Mugarik gabeko irudimena

Mugarik gabeko irudimena

Unai Zubeldia

Mugarik ez duen adierazpen artistiko-literarioa da komikia, produkzio aldetik oso merkea, eta baliatu egin behar da hori. Gozamena da, norberaren irudimena delako muga bakarra”. Dani Fano komikilariaren (Donostia, 1968) hausnarketa horri tiraka, gaur arratsalderako gogotik gozatzeko moduko proposamena prestatu dute puntako sei komikilarik: Dzirt-dzart marrazki saio berezia. “Komikilarien artean beti egon izan da ohitura bat-bateko saioak egiteko”. Eta lumarekin bertsotan ariko dira gaur Donostian, Komikigunean, 18:00etatik 20:00etara. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

60-70eko urteetan Frantziako telebista kate publikoan ematen zuten Du tac au tac programa dago ideiaren oinarrian. “Mundiala zen. Sarean bila hasiz gero, hor aurkituko dituzue Hugo Pratt eta Jean Giraud Moebius marrazten; Albert Uderzo eta Maurice De Bevere Morris ere bai… Orduko komikilaririk onenak igaro ziren telebista saio horretatik”. Komikilariek, funtsean, hainbat ariketa egin behar izaten zituzten zuzenean. “Elkarri lagunduz, elkarri zirika, banaka, binaka…”.

Eta ariketa hori egingo dute gaur ere Komikigunean, Iñigo Astiz BERRIAko kazetaria gidari eta zirikatzaile lanetan dela. “Telebista kate horretako ariketarik politenak edo egingarrienak hartu, eta Komikiguneari bidali genion proposamena”, azaldu du Fanok. Astizekin harremanetan jarri ziren arduradunak. “Eta, baiezkoaren ondoren, orduan elkartu ginen guztiok”. Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, Marko Armspach, Ainara Azpiazu Axpi, Joseba Beramendi Exprai, Fano eta Astiz daude guztiok horren atzean. Gidariak egingo ditu gai-jartzaile lanak; Astizek, alegia. “Eta ziur gaude ezustekoren bat edo beste prest izango duela”. Denbora tarte jakin batean egin beharreko marrazkiak; komikilari batek bestearen atzetik osatu beharreko irudiak; bertsotan egin ohi den kartzelako gaiaren gisakoak… “Saltsa pixka bat” sortzeko helburua izango dute komikilariek eta aurkezleak.

Pare bat orduko saioa izango da gaurkoa. “Baina luzatzeko arriskuarekin”, gaineratu du, barrez, komikilari donostiarrak. “Oso emanaldi berezia izango da”. Sona handiko komikilariak dira guztiak. “Eta, askotan, ez da erraza izaten horrelako proiektu baterako elkartzea. Baina hainbeste denbora daramagu horrelako zerbait egiteko gogoz…”. Fanok onartu du aurretik ere egin zutela antzeko jaialdiren bat antolatzeko saiakera. “Baina ez zen gorpuztu, eta ilusioz gainezka esan diogu baietz proposamen honi”.

Komikiak nerabeekin lotu izan dira gehienetan. “Baina argi diot: haurrek ikusi nahi badute, primeran, baina saio hau ez dugu prestatu eurentzat”. Donostiarraren arabera, “Espainiaren eragin nabarmena” dago sailkatze horren atzean. “Espainian haurrentzat eta nerabeentzat egiten dira marrazkiak eta komikiak, baina, 50 kilometro iparraldera joanda, erabat desberdinak dira kontuak; Frantzian askoz errealitate orokorragoa dauka komikiak. 12 urtetik gora dena da zilegi edo denak dira irakurle”.

Erregistro asko dauzka komikigintzak, eta, Fanoren ustez, komikilari guztiek ez dute balio bat-batekorako. “Batzuek nahiago izaten dute etxean lan egitea, eta sekulako komikilariak dira horiek guztiak ere. Baina beste batzuek erregistro clown edo arduragabeago bat daukagu bat-bateko saioetan aritzeko. Oso ezberdina da etxean bakarka egiten dugun lana edo taldean eta bat-batean egiten duguna”. Komikilariak magoak direla adierazi izan du Alan Moore komikilariak. “Eta, pentsatzen hasita, magiatik pixka bat badu gure lanak, bai”.

Komikigintza, “osasuntsu”

Fanoren hitzetan, duela hamar bat urte baino “dezente hobeto” dago komikigintza Euskal Herrian. “Lehen, urtero izaten zen egitasmo edo argitalpen berriren bat, baina horretan gelditzen zen; oso unean uneko kontua izaten zen”. Gaur egun, berriz, proiektu “sendoagoak” daudela nabarmendu du donostiarrak. “Xabiroi komiki-aldizkaria oso egonkortuta dago; H28-k ere bere bidea egiten jarraitzen du; Gregorio Muro komikilariak Harriet edizioak abiarazi zuen; Astiberri proiektua ere oso sendo dago; Txalaparta argitaletxea hasi da tarteka komikiak kaleratzen…”. Irakurlearen edo arte kontsumitzailearen ikuspegia “aldatzen” ari dela uste du Fanok. “Zorionez, komikiak superheroiez haratagoko zerbait izan daitezkeen ustea zabaltzen ari da gizartean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.