dituzte.