Kasko lehen, parke orain

Kasko lehen, parke orain

Erik Gartzia Egaña

Errenteriaren birika berdea bezala deskriba daiteke Arramendiko kaskoa. Industrializazioaren eta haren hirigintza ondorioen aurrean bizirik iraun duen eremu zabala da Arramendi. Herriko plazatik 500 metro eskasera dago, eta 160.000 metro koadroko azalera du. Hiru auzo ditu bere perimetroan: Agustinak, Pontika eta Gaztaño. Arramendiren magalean bertan eraikita dago hirugarren auzo hori. Errenteriako Udalak hainbat esku hartze egin ditu, orain arte, espazio berde horretan: herri baratzeak, kantina, naturaren interpretazio zentroa… Ondareari dagokionez, gotorleku bat dago bertan, eta indusketak egin zituzten, baina lan horiek ez zuten izan jarraipenik.

Baina esku hartze global bat egin nahi dute orain parkean, eta horretarako parte-hartze prozesua abiarazi du udalak. Informazio gizartearen eta herritarren parte hartze zinegotzi Eñaut Graciak azaldu duenez, udalaren eta herriko eragileen artean “hurbilketa” izan zen, Arramendin “zerbait” egiteko asmoz. “Auzoz auzo egiten ditugun batzarretan beti ateratzen den gaietako bat da Arramendirena. Gainera, badago kezka bat espazio berdeak urbanizatzeko joerarekin”. Horregatik, “denen artean” erabaki nahi dute zein parke mota nahi duten. “Gertu baditugu eredu batzuk: Fanderiako parkea [txikiagoa], Listorretakoa, Donostiako Gladys Enea…”.

Martxoan abiarazi zuten parte-hartze prozesua. Udalak datuak bildu zituen lehenengo fasean, eta arauak zehaztu: plan berezia, plan orokorra, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmena… Udalaren bideorria markatzen duten gainerako planekin erkatu zituzten arau horiek: Kirol Plana, Ingurumen Plana, Errenteria 2025 Plan Estrategikoa… Eta prozesuaren mugak definitu zituzten modu horretan, dokumentu bakar batean.

Elkarrizketei eskaini diete, berriz, bigarren fasea. Udaleko teknikariekin hitz egiteaz gain, herriko eragileekin bildu zen udala. Mugimendu feminista da eragile horietako bat. “Askotan gertatu izan zaigu prozesu bat abiarazi eta gauzak betaurreko moreekin ez ikustea”, azaldu du Graciak. “Horregatik gonbidatu ditugu mugimendu feministako kideak, beren ekarpena egin dezaten”.

Gaur zortzi hasi zuten hirugarren fasea, hausnartzekoa. Herritarrekin bilera egin zuten, ordura arte egindakoaren berri emateko. Hiru arlotako hizlari bana aritu zen hizketan: Javier Puldain arkitektoa —Paisaiak eta hiri parkeak hitzaldia eman zuen—; Juanma Murua ekonomialaria —Hiri aktiboa eta osasuna—, eta Ixiar Gartzia artista —Gune eta une sortzaileen baldintzak—.

“Gu geu kontraesanetan jartzeko asmoz aritu ziren hizlariak”, azaldu du Graciak. “Buruan zer genuen galdetu ziguten. Kirolgunea, lasai egoteko tokia, ingurumen kontuak… Agian ez da egongo guztientzat lekurik, eta, zentzurik gabeko puzzle bat egin beharrean, koherentzia handiagoko gauzak egiteko aholkua eman ziguten”.

Biharamunean bertan bigarren aldiz bildu ziren eragileak, eta bisita gidatua egin zuten Arramendira. Indarrean dagoen arautegiak parkeari nola eragin ziezaiokeen azaldu zuten bertan, eta bezperako solasaldian esandakoak Arramendin nola zehaztu daitezkeen ikusi zuten. Txangoa bukatuta, lan taldeetan banatu, eta parkearen nortasunari buruz eztabaidatu zuten guztiek. Sei puntu orokor adostu zituzten. Denak bat datoz Arramendik espazio libre eta lasaia izan behar duela. Horrez gain, parkearen mantenuak eta zaintzak bermatuta egon behar dutela galdegin zuten, eta baita erabilera mota ezberdinetako eremuetan banatuta egon behar duela ere.

Parkearen erabilera eta mugak arautzea ere eskatu zuten. Larunbateko bileran parte hartu zutenek ondorioztatu zutenez, Arramendi zaintzeko hezkuntza eta komunikazio kanpaina bat egin beharko dute. Azkenik, gotorlekua baliatuta, “memoria lantzeko beharra” ikusi dute inguruko auzotarrek zein eragileek. Bi bider gehiago elkartuko dira: ekainaren 9an, diagnosia egiteko, eta ekainaren 10ean, hausnartzeko eta akordioen zerrenda ixteko.

Jarraipena, uda bukaeran

Akordio horiek zehaztuta, laugarren eta azken fasean sartuko da prozesua: eragileei itzuliko diete jasotakoa. Graciak azaldu duenez, egindako eskaerak aurrekontuetan nola islatzen diren helaraziko diete. “Eta zehaztapenak ere emango dizkiegu: zein izango den kostua;zein izango diren epe ertainera begirako proiektuak eta zein epe luzerakoak…”. Bide horretan “lehentasunak” zehaztu beharko dituztela gaineratu du. “Esku hartze dezente pilatuko da, eta, errealistak izanda, ezingo dira denak sartu”.

Uda bukaera inguruan elkartuko dira berriz. Ekainaren bukaeran edo uztailaren hasieran egin nahi zuten hasiera batean, baina herritarrei denbora eman nahi izan diete. “Uztailean, herriko festengatik, ez dira egunik egokienak”, zehaztu du Graciak. “Eta, gainera, eragileek eurek tartea behar dute. Adibidez, Gaztañoko auzotarrek gaiari buruzko batzarra egin nahi dute, eta euren erritmoa errespetatu nahi dugu”.

Prozesu horrekin guztiarekin, Arramendirako “ekintza plan bat” egitea ez ezik, hirigintza prozesuetan “ariketa demokratikoak” egitea posible dela erakutsi nahi dute udaleko ordezkariek. Eta beste erronka bat ere badaukate: espazio berdeei buruzko hausnarketa egitea. Horretan ari dira auzotarrak, eragileak eta udala, denak elkartuko diren parkearen etorkizuna marrazten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.