Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteak honako dekalogo hau betetzen ahalegintzeko aholkatzen die gurasoei.
1. Elikadura orekatua. Elikagai talde guztiak hartzen dituen dieta egin behar du umeak; hasieratik denetik jaten hasten bada, betiko ohituko da.
2. Dieta mediterraneoa. Oso osasungarria da: janari begetal asko (barazki, fruta, lekariak), zerealak (ogia, pasta, arroza) eta, haragi gorria baino, hegazti eta arrain gehiago jatea. Oliba olioarekin lagunduta, eta gatz gutxirekin.
3. Bost otordu. Gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta, amaitzeko, afari arina. Hamaiketakoan eta askarian, hobe fruta freskoa eta ogitartekoa. Ez da beharrezkoa mokadu gehiago jatea.
4. Jateko orduan. Poliki jan, janaria ondo txikitu, mahaiaren inguruan eseri, familia giroan… eta telebistarik gabe. Haur mizkinek, distraitu, eta ez dute jaten; eta jatunak, berriz, ez dira konturatzen zenbat jaten duten.
5. Ondo gosaldu. Eskolara ondo gosalduta joateak (esnekia, fruta eta zerealak) errendimendu fisikoa eta intelektuala hobetzen du, eta obesitatea saihesten du.
6. Frutak eta barazkiak. Egunero jan behar dira, eta egunean bost anoa jateko aholkatzen da. Esnekia baino postre hobea da fruta. Zuku naturala, egunean bat, eta egin berria.
7. Ura. Behar duen edari bakarra da, eta osasungarriena.
8. Saihestu beharrekoak. Aurrekozinatuak eta gantz aseak dituztenak. Gozokiak eta aperitibo gaziak, jatekotan, neurrian izan dadila. Janaria, batez ere, plantxan, labean, egosia eta lurrunetan egina izan dadila.
9. Haurrak erabaki. Utzi haurrari zenbat jan nahi duen erabakitzen. Izan konfiantza. Hobe da eskaintzea, behartzea baino. Gorputzak eskatzen dien beste jaten dute haurrek. Janaria ez da zigorra; eta ez luke saria izan behar.
10. Ariketa fisikoa. Saiatu egunero ordubeteko ariketa fisikoa egin dezan: patioan korrika, oinez, eskaileretan gora, bizikletan. Horrez gain, saiatu astean bost bider, kirol apur bat gehiago egin dezan.
Leave a Reply