Espetxe sistemak, gizartera ohitzen lagundu ordez, kontrako funtzioa betetzen du sarri, eta kartzelatik kanpo lagun edo seniderik ez duten pertsonak guztiz babesgabe uzten ditu; askatasuna ere presondegi bihur dakieke nora jo ez dutenei. Arrats elkartea 1999tik ari da kartzelatik irtendako edo irtetear dauden pertsonei laguntza ematen. Donostia inguruan aritzen dira, eta aholkularitza lana egiten dute gehienbat, baina etxebizitza bat ere badute, espetxetik irtendakoek lehen urtea pasatzeko. Irati Mañeru (Lesaka, Nafarroa, 1986) gizarte langileak etxebizitza horretan egiten du lan.
Zein da etxebizitzaren funtzioa?
Kartzelako esperientzia daukaten pertsonei ematen diegu arreta; bai kartzelatik irten direnei, eta bai kartzelan egonda hirugarren graduan daudenei ere, edo baldintzapean. Guk espazio bat ematen diegu, euren bizitza berriro martxa jar dezaten. Etxebizitzaz gain, hor gauden hezitzaileok ere laguntza eta orientazioa ematen diegu prozesu horretan. Bost leku finko ditugu, eta beste seigarren bat une jakinetarako; baimenetarako, adibidez.
Urtebete nahikoa izaten da?
Egia da pertsonaren egoeraren arabera desberdina izaten dela, baina guk uste dugu urtebetek nahikoa izan behar lukeela pertsona batek bere bizitza martxan jartzeko. Denetarik dago: bi urte daramatzagu lan honetan, eta bi urte hauetan hamazazpi bat pertsona pasatu dira; horietatik erdia beraien bizitza egiten ari dira. Batzuek lana topatzen dute; beste batzuek diru laguntzen bitartez alokatzen dute logela bat, eta posible dute independizatzea; eta beste batzuek ez dute behar bezala bukatu prozesua.
Nolako kasuak izaten dira etxebizitzara iristen direnak?
Egia da gure pisuan soslaia nahiko bikaina dela. Azkenean, ezin diegu egun osoan arreta eman, beraz, pertsonak hartzen ditugunean, autonomia nahikoa izatea eskatzen diegu; ez izatea pertsona gatazkatsuak, edo eguneko 24 ordutan arreta behar dutenak. Arduratsuak izatea, eta gai izatea euren kontura bizitza egiteko.
Kartzelatik irten baino lehen ere joaten dira batzuk; hirugarren graduko presoak, hain justu. Nola kudeatzen duzue hori?
Hilero izaten ditugu bilerak Martuteneko kartzelako arduradunekin. Haiek ikusten badute norbait gure etxebizitzarako modukoa izan daitekeela, eta beharra duela, atera aurretik pertsona horrekin jartzen gaituzte harremanetan. Langraizko (Araba) espetxera ere joaten gara hilean behin, etorri daitezkeen pertsonak ezagutzera. Normalean, pertsona batek askatasunera iritsi aurretik ere behar izaten du laguntza; familiak jarraipena egiten dio eta hirugarren gradua eskuratzeko behar den papera sinatzen dio. Familiarik ez dutenek zailagoa dute hori lortzea; orduan, guk betetzen dugu egiteko hori.
Hirugarren gradukoek zein erabilera ematen diote etxebizitzari?
Hirugarrenean daudenek asteburuan pisuan egiten dute lo, eta aste barrenean kartzelan. Baina egun osoan egon behar dute nonbait; horretarako dago etxea. Denbora horretan prestatzen eta lana bilatzen aritzen dira.
Kontuan izaten dituzue pertsonen delituak, haiek aukeratzerakoan?
Ez; kontuan edukitzen duguna da dituzten gaitasunak. Normalean, zerbait egiteko eta aurrera ateratzeko gogoa daukaten pertsonak izaten dira; horregatik esaten dugu urtebetean bizitza egiteko gai direla. Autonomia maila bat daukate. Ez dugu baloratzen delitu mota; ezagutzen dugu, hori bai, batez ere garrantzitsua delako jakitea zein arazo izan dituen, berriz ez errepikatzeko. Alkohola edo droga baldin badago tartean, horiek landu egin behar dira.
Zeintzuk izaten dira euren bizitza berriz martxan jartzeko oztopo nagusiak?
Pertsona bat kartzelatik ateratzen denean, lehendabizi kokatu egin behar da. Hori kartzelan egindako denboraren araberakoa ere bada; badago jendea kartzelan hamabi urte egin dituena, eta asko kostatzen zaiona ateratakoan erritmoa hartzea. Behin jada txipa aldatu dutenean, zailena lanaren kontua da.
Estigmatizazio soziala handia da? Eta horrek nola eragiten du lana bilatzerakoan?
Guk dauzkagun pertsonak ez daude fisikoki horren hondatuta; ezin dira horren erraz etiketatu, baina beraiek sentitzen dute etiketa dutela jarrita. Gaitasunak badituzte, baina azalpenak ematerakoan arazoak izan ditzakete. Pertsona bat sei hilabete bakarrik egon baldin bada, gaur egun hori azaltzea erraza izan liteke, baina hamabi urte egon zarenean oso zaila da. Egia da hainbeste denbora egon zarenean, zoritxarrez, buruko osasuna ere ez daukazula oso ondo. Ez da erraza kartzelan bizitzea, eta horrek bere ondorioak uzten ditu.
Dena den, zuen kasuak gehiago izango dira luzez kartzelan egondakoak, ezta? Pentsatzekoa da denbora gutxi egin dutenek laguntza gehiago dutela kanpoan.
Azkenaldian izan ditugu nahiko denbora gutxi egon diren pertsonak ere. Gaur egun dena ari da delitu bihurtzen: badago bere seme-alabei pentsioa ez ordaintzeagatik sei hilabeterako sartzen duten jendea. Horiek bizitza guztiz antolatuta zeukaten, eta espetxeak guztiz aztoratzen die bizitza. Delitu berriak ari dira agertzen, eta horiek egiten dituzten pertsonek askoz bizitza normalizatuagoa dute. Nik uste gaur egun gero eta mundu indibidualizatuagoa daukagula; familia sarea ahulagoa da, eta hori nabaritzen da. Harremanak hausten ari dira, eta gero eta jende gehiago dago bakarrik.
Kartzela sistemak balio du gizarteratzeko?
Nik uste pertsonei, on baino gehiago, kalte egiten diela; ez du betetzen bete behar lukeen funtzio hezitzailea. Gainera, esaten dute: “Hirugarren gradua hor dago, lana bilatzen hasteko”. Bai, baina ez da hain erraza; beti daukate hanka bat barruan, edo lanpostu bat topatzen dute eta ordutegia tramitatzeko astebete behar dute, eta lana galtzen dute. Sistema nahiko geldoa da, oso burokratikoa, eta horrek zailtasun asko dakartza gizarteratzeko.