Usurbilgo Udarregi udal haur eskolako koordinatzailea da Vero Manterola (Usurbil, 1984). Zazpigarren urtez elikatuko dituzte haurrak janari ekologikoekin. Proiektua ikastolara ere zabaldu daitekeela adierazi dio Gipuzkoako Hitza-ri.
Lehenak izan zineten haurrei menu ekologikoak ematen.
Haur eskola 2001ean sortu zen, eta 2004ko maiatzean hasi ginen janari ekologikoa ematen. Nik dakidala, artean Ekolapiko ez zen existitzen, eta, existitzen bazen, guk ez genuen haren berririk. Gero, gurekin harremanetan jarri ziren, eta beste ikastetxeetan gure proiektua azaldu zuten.
Lehenik, hala ere, sukaldaria bertan eduki ala ez erabaki behar izan zenuten haur eskola ireki zenutenean, ezta?
Hala da. Jana kanpoko enpresa batetik ekarri ala sukaldea eta sukaldaria bertan jarri; hori erabaki behar izan genuen, eta bigarrenaren alde egin genuen. Gero erabaki zen hemen egindako janaria ekologikoa izatea.
Nola moldatzen zarete jaki ekologikoak aurkitzeko?
Dena, edo ia dena, herrian bertan erosten saiatzen gara: arraina bertako arrandegian erosten dugu; oilasko ekologikoa, herriko harategi batetik ekartzen digute; barazkiak ere hemen erosten ditugu; eta jogurtak inguruko herri bateko baserri batetik ekartzen ditugu. Menua bera aditu batek egindakoa da; orekatua da. Hala, askotan zerealak sartzen ditugu barazkietan; artatxikia, kina… Horretaz gain, garaian garaikoa kontsumitzen saiatzen gara.
Laguntzarik jasotzen al duzue, esaterako, instituzioen aldetik?
Udalak asko laguntzen digu ekonomikoki, hau aurrera eraman ahal izateko. Beraz, gurasoentzat aukera hau ez da garestiagoa; catering baten kostu bera du.
Laguntza ekonomiko hori ez balego, menu arruntak balio duen baino gehiago ordaindu behar al lukete gurasoek?
Ikastolan ere gure eredua jartzeko aukera aztertzen ari dira, han catering zerbitzua dutelako. Horregatik, badakit batetik besterako aldea txikia dela: kuotan hilean hiru euro gehiago edo halako zerbait kostatzen da ekologikoa.
Beraz, Usurbilen, haur eskolatik ikastolara pasatuko diren haurrek elikadura mota horri eusteko aukera izan dezakete etorkizunean, ezta?
Aukerak badaude, bai. Izan ere, datorren urtean ikastolaren ondora goaz; bi eraikinak ondoan egongo dira, eta sukalde berria eta handiagoa izango dugu.