Leire Narbaiza
Orain egun batzuk informatibo guztiek kontu berarekin zabaldu zituzten emanaldiak. Inpaktuko albistea omen zen. Marta Ferrusola Jordi Pujolen emaztea zuen protagonista, eta kontatu ziguten ostu ei dituzten diruak berak kudeatzen zituela kongregazio bateko ama nagusia balitz legez.
Antza denez, Ferrusolak Andorran zeuzkaten kontuen arteko diru-aldatze aginduak ematen zituenean “ama nagusia” gaitzizena erabiltzen zuen. Bere erabiltzaile izena horixe zela, alegia.
Baina zer dela-eta hainbesteko eskandalua? Notizia da hori? Eta hala bada, albistegi guztiak zabaltzeko adina errebelaziorik badu? Zer dago horren atzean? Zer adierazi nahi digute komunikabide handi horiek tontakeria hori lehen lerrora ekarrita?
Nik argi ikusten dut zein familia soslai eman nahi diguten: aita, Jordi Pujol lehendakaria, lapurra da, konforme. Baina benetan ankerra eta zitala dena Marta da, familiako ama. Berak mugitzen dituelako klaneko hariak. Batetik, Pujol aita prakanasai huts moduan irudikatzen dute; eta bestetik, etxeko (eta familiako) boterea amarena da. Matriarkatu zitala dela pujol-ferrusolatarrena!
Sorgin gaiztotzat perfilatu digute Marta. Hau da, sehaskari eragiten zion eskua dela. Emakume doilorra. Mafiari buruzko filmetan “la mamma” izango litzatekeena. Alegia, familiako gizonak azpiratzen zuen ama maltzurra. Emakume eredurik kaltegarriena: manipulatzailea. Sekulako hats misoginoa hartu diot berria horrela haizatu eta hauspotzeari. Amak ez direlako horrelakoak izan behar.
Amak maratzak izan behar direlako. Goxoak eta amultsuak, ulerkorrak eta maitagarriak. Seme-alaben zerbitzura daudenak 24 orduz 365 egunetan. Beti adi eta ernai, badaezpada ere. Umeen nahi eta gurariak, euren gogo eta desioen gainetik jartzen dituztenak maitasun hutsez, trukean ezer jaso barik. Hori da eredua.
Horrela ibili ginen adar jotzen aurreko larunbatean lagun bati. Semeak eskatu zion futbol partidara joateko, baina berak beste plan batzuk zeuzkalako, ez zen joan partida hartara. Zirikatzaile ederrak elkartu ginen mahai haren bueltan eta etengabe esaten genion “ama txarra zara” barre artean.
Ama txarrarena txantxetan bota bagenion ere, ziur naiz pertsona askok hori pentsatuko dutela pasadizo hori entzundakoan. Oso-oso barneratua dugulako sakrifizioaren ideia, amaren sakrifizioarena. Bere kontuak laga eta kumeen kontuei lehentasuna eman. Heziketaren ondorio.
Ikastetxe katolikoetan ibili garenok edota frankismoaz eskolan gozatutakoek maiatzero kantatzen genuen “Con flores a María, que madre nuestra es“. Izan ere, maiatza da Ama Birjinaren hilabetea, ama onen eredu gorena. Lorailean ez da alferrik izaten Amaren egun kontsumista. Gauza guztiek dute zergati bat, eta heziketan islatzen dira. Loreak amarendako.
Maistraki esan zuen Miren Amurizak maiatzaren 7ko zutabean, Amaren egunekoan “Hil dezagun Ama”. Amurizak zioskun maiuskulaz idazten den Ama hil behar dela: “Unibertsala, bat eta bakarra; funtzio erreproduktiboa, zaintzaile sena, berezko duen emea; oh, haren zilborrestea; eme beti femenino eta etxekoia; aitaren konplementua eta seme-alaben menpekoa; jainkotiarra eta ahalguztiduna; Santa Ama; Super Ama”.
Ados nago ni ere. Santutu dugu amaren papera, baina ez dezagun ahantz Super Ama La mamma ere izan litekeela, ona, txarra eta erdipurdikoa. Finean, emakume arrunta. Santutasunik gabe.
Leave a Reply