Soldatak izoztea, langileek hamasei lanordu gehiago egitea eta, oro har, malgutasun gehiago izatea. Datozen hiru urteetarako, proposamen horixe egin du Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak metalaren ituneko negoziazio mahairako. Adegiren arabera, Gipuzkoako ekonomia bezala, metalaren sektoreko enpresak ere “egoera kritikoan” daude, eta, horrenbestez, haren eskaerek “beharraren irizpideei” erantzuten dietela adierazi du. Hala, Adegiren arabera, beharrezkoa da merkatuaren beharretara egokitzeko aukerak eskaintzen dituen lan ituna, krisitik irteteko bide “bakarra” hori dela iritzi baitio.
Adegiren arabera, metalaren sektorean Gipuzkoan dago lanaldirik murritzena. Aldiz, soldatak batez bestekotik goiti daudela dio.
Sindikatuek, berriz, guztiek baztertu dute Adegiren proposamena. LABek salatu duenez, “onartezina” da enpresaburuen proposamena, eta enpresaburuei jakinarazi die ez duela sinatuko atzerapausorik eragingo duen itunik. Hain justu, LABek soldatak KPI + %1,5 igotzea proposatu du, urtean ordu gutxiago lan egitea eta behin-behineko kontratuak mugatzea. LABen arabera, izan ere, kaleratzeak “soilik” dakartza malgutasunak.
ELAk, berriz, “moztutako” eta “eduki duinik gabeko” itun bat proposatu izana leporatu dio Adegiri. CCOOk jarrera “atzerakoiak” baztertzeko eta kontaktuen hasieratik “oztopoak” jartzen ez hasteko eskatu dio Adegiri. UGTk ere lanpostu egonkorrak bultzatzearen, eskubideak sendotzearen eta soldatak igotzearen alde hitz egin du. Sindikatu guztiak bat etorri dira soldata igoera eskatzerakoan.