Donostia, turismo gune gomendatua 2012rako

Donostia munduko 2012ko hamabost helmuga turistiko gomendatuenen zerrendan jarri du Tripadvisor webguneak. Mundu osoko hamabost gomendioz osaturiko zerrenda azken urtean bidaiariek egindako iruzkinetan dago oinarrituta, eta, zehazki, hamabigarren postuan ageri da Donostia.

Hiriburuko turismo arduradunek zein Gipuzkoako Foru Aldundikoek pozez hartu dute berria. Hala, aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuko zuzendari Roke Akizuk hauxe azpimarratu du: “Donostia eta, hedaduraz, Gipuzkoa gero eta presenteago eta gorago daude bidaiariek turismo webguneetan ezartzen dituzten lehentasun eta gomendioetan”. Gogora ekarri du 2011n eskaintza gastronomikorik onena zuen Europako zortzigarren hiritzat jo zuela Donostia Tripadvisorrek.