Manuel Larramendi XVII. mendeko idazlearen El Imposible Vencido (Ezina egina) lanaren izena bere egin dute Manuel Larramendi Bazkunekoek. Izan ere, krisi gorriaren, bankuko maileguaren eta burokrazia korapilatsuaren erdian eraiki dute egoitza berria: Arantzibia. Andoaingo izen bereko plazan dago, idazlearen jaioterrian. Beterri-Aiztondo bailaran euskal kultura sustatzen duen elkarteak lokal berrian bildu ditu Rikardo Arregi Aldizkaritegia, 111 Akademia eta Erroitz argitalpen zerbitzua —besteak beste, Aiurri tokiko aldizkaria argitaratzen duena—.
Ate gris batetik sartzen da Juan Herrarte arkitektoak diseinatutako egoitza argitsura. Harreratik aldendu gabe, begi-kolpe batean antzeman daiteke lokalaren ezaugarri nagusia: funtzionaltasuna. “Arkitektoak argi izan du hemen askotariko erabilerak konbinatu behar genituela”, azaldu du Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek; “espazioari aprobetxamendua eman behar genion”.
Gardentasuna da nagusi Arantzibiaren 210 metro koadroetan. Kristalezkoak dira bulegoetako ate eta hormak; handia den guneari handitasuna ematen diote.
Proiektu xumea egin zuten hasiera batean. Hala ere, zenbait gauzarekin “xuhurregi” jokatu zutela aitortzen du Unanuek: “Etxaurre soilegia egin nahi genuen, ez genuen gortinarik jartzea aurreikusi…”. Espero gabeko gastu horien ondorioz, Larramendi Bazkunari 61.798,02 euroko galera gelditu zaio. Hori ikusirik, bilera gela, esaterako, erabat ekipatu gabe utzi dute. Hala ere, gune horrek badu altxorrik: Rikardo Arregiren liburutegi pribatua biltzen duen apalategia.
Harreratik aldizkaritegira doan korridorean langileen guneak daude: aldagelak, armairuak, dutxa eta sukaldetxo bat ere bai.
Bide malkartsua
2008an diseinatu zuten proiektua, Andoaingo Huizi doktorea kaleko egoitzaren gabeziek bultzatuta: “Bertako aldizkaritegiak ez zituen baldintza egokiak betetzen: soto bat zen, eta leku premia genuen. Bestalde, beste ekimen batzuk egoitza egoki batean kokatu behar genituen”. Horregatik, Andoaingo Udalarekin leku aproposago baten bila hasi ziren. Aldizkaritegia bertan behera uztekotan ere izan ziren: “Leku faltaz gain, giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik ere ez zuelako”, gogoratzen du Unanuek. Udalak Arantzibia plazako lokalaren azalera eskubidearen jabetza eman zien (40.000 euroko balioa duena). Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 90.000 euroko diru laguntza eta banketxean kostata eskuratutako 200.000 euroko mailegua lortu zituzten.
Dena prest zuten, baina, azalera eskubidea lortzeko izapideek hiru urtez atzeratu zuten lanen hasiera: “Krisi betean, zalantza handiekin hasi genituen lanak. Baina, ordura arte lortutakoa alferrik gal ez zedin, aurrera egitea erabaki genuen”.
Autofinantzabide txikiak eta diru laguntzen murrizketak etorkizuna “beltz” ikusarazten diote Bazkuneko arduradunari: “Likidezia arazoak ditugu, erakunde publikoak oso atzeratuta dabiltza diru laguntzak ordaintzean… Itotzen ari gara. Itxaropena badugu, baina, aurrera egiteko bideak oso gutxi dira”. Ezina, gero eta ezinagoa baita ekinez egiteko.