Etorkizuna gazteena dela esan ohi da; hala ere, geroz eta gehiago dira pertsona zaharrak. Familia ereduak aldatzen ari dira, baita zaintza ohiturak ere; zahar etxeak eta eguneko zentroak ohiko elementu bihurtzen ari dira familien bizitzetan, eta, pertsona zaharren eta mendekoen bizi-kalitateak gora egin badu ere, ez dago guztiei arreta emateko nahikoa baliabide.
Oraintxe, Gipuzkoan 1.048 pertsona daude zahar etxeren batera sartzeko zain; horietatik 205, mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroetarako. Aurten zaharrentzako eta ezintasunen bat dutenentzako 275 leku berri sortzeko hitza eman du foru aldundiak; hala ere, nahiko argi du luzera beste irtenbideren baten bila hasi beharko dutela.
Aldundiarentzat, gizarte zerbitzuek “lehentasuna” dute, Txelo Perez Ezinduen Arretarako zuzendariak adierazi duenez. Hain justu, sail hori izan da aurtengo aurrekontuetan diru gehiago jaso duen bakarra: 323 milioi euro, iaz baino %7,7 gehiago. Arazoa da kopuru horretako gehiena jada gastatuta dagoela aurreko foru gobernuak hartutako konpromisoetan: “Gu sartu ginenean 31 milioi euro falta ziren ordainketetarako. Beraz, gauza berriak egiteko eduki genezakeen aukera jada ez geneukan”.
Inbertsio berrietarako ez dago, beraz, dirurik. Horren ordez, jada eraikita dauden egoitzetan leku gehiago hitzartzeko asmoa du aldundiak. Aurki Hondarribian irekiko duten Betharram zentroan, esaterako, 88 pertsonarentzako lekua izango da; 58 zahar etxean, eta beste 30 unitate psikogeriatrikoan. Irunen, Lezon eta Astigarragan ere libratu nahi dute lekua jada egokituta dauden lokaletan, eta Zarautzen eta Hernanin ere aztertzen ari dira nola murriztu itxarote zerrendak.
Arazoa, ordea, ez da berria, eta ez da konponduko epe laburreko irtenbideekin. Perezek ondotxo daki orain arteko ereduak ez duela betiko balioko: “Ezin ditugu egin gero eta egoitza gehiago”.
“Bizitza independentea” bultzatu nahi dute. Egoitzen ordez badira beste hainbat baliabide, esaterako, etxez etxeko zerbitzua, eguneko zentroak eta etxea egokitzeko diru laguntzak: “Programa horiek guztiak mantenduko ditugu, eta saiatuko gara, gure aukeren arabera, beste zerbait ere egiten”.
Arreta pertsonalizatua etxean
Pertsona zaharren arretan diharduten eragile gehienek bat egiten dute: zaintza eredu berriak behar dira. Alde batetik, ez daudelako nahikoa egoitza zahar guztientzat, eta, bestetik, ezintasunen bat edukitzeak ez duelako pertsona bat derrigorrez guztiz mendeko egiten. Gainera, zahar gehienek ere nahiago dute euren etxeetan bizitzen segitu, horretarako aukera ematen bazaie.
Ideia horietatik abiatuta diseinatu dute Ingema gerontologia institutuak eta Eusko Jaurlaritzak Etxean Ondo programa. Pertsona bakoitzaren araberako arreta eredua proposatzen dute, etxean bertan. Igone Etxeberria Ingemako Berrikuntza arduradunak argitu du “probako fasean” dagoela proiektua; aurten egingo dute froga, 500 pertsona ingururekin. Gipuzkoako bost herrik parte hartuko dute egitasmoan: Donostiak, Irunek, Tolosak, Zarautzek eta Oiartzunek.
“Proiektu honek erakutsi nahi duena da posible dela pertsona bat bere etxean ahalik eta denbora gehien egotea, horretarako zerbitzuak jartzen bazaizkio”, azaldu du Etxeberriak. Horretarako, pertsona bakoitzaren beharren arabera diseinatutako arreta eredua proposatzen dute: “Pertsonaren bizitzako istorioa kontuan hartzen da, jakiteko zeintzuk diren bere gustuak eta balioak, berak erabaki dezan nola gustatuko litzaiokeen zaindua izatea. Gauza horiek aldez aurretik galdetzen zaizkio, eta horren arabera antolatzen da bere zaintza”.
Programa horrekin, zahar bakoitzak “kasu kudeatzaile” bat edukiko luke, erreferentziazko pertsona bat; beharren arabera, erizain bat edo gizarte langile bat litzateke. “Helburua hori da: koordinazio sozio-sanitarioa hobetzea”. Kasu kudeatzaileak zaharraren egoera aztertu eta baloratuko luke, eta behar dituen zerbitzuak martxan jarri. Batzuk jada existitzen direnak izango dira —etxez etxeko zerbitzua, esaterako—, baina beste batzuk sortu egin beharko dira: “Batzuetan, arazoa da mugikortasun faltagatik ezin dutela liburutegira edo ile apaindegira joan”. Kasu horretan, eskatutako liburua edo ile apaintzailea bera etxera ekarri beharko litzaioke adineko pertsonari.
Helburua, pertsona zaharra “duintasunez, bere zaintzaren protagonista” nola bihurtu asmatzea da, Etxeberriaren hitzetan. Kasu kudeatzaileak senideekin ere izango luke harremana, zaintzaren jarraipena egiteko eta behar berriak identifikatzen joateko. “Pertsona batzuek buruko arazoak dituzte, eta ez daukate euren zaintza erabakitzeko gaitasuna. Kasu horietan, familiaren bidez jasoko litzateke bere bizitzako istorioa, eta horren arabera ikusiko litzateke nola hobetu zaintza, berari gustatzen zaiona eduki dezan”.
Aurten hasiko da proiektuaren froga; epe hori pasata, balorazio bat egingo dute, eta horren arabera erabakiko dute egitasmoarekin aurrera jarraitu edo ez. Zahar etxeetako leku faltari aurre egiteko aukeretako bat dela uste du Etxeberriak: “Oraingo ereduarekin ez da sustengatuko etorkizunean datorkigun zahar kopurua”.
Udal egoitzetako zorra
Gipuzkoan, hamasei herrik dute zaharren udal egoitza bat. Legez, foru aldundiarena da zaharren eta ezintasunak dituztenen egoitzak kudeatzeko eskumena; etxez etxeko laguntzak eta tutoretzapeko etxebizitza lagunduak, berriz, udalen ardura dira.
Gipuzkoako egoitzek zortzi milioi euroko zorra dute; orain arte, udalek hartu dituzte gastu horiek euren gain. Perezek azaldu duenez, legez, eskumenak duela lau urtetatik daude zehaztuta: “2008an egin zen Gizarte Lege berria; oso garbi azaltzen da adinekoen eta ezintasunak dituztenen egoitzak diputazioaren eskumena direla. Hor jartzen du urtebeteren buruan egin behar zela aldaketa, bakoitza bere finantzaketarekin joateko, baina oraindik ez da egin”.
Foru aldundiaren asmoa da egoitzak dituzten udal guztiekin elkartu eta egoera aztertzea. Alde batetik, langile guztiek ez dituztelako baldintza berak, eta, bestetik, bere garaian udal bakoitzarekin hitzarmen desberdinak sinatu zituztelako. “Gure asmoa denekin egotea da, bakoitzari bere egoeraren araberako proposamena egiteko”, adierazi du Perezek.