Elkarlanaren zubi erraldoia

Elkarlanaren zubi erraldoia

Unai Zubeldia

Elkartasuna adierazteaz gain, harremanak sortzea da helburua, elkar ezagutzea eta lekuan lekuko egoeraren berri izatea”. Euskara eta hezkuntza oinarri hartuta, zubi erraldoia eraiki dute Errenteriako Orereta ikastolaren eta Baionako Bernat Etxepare lizeoaren artean. “Hausnarketa prozesu bati ekin genion aurreko ikasturtean”, hasi du azalpena Ainara Aranburuk, Orereta ikastolako Lehen Hezkuntzako irakasleak (Errenteria, 1986). “Argi daukagu gihar handiko ikastola dela gurea, baina ahuldu egin da ikastolek hasieran izan zuten tentsio edo nerbio hori”. 1963an sortutako ikastola da Errenteriakoa, eta 190 langile eta 1.500 ikasle dauzka gaur egun; 900 familia inguru guztira.

Hamabost kilometro eskas daude Errenteria eta Hendaia artean —45 daude Errenteria eta Baiona artean—. “Baina, Lapurditik oso gertu egonda ere, ohartu ginen Orereta ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak ez ginela oso jakitun hango egoeraz. Neurri batean, eroso gaude gu hemen, baina oso gertu daukagu ofizialki euskalduna ez den gune bat, eta, alde horregatik, ardura handia daukagu guk ere”. Egoera horren jakitun, Orereta ikastolak hitzarmena sinatu zuen aurreko ikasturtean Biriatu, Ziburu eta Hendaiako ikastolekin, eta Urruñakoa gehituko zaie aurten. Besteak beste, ikasleen arteko topaketak egin izan dituzte hartu-eman horri esker, “eskutitz bidez eta aurrez aurre”.

Zubi horiek eraikitzen ari zirela iritsi zen Bernat Etxepare lizeoaren Hazten gaitu, hazten dugu kanpaina, abendu aldean. Datorren irailean egoitza berria irekiko du Baionako lizeoak; 400 ikaslerentzat lekua izango du, eta baita 144 lagunentzako barnetegia ere. Hamar milioi euroko aurrekontua du eraikinak —7,2 milioi euro Akitaniako Kontseiluaren diru laguntzari esker estaltzea espero dute—, eta lizeoak bere gain hartu du gelak, jangela, kirol gunea eta barnetegiko materiala osatzeko ardura; 300.000 euro inguru guztira. “Lizeo horretara joaten dira Biriatu, Ziburu, Hendaia eta Urruñako ikasleak, eta, horiekin hitzarmena sinatuta geneukanez, Bernat Etxepare lizeoari ere lagundu beharko geniokeela iruditu zitzaigun”. Besteak beste, joan den maiatzaren 14an autobusa antolatu zuten Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen festara joateko. “Eta zortzi laguneko taldetxo bat ere sortu genuen beharra baldin bazeukaten haiei laguntzeko”.

Baina, Aranburuk argitu duenez, Orereta ikastolako arduradunek ez zuten egin nahi diru bilketa soil bat. “Gaia landu nahi genuen, herria kontura zedin Ipar Euskal Herrian zer gertatzen ari den. Kontzientzia eta mugimendua sortu nahi ditugu”. Lizeoko ordezkariekin elkarlanean, hamabost eguneko kanpaina egiten ari dira Errenterian. “Tarte honetan, lizeoko ikasle batzuk gure ikastolan izan dira, eta baxoari buruzko azalpenak eman dizkiete DBHko ikasleei [goi mailako ikasketetara jauzi egiteko proba]. Besteak beste, baxoa frantsesez soilik egin dezaketela azaldu diete. Elkarrengandik hain gertu egonda ere, errealitatea erabat bestelakoa dela jabetu dira gure ikastolako ikasleak”. Horrez gain, joan den asteartean hitzaldia eskaini zuten Intza Ostolaza Baionako lizeoko irakasleak eta Hur Gorostiaga Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko zuzendariak: Euskararen erronkak Ipar Euskal Herrian.

Orereta ikastolaren jaialdia

Ikasturte amaiera izanik, Ikastolaren Eguna antolatu dute etzirako —tartean, Lehen Hezkuntzako ikasleek urtean zehar buruhandiak egin dituzte Haur Hezkuntzakoentzat, eta kalera aterako dituzte gaur bertan—, eta jaialdia baliatuko dute lizeoko kideei diru ekarpena egiteko. “Mila euro inguru bilduta dauzkagu, eta ekitaldi sinbolikoa izango da”, zehaztu du Aranburuk. Etzi bertan ere, 16:00etatik 19:00etara, diru ekarpena egiteko aukera izango da Esmalteria plazan. Aurretik, ikasleen eta gurasoen ikuskizuna izango da, bazkaria ere bai, eta musika eta DBHko ikasleek lizeokoekin elkarlanean egindako ginkana ere prest izango dute.

Orereta ikastolak sagarrondo bat jasoko du egindako ekarpenaren truke. “Eta ikastolaren ondoko zelaian landatuko dugu, Lehen Hezkuntzako eta DBHko eraikinaren alboan, lizeoarekin sinatutako hitzarmenaren adierazgarri gisa”. Ikastolen garai bateko “tentsioa” berreskuratu nahi dute Errenterian. “Hasierako gogo hori, ilusio hori, guztien parte hartzea, bizitasuna…”. Ikasgelak ikastola barruan soilik ez daudela sinesten dutelako. “Uste dugu guk bakarrik lagun diezaiekegula haiei, baina ez da hala, haiek ere asko irakats diezaguketelako guri; bizitasun handiagoa daukate Ipar Euskal Herriko guraso eta irakasleek. Gu erlaxatu egin gara”.

Sortu berri den elkarlanak fruituak emango dituen itxaropena daukate Orereta ikastolan. “Ikasleen artean harremanak sortzea da helburua, 18 urte bete eta ikastola uzten dutenean ere lotura horiek sendotzen jarrai dezaten. Guk hain presente izan dugun muga hori haustea nahiko genuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.