Iragana ez daukate ahazteko

Iragana ez daukate ahazteko

Unai Zubeldia

Erortzeko arriskuan dago eraikina; behea jota dago”. Eta, horregatik, sinadurak bildu eta neurriak hartzeko eskatuko diete Getariako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. “Teilatu zatiak erortzen ari dira, eta ingurua babestu behar izan dute jendea ez hurbiltzeko eta istripurik ez gertatzeko”. Haritz Alberdi Getariako Eskubide Sozialen Kartako kideak (Getaria, 1977) salatu egin du Getariako kofradia zaharraren egungo egoera. “Arkitektura aintzat hartuta, oso eraikin berezia da getariarrontzat, baina bihotzari eragiten dioten balioek daukate pisurik handiena. Eraikin horretan dago getariar askoren iragana, eta belaunaldi gehienek martxan ezagutu izan dugu, funtzio batekin edo bestearekin”.

1919ko irailaren 20an inauguratu zuten Getariako kofradia zaharra, marinelei aterpea eta babesa emateko helburuarekin. “Ohe pila bat zeuzkan kofradia zaharrak, aldi berean 300 pertsonari aterpe eman izan zien”. Gaixo iristen zirenak sendatzeko gune bat ere bazeukan. “Eta, artxiboetako datuen arabera, eskola gisa ere erabili izan zuten”. Ehun urteotan “funtzio asko” izan dituela azpimarratu du Alberdik. “Labe handi bat ere bazeukan barruan, arropak-eta lehortzeko. Oso leku garrantzitsua zen marinelentzat”.

Iraganaren pisuaz jabetuta, “arduraz eta modu eraginkorrean” lan egiteko eskatu diete erakundeei. “Erortzen ez uztea nahi dugu, eta dimentsio bikoitzeko erabilpena ematea: arkitektonikoa eta kulturala. Kanpoaldeko eta barrualdeko estruktura mantentzea nahiko genuke, eta erabilpen anitzeko gune bat sortzea”. Azpeitiko San Agustin kulturgunea daukate adibidetzat. “Baina hausnarketarako prest gaude”. Ezaugarri bati eman nahi diote garrantzia: “Irekia izateari. Eraikuntza horrek, historikoki, erantzun soziala eman izan dio behar bati”. Finantzaketa bera ere hainbat erakunde, kofradia, udaletxe, enpresa eta herritarren artean egin zutela gogorarazi du Alberdik. “Eta etorkizunean ere herritarrei ateak irekita mantendu behar dizkiela uste dugu”.

San Anton mendiari begira

Eraikuntzen erabilera publikoari dagokionez, San Anton mendian ere hesirik ez jartzeko eskatu dute getariarrek. “Irekia da gune hori, publikoa, eta gozatzeko aukera handia dago. Baina itsasargiaren izenean ingurua ixteko arriskua egon zen orain gutxi, bertan hotela eraikitzeko”. Eta horri ere ezetz esan nahi diote getariarrek. “Historiari atea itxi nahi diotelako”.

Lau egun zehaztu dituzte sinadurak biltzeko: gaur eta ekainaren 6an Getariako plazan egongo dira, 18:30etik 20:30era; eta bihar eta ekainaren 9an, ostiralean, kale nagusian —bihar, 12:00etatik 14:00etara, eta ekainaren 9an, 18:30etik 20:30era—. Getarian bizi diren getariarrei bakarrik ez, beste herriren batekoak izanda ere Getarian bizi direnei ere dei egin diete sinadura bilketarako, eta baita beste herri batzuetan bizi diren getariarrei ere. Herritarrek nortasun agiria soilik aurkeztu beharko dute sinatu ahal izateko. Antolatzaileek ez dute zehaztu nahi izan zifrarik. “Helburua ez da sinadura kopuru jakin bat lortzea, gaia plazaratzea baizik, eztabaida eta hausnarketa sortzea”.

Alberdik azaldu du Euskal Herriko eta nazioarteko turistek “harrituta” begiratzen diotela beti kofradia zaharrari. “Ez dute ulertzen nola utz daitekeen eraikuntza bat horrelako egoeran. Sare sozialetan askotan idatzi izan dituzte horrelako mezuak”. Eta getariarrek ere, noski, ez dute ulertzen eraikinaren gaur egungo errealitatea hain eskasa izatea. “Inork ez du ulertzen egoera, ezta arrantzaleek eurek ere”. Getariako Eskubide Sozialen Kartako kidearen hitzetan, neurriak hartzeko eskaera zabaltzen hastearekin batera nabaritu dute mugimendua eta babesa herrian. “Eta ez dugu etsiko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.