Aitziber Arzallus
Makina bat euri egin du Anjel Mari Peñagarikanok (Albiztur, 1957) aurreneko aldiz jendaurrean kantatu zuenetik. Baina urteek ez diote plazaz plaza segitzeko ilusiorik itzali. Erretiroaz galdetze hutsak barregura eragiten dio.
Kasu egin al diozu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari?
Orain arte, egunkariz. Nik ere saio dezente izan ditut, eta joaterik ez dut izan. Finalaurreko fasean, ordea, nik uste hiru saioak bertatik bertara ikusiko ditudala eta, noski, finala ere bai.
Zer iruditu zaizu orain artekoa?
Txapelketak beti izaten ditu ezusteak. Begira zer gertatu den: Jokin Uranga azpeitiarra finalaurrekotik kanpo geratu da eta baita Jexux Mari Irazu ere, Gipuzkoakoan bigarren eta Euskal Herrikoan finalista izandakoa. Ziklismo terminoetan, batzuetan gertatzen da bertsolari batek txakalaldia izan, etapa batean kale egin eta karreratik kanpo geratzea.
Zerbaitek harritu zaitu onerako?
Ugaritasunak. Etxe aldera eginez, harro egon naiteke Tolosaldeko bertsolari askok parte hartu dutelako eta eman duten mailagatik, nahiz eta denek aurrera ez egin.
Zuk 1991n irabazi zenuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herrikoan hainbatetan izan zara finalista. Txapelketak gustuko izan dituzu?
Bertsotan, txapelketei esker egin ginen gu ezagun. Horregatik, parte hartu beharra neukan. Baina irregularra nintzen oso. Euskal Herriko final batean, goizean bigarren egin nuen, eta arratsaldean, azkena. Baina, oro har, uste dut gustura egoteko moduan nagoela, parte hartu dudan txapelketa guztietan finalera iritsi naizelako.
Txapelketak erakusleiho ona dira bertsolari gazteentzat.
Bai, noski. Bestela, nondik nora egin bidea? Zerbait egin nahi duenak han edo hemen azaldu beharra dauka. Kantari ona denak disko bat atera edo telebistako programa batean parte hartu beharra daukan bezalaxe. David Bisbal nola egin zen ezagun? Operación Triunfo-n aterata. Hori ere txapelketa da.
Noiztik ez zara aurkezten txapelketa batera?
[Andoni] Egañak Euskal Herriko lehenengo txapela irabazi zuenetik. Egun txarra izan nuen hura, nire kotizazioa dezente jaitsi zen, eta pentsatu nuen orduantxe zela garaia. Nik bertsolaritzan gauza bat daukat garbi: zoaz esan baino lehen banoa esango dudala. Eta txapelketekin horixe egin nuen.
Molde zaharreko bertsolaria zara zu, bertso eskolatik pasatu gabea. Hasiera haietatik hona zertan aldatu da bertsolaritza?
Denean, gizartea baita aldatu dena eta harekin batera bertsolaritza. Ni Albizturren jaio eta hazia naiz; herriko ostatuko semea. Garai hartako bertsolariak eta sasi-bertsolariak han ikusten nituen, tabernan. Eta gu ere halaxe hasi ginen: igande arratsaldeetan batera eta bestera joan, eta bati eta besteari kantatuz. Orain aukera gehiago daude, baina bertsolari gehiago ere bai. Eta orduan ere zaila bazen, orain are zailagoa. Nik beti anekdota moduan kontatzen dut bazela bertsolari bat Albizturren, ilargira zeharka joateko moduko etxe batean bizi zena, Millan Telleria. Bada, pentsa, Zaldibiatik Patxi Iraola joan zen haren bila, bertsolari gazte hura ezagutu eta jaialdiren batean parte hartzeko eskatzera. Orain ez dago horrelakorik egin beharrik. Edozein bertso eskolatara joatea nahikoa da Telleriak eta nik bertsotan egiten genuen adina egiten duten hamar edo hamabost gazte topatzeko, ikasten behintzat oilaskoak granja batean adina ari direlako.
Lehenengo plaza Errenterian egin zenuen, 22 urterekin. Nola gogoratzen duzu hura?
19 urterako, lagunartean-eta kantatzen nuen, eta noizbait joan ere bai jendaurrean kantatzeko intentzioarekin. Orduan, saioa hasi aurretik momentuan bertan ematen zen izena, baina Telleria, [Mikel] Mendizabal, [Jexux] Arzallus eta abar ikusi, eta atzera egin nuen. Gero beste hiru urte ezkutatuta pasatu nituen, beldurtuta. Azkenean 22 urterekin egin nuen lehen plaza. Baina beti esaten dut 18 urterekin debutatu izan banu hobe, artean lotsagabea zarelako. Debuta egin nuen, oso gaizki pasatu nuen eta ondorenean ere halaxe pasatzen nuen, beti barregarri gelditzeko beldurrez.
Lotsagabe itxura gehiago daukazu bada lotsatiarena baino.
Telleriari-eta beti esaten diet: lotsagabe fama jarri zenidaten zuek, baina lotsagabeak zeuek zineten. Irudia hala emango nuen, baina nik pasatzen nituen beldurrak eta tripako minak! Oso urduria nintzen, eta neure burua estutu egiten nuen. Janak ez zidan onik egiten, eta joandako lekuetan egundokoak aditu behar izaten nituen. ‘Ze bertsolari klase haiz hi? Gehiago jan beharko duk ba!’, esaten zidaten, eta nik ezin.
Urtean zenbat saio egiten dituzu gutxi gorabehera?
Oraindik 85 bat bai. Nik 25 urte nituenean Lazkao Txikik-eta zuten orain nik dudan adina, eta izugarri zaharrak ziren. Nik pentsatzen nuen: hauek dituk azkenengo bertsolariak adin horretan kantatuko dutenak. Adin hori etorri zait eta Sebastianekin [Lizaso] plaza asko egiten ditut. Oraindik urtean 85 plaza egitea da bizitzak eman didan eskupekorik handienetakoa.
Hasierako ilusio bera egiten al dizu norabait bertsotara joateko gonbidapena jasotzeak?
Bai, sekulakoa. Gainera, neurri ederra da; lan eginez horrenbeste plaza aise egiten ditut.
Ondo moldatzen al zara bertsolari gazteekin?
Gozatu egiten dut gazteekin kantatzen, gozatu. Nire muga ingelesa da. Haiek ingelesez hitzak sartzen dituzte, eta nik ezin ulertu, baina gero igual latinez erantzuten diet. Nola edo hala, moldatzen naiz. Ingelesez ez dut sekula ikasiko, baina beste gauza asko gazteei esker ari naiz ikasten.
Zein da horrenbeste urtean punta-puntan eutsi ahal izateko sekretua?
Gogorik ez galtzea. Esaten dute “urrundu ondotik, urrundu gogotik”; alegia, hasten bazara zeu urruntzen, trenak alde egiten duela eta tren hori gehiago ez dela harrapatzen. Nik zortea izan dut; gogoa beti izan dut, eta jendeak deitu egin dit. Lehengo belaunaldikoekin kantatu dut, neurekoekin ere bai, eta hurrengokoekin ere kantatzen dut orain. Eta ez naiz sekula sentitu lekuz kanpo, nahiz eta askoz gazteagoekin jardun, eroso sentitzen naiz. Nik sentitu izan banu haiengandik mespretxu edo gutxiespen punturik, honezkero ihes egin nuen. Baina ez, estimatua sentitzen naiz.
Orduan, erretiratzeko asmorik ez daukazu?
Erretiratuko naiz argizaria bezala bukatzen naizenean.
Txapelketako saioetan jende asko dabil. Bestelako jaialdietan ere bai?
Ez gaude kexatzeko moduan, udan ere gu joan garen lekuetan jende asko ibili da. Ikusten da estimazioa badagoela. Kritika bat egin beharko banu, Euskal Herriko azken txapelketako finalean zenbaitek izandako jarrera aipatuko nuke. Bertsolariak kantuan ari ziren garaian jendearen mugimendu hura nik ezin nuen jasan.
Ausartzen al zara finalisten kiniela egiten?
Ezusteak beti izaten dira, baina nik uste Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre beteranoak hor izango direla. Alaia Martin eta Agin Rezola ere ondo ibiliko dira.
Leave a Reply