Bizikleta modan dago, eta horri esker ari da zabaltzen Gipuzkoako bidegorri sarea. Donostian geroz eta garrantzi handiagoa dute bizikleta bideek, pertsona askok eguneroko joan-etorriak egiteko erabiltzen baitituzte; landa guneetan, aldiz, aisialdiko bueltak egiteko balio diete gehientsuenei. Hala eta guztiz ere, badira oraindik bidegorri gutxi edo batere ez duten eskualdeak, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea bukatzeko baitago oraindik. Guztira 439 kilometro bidegorri egitea da asmoa; horietatik 152 herri barrukoak lirateke, eta 287, herri artekoak.
Sarritan, ordea, arazoak izaten dira bizikletaz ibilbide luzeak egiteko; herri arteko bideak ez dira beti hiriguneraino sartzen, edo ez dago bide osoa bidegorritik jaitsi gabe egiterik. Izan ere, ez da erakunde bakarra arduratzen zati guztiez: herri arteko bideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak dira; besteez tokian tokiko udalak arduratzen dira.
Diputazioari dagokion zatian, planifikatuta dauden 287 kilometroetatik 92,5 baino ez daude eraikita; %32,2, hain justu. Azken urte erdian bi zati ireki dituzte: Azpeitia eta Lasao lotzen dituena urrian inauguratu zuten, eta Txaparrenekoa, irailean. Azken hori, berez, hiri barruko bide bat da —Herrera eta Ategorrieta lotzen ditu, Donostian—, baina, egin beharreko lanen zailtasuna dela medio, foru aldundiak hartu du bere gain hura eraikitzea.
Aurten beste pixka bat aurreratu nahi dutela azaldu du Unai Erroitzeneak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak, hasierako epeak betetzea kosta egingo zaien arren: “Inbertsioak begiratu beharko dira. Azkenean, egoera ekonomikoak baldintzatuko du; horren arabera, prozesua azkartu liteke, edo mantsotu”.
2012an zortzi milioi eurotik gora erabiliko dituzte Gipuzkoako bidegorri sarean. Diru horrekin hiru zatitako obrak bukatu nahi dituzte: Asteasu eta Zizurkil lotzeko falta den zatian, 611 metroko bidegorria egin nahi dute; Oñatitik Arrasaterako tartean, 3.900 metroko bidea egingo dute Zubillaga auzoraino; eta Donostian, Añorga eta Errekalde lotzen dituena ere aurten amaitu nahi dute. Asmo hori ETS Eusko Trenbide Sarearekin elkarlanean ari dira gauzatzen; izan ere, ETSk tarte horretako trenbidea berritu nahi du, eta lan horiek baliatuko dituzte bidegorria jartzeko.
Beste hiru zatitako obrak ere abiatu nahi dituzte: Andoaindik Urnietarako tartea osatzeko falta den zatikoak; Oñatitik Arrasaterako bidearenak; eta Itsasondo eta Ordizia lotzen dituen bidekoak, hain justu. Erroitzeneak adierazi duenez, beste pare bat zatitarako tramiteak ere hasiko dituzte, obrei 2013 hasieran ekiteko asmoz.
Foru gobernu berriak Mugikortasun Sailean sartu ditu lehenengoz bidegorriak; orain arte, Garapen Iraunkorreko Saila arduratu da horiez. Erroitzeneak azaldu du hori bidegorrien mesederako izango dela: “Ikuspegi orokorrago batetik lantzen da. Bi arloak, garraioarena eta bidegorriena, toki berean lantzen dira; horrek baliabide ekonomikoak hobeto kudeatzeko aukera ematen digu”.
Aisian erabiltzen dute gehien
Bizikletentzako autopista izateko jaio dira, berez, bidegorriak; egunero distantzia laburrak egin behar dituztenek errepidea saihestu ahal izatea da asmoa. Bidegorrien erabilera gorantz doa urtez urte; ostera, askoz gehiago dira txakurra paseatzeko edo korrika egiteko erabiltzen dituzten pertsonak, goizero lanera bizikletaz joateko erabiltzen dituztenak baino. Erroitzeneak emandako datuen arabera, bidegorriak erabiltzen dituztenen artean, lautik hiru oinezkoak dira, eta kasuen %80tan aisialdirako erabiltzen dituzte.
Erroitzenearen ustez, “kultura aldaketa” behar da, bizikletak garraiobide bihur daitezen, eta ez aisialdirako tresna huts: “Hor lan dezente dago egiteko, baina garrantzitsua da mugikortasun aldetik potentzial handia duten guneak lotzea: industrialdeak, lantokiak, ikastetxeak, gertu dauden herrien arteko loturak… Horrek erabilera ere sustatuko du”.
Horretarako, ordea, hankamotz samar dabiltzan bi arlo indartu beharko dituzte: bizikletak garraio publikoarekin bateratzea, eta udal sareekiko koordinazioa hobetzea. Erroitzeneak esan duenez, udalak “erritmo desberdinetan” doaz, eta “konplikatu samarra” da autobusa eta bizikleta bateratzea: “Ematen du errazagoa dela herri barruko autobus geltokietan alokairuzko bizikletak kokatzea”.