Bisitari zahar eta berriak erakartzen jarraitzen du Herri Musikaren Txokoak

Urtez urte gehiago dira Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa (www.herrimusika.org) bisitatzera joaten direnak: 2011n aurreko urtean baino jende gehiago joan zen Oiartzungo Ergoien auzoko eskola izan zen eraikinera, eta, guztira, 3.700 lagun pasatu ziren herri musikari buruzko museotik. Juan Mari Beltran museoko arduradunaren arabera, 2010eko aparteko bisiten ostean, 2011n egonkortu egin da kopurua: “Krisia dela eta, aurten batzuk ez dira etorri, baina gehienek mantentzen dute ikasturtean behin egiten duten bisita”. Hain justu, bisita gehienak ikastetxeetako ikasleenak eta Internet bidezkoak izaten dira.

Arrakasta horren arrazoi nagusia eskaintzan dagoela iritzi dio Beltranek: “Asmatu dugu bakoitzari behar duena ematen”. Bezeroaren arabera, bisita mota bat egiten dute. Esate baterako, hiru urteko haurrak ere izan dira museoan, eta ohiko iraupeneko bisita egin dute. Edukia izan da ezberdina: ipuinak kontatu, soinutasunaren historiaren berri eman, soinu tresnak desmuntatu eta berriro muntatu…

Museoak, bestalde, askotariko musika tresnak biltzen ditu, eta Euskal Herriko eta kanpoko 1.200 tresna ditu. Erakusketan 400 tresnatik gora daude. Horrez gain, biblioteka, fonoteka eta irudi artxiboa ere baditu, eta mota askotako tailerrak ere eskaintzen ditu.

Azken finean xedea musika ezagutu eta musikarekin gozatzea dela adierazi du Beltranek. Helburu zehatzagoak ere badituzte, eta garrantzitsutzat jo du hezkuntza mailan ere parte hartzea; ez soilik eskola eta institutu mailan, baita musika eskolen mailan ere. Ikasleez gain, euskal kulturan eta euskal musikan dabilen jendea eta jende arrunta ere erakarri nahi dute.

2012a estreinatzearekin batera, izaera ere estreinatu du, gainera, Herri Musikaren Txokoak: Soinuenea Fundazioa sortu du. 1995ean proiektua martxan jarri zutenean argi zeukaten izaera propioa zeukan elkarte bat sortzea zela helburua. Orain arte, Oiartzungo Udalaren proiektu izan dira, baina orain iritsi zaie izaera juridiko propioko elkarte izateko aukera.

Hemendik aurrera, beraz, Soinuenea izango da izen ofiziala, eta herri musikaren txokoa izen deskriptiboa: “Txokoa izen goxoa da, baina etxea sendoagoa”, azaldu du Beltranek.

Erakusketatik kanpo

Herri Musikaren Txokoak ez ditu erakusketak bakarrik antolatzen, eta beste ekintza batzuk ere prestatzen ditu. Batetik, Oiartzungo Herri Musika Eskola sortu du, eta, pixkanaka, presentzia areagotzen ari da. Bestetik, urtaro bakoitzean kontzertu bat antolatzen du: 2002ko udaberritik 40 kontzertu eman dituzte. Orain, negukoaren txanda da. Bihar izango da, 18:30ean, museoan bertan.

Ohi bezala, Euskal Herriko eta kanpoko ordezkariak taularatuko dira biharko emanaldian; Venezuelako Ynarhu eta Mao Fermin eta Zuberoako Mixel Etxekopar. Musikariak ezberdinak izateaz gain, musika bera ere ezberdina izatea nahi dute. Hala, venezuelarrek batik bat ahotsa landuko dute, eta Etxekoparrek, xirula.

Kontzertuaren ostean, musika gehiago nahi dutenentzat afari-kontzertua izango da, 18 euroren truke. Bertan, janariaz gain, kontzertuko kideen musika entzun eta norberak bere gaitasuna erakusteko aukera ere izango du.