Unai Zubeldia
“Topaleku” izateko sortu zen Euskal Herriko Batukaden Topaketa, 2013an. “Urtean behin ahal bezainbeste batukada elkartzea zen erronka, eta normalean bakoitzak bere kasa egiten dituen lanak gune horretan azaleratzea”. Arkaitz Sukuntza donostiarra (1986) buru-belarri murgilduta dabil antolaketa lanetan; hark azaldu du zer bilakaera izan duen topaketak azken urteotan. “Lasarte-Orian sortu zen mugimendua, Dinbi Banda batukada taldearen eskutik, udalaren laguntzarekin”. Hiru urtez, bertan egin zuten topaketa. “Baina mugimendua Euskal Herrira zabaltzea interesgarria izan zitekeela pentsatzen hasi ginen”.
Eta, ideia horri segika, Zornotzara (Bizkaia) pausoa eman zuten iaz, Zaparrada batukadaren eta udalaren laguntzarekin. “Oso arrakastatsua izan zen eguna”. Mugimendua bidea egiten ari den seinale, Dinbi Banda taldeak berehala jaso zuen 2017rako proposamena. “Sambamaña Arrasateko batukada taldeak adierazi zigun eurak jarriko zirela harremanetan udalarekin”. Eta hiru puntek elkarlanean antolatu dute biharko eguna. 10:30ean hasi eta goizaldera arte, egun osoko egitaraua antolatu dute Arrasaten. 2018an Barakaldora joango dira. “Eta haurrentzat gauza bereziren bat antolatzeko asmotan gabiltza, txikienak perkusiora gerturatzeko”.
Maiatzaren 13ra arteko epea zegoen izena emateko, eta, talde gisa, Bizkaiko zortzi eta Gipuzkoako lau izango dira bihar Arrasaten. “Horrez gain, beste hamazazpi pertsonak ere eman dute izena, norbanako gisa”. Berritasun bat ere badaukate aurten. “Mallorcako Sarava taldea gonbidatu dugu”, azaldu du Sukuntzak. “Garrantzitsua da haiengandik ikastea, batukada mugimendu handia dagoelako Herrialde Katalanetan. Eta, bide batez, Euskal Herrian zer-nola antolatuta gauden ikus dezaten ere nahi dugu”.
Sukuntzak azpimarratu duenez, Arabako eta Nafarroako taldeak ere animatu izan dira aurreko urteetan. “Baina zaila da urtez urte batukada talde bat mantentzea, lotura eta antolakuntza lan handia eskatzen baitu”. Ipar Euskal Herriarekin, berriz, “erronka berezia” daukatela aitortu du. “Inoiz ez dugu aurkitu batukada talderik. Perkusioa lantzen dutenak, bai, baina txaranga itxurakoak dira guztiak. Ea etorkizun hurbilean lortzen dugun haiek ere animatzea”.
Goizean, tailerrak
Euskal Herriko Batukaden Topaketa ez da jaiegun soila. “Herriko plazan hasiko dugu eguna, taldeei harrera eginez, eta tailerrak izango ditugu goizean”. Aurretik izena eman duten parte hartzaileentzat izango dira tailer horiek. Txalaparta tailerra (Ttakun txalaparta taldea), panderoa (Arrasateko trikiti eskola), Body percussion-a (Odei Astibia ZoZongo) eta euskal dantzak (Txikitxu-Arrostaitz) izango dituzte. “Elkar ezagutzeko aitzakiarekin”, Orkresta elektrotxarangak girotuta, poteoa eta bazkaria edukiko dituzte ondoren.
Arratsaldean, berriz, herritar guztiei egingo diete gonbita prestatuta dauzkaten ekintzetan parte hartzeko. “Tailer irekiak izango ditugu lehenengo, kalejira ere bai herrian zehar gero, eta 20:00etan hasiko da ekitaldi nagusia, batukada bakoitzaren bost minutuko emanaldiarekin”.
Afari mokadu txiki baten ondoren, 21:30ean hasiko dira kontzertuak, Los Misterios, The Potes eta B.A.R. taldeekin.
Leave a Reply