A. Biain
Gorputza leku batean izan arren burua beste batean duela esaten du Juan Carlos Irizar piano jole eta musikagileak (Oñati, 1951). Herritik kanpo bizi arren, edozein tarte baliatzen du herrira itzuli eta herrimina sendatzeko. Ibilbide luzeko musikariak inspirazio iturri du bere herria.
Nolako herria da Oñati?
Oñatik ez dauka itsasoaren beharrik ere, hain da polita… Ezagutzen dudan barrualdeko herririk politena da. Oso toki ederrean kokatuta dago: naturaz inguratuta. Oso gustuko dut, gainera, eta musika asko egin izan dut horren inguruan.
Herriarentzat ezaugarri berezia da, eta zuretzat ere bai, zure diskoei erreparatuta, behintzat.
Bai, oso esanahi berezia du niretzat ere. Oso natura zalea naiz, eta Oñati oso berezia da; ez dago lekurik ederra ez denik. Esango nuke, ni bezalako sortzaile batentzat, toki aproposa dela lanerako. Herritik asko jasotzen dut nire lanerako.
Inspirazio iturri dira zuretzat, beraz, herria eta inguruak?
Etortzen naizen aldiro zerbait eramaten dut nirekin: ideia bat, argazki bat, paraje bat, energia bat… Hori, ondoren, musikara itzultzen dut, eta herriari bueltan ematen diot. Oparirik ederrena dela uste dut; niretzat hori da musika egitea.
Herriari eta auzoei eskainitako disko bat ere argitaratu zenuen. Herriarentzat oparia izan zen hura ere?
Betidanik izan dut buruan herriari disko bat oparitzeko ideia. Aurrez, Galdakaori eskainita egin nuen antzeko bat —25 urte eman ditu bertako banda zuzentzen—. Oñatirekin zerbait pertsonala egin nahi nuen, eta pianoarekin. Herriari eta auzoei eskerrak emateko modu bat izan zen.
Zubillaga auzoan jaio zinen, herriko beste musikari baten moduan: Aita Madina ere bertan jaio zen.
Kasualitatea da, bai, eta kasualitate polita, gainera. Oso musika desberdina egiten dugun arren, ziur naiz orain biziko balitz denbora asko igaroko nukeela berekin musikari buruz hitz egiten.
Herriko zein txoko duzu gustukoen?
Ezingo nuke bakarra aukeratu. Etortzen naizen aldiro, baina, hilerritik pasatzea gustatzen zait. Ez da sinesmen kontua, energia kontua baizik.
Leave a Reply